Berriak Herri Administrazioa eta Justizia
Eu

Jaurlaritzak enplegatu publikoen urteko lanaldia, ordaindutako baimenak eta aldi baterako ezintasuna adostu nahi ditu sindikatuekin

2013.eko otsailak 17

Funtzio Publikoaren sailburuordeak, Andres Zearretak, «erantzukizuna eskatzen die sindikatuei, igarotzen ari garen egoera ekonomiko larriaren aurrean».

Eusko Jaurlaritzak datorren ostegunerako deitu du (otsailak 21) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren Mahai Orokorraren legegintzaldi honetako lehen bilera. Mahai horretan daude gehiengoa duten zentral sindikalak, 70.000 euskal enplegatu publikoak ordezkatzen dituztenak.

Jaurlaritzaren aldetik, honako hauek joango dira bilerara: Funtzio Publikoko sailburuordea, Andres Zearreta; Funtzio Publikoko zuzendaria, Juan Maria Barasorda; Lan-harremanetako zuzendaria, Estefania Gordoa; eta Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko (IVAP) zuzendaria, Maite Iruretagoiena. 

Gobernuak jakinaraziko die sindikatuei akordio batera iritsi beharra dagoela, «batez ere, 2013ko negoziazio kolektiboko gai garrantzitsu batzuen inguruan, esate baterako, enplegatu publikoen urteko lanaldia, ordaindutako baimenak edota aldi baterako ezintasunagatik (ABE) jasotzen diren ordainsariak osatzeko erregimena». 

Andres Zearreta «akordiorako bokazioz» joango da bilkurara, uste baitu «badagoela tartea 2013an nahitaez behartuak gauden gastuari eusteko neurrien aplikazioa sindikatuekin adosteko» .

Ildo horretan, Funtzio Publikoko sailburuordeak «erantzukizuna» eskatzen die sindikatuei «igarotzen ari garen egoera ekonomiko larriaren aurrean». Izan ere, «euskal gizarteak, oro har, nahitaez nozitu beharko du, bai administrazioaren aurrekontuan 1.200 milioi euro gutxiago izatearen eragina, eta bai egoera sozio-laboralaren larritasuna, dramatikoa pertsona askorentzat dagoeneko».

Andres Zearretak uste du «erabakiak hartzea baldintzatzen ari diren eta hainbat frontetatik datozen lege aldaketen aurrean, segurtasun juridikoa oso beharrezkoa» dela, ez administrazioaren beraren jarduerari dagokionez bakarrik, baita aurreko gobernuen erabaki eztabaidagarriek langileengan izan dituzten eraginei dagokienez ere», baina, era berean, negoziazioa aldarrikatzen du «geurea izango den esparru bat, enplegatu publikoei ahalik eta kalte txikiena egingo diena, aurkitzeko, lehendik ere ahalegin erabakigarria egiten ari den kolektiboa baita».

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)