Berriak Herri Administrazioa eta Justizia
Eu

Eusko Jaurlaritzaren ustez, Legebiltzarrak autogobernuari buruzko eztabaidari berriz heltzeko ordua da

2013.eko otsailak 20

Josu Erkorekak adierazi du ez dagoela gai hau atzeratzeko arrazoirik, «Legebiltzarrak Euskadiko soziopolitikaren konplexutasuna zehatz islatzen baitu orain», indarkeria terroristarik gabe eta legez kanpoko alderdirik gabe.

 

Eusko Jaurlaritzak «kargudun publikoen kopurua % 20 murrizteko eta erakundeen sarea birdimentsionatzeko» konpromisoa hartu du, eta «Euskal Administrazio Publikoari buruzko Lege» berria aurkeztuko du, «gardenagoa eta herritarrentzat ulergarriagoa izan dadin eta partaidetzara susta dezan».
• Goi kargudun guztiek eta konfiantzazko langileek «Etika eta Gobernu Onaren Kode» berria sinatuko dute, «gobernari zintzoaren, zuzenaren eta hutsik gabekoaren jokabide publikoari buruzko eredua ezartzeko» eta «gizarteak klase politikoarenganako konfiantza berreskuratzeko».
• Josu Erkorekak azpimarratu du Jaurlaritzak «enplegu publikoari eusteko» konpromisoa duela, eta Funtzio Publikoari buruzko Legea eguneratuko duela «giza kapitala XXI. mendeko Euskal Administrazio Publiko berria diseinatzeko funtsezkoa izan dadin».
• Jaurlaritzak «Udal Legea» hitzartuko du, Euskadiko instituzioen eta erakundeen espazioak behar bezala egituratzeko.
• «Doako Justiziaren Dekretua aldatuko dugu» kolektiborik ahulenei doako laguntza juridikoa jasotzeko eskubidea bermatzeko, eta bitartekaritzaren alde egingo da, gizarteko gatazken etengabeko judizializazioaren ordez.
• Jaurlaritzak «IV. Gazte Justizia Plana» sortuko du, gazte arau-hausleak gizarteratzeko eta biktimei eragin dizkieten kalteez kontziente izan daitezen.

Justizia eta Herri Administrazio sailburu Josu Erkorekak Eusko Legebiltzarreko Batzordean hitz egin du gaur, Justizia eta Herri Administrazio Sailaren X. Legegintzaldiko ildo nagusiak eta egitasmoak azaltzeko.

Hasteko, Gernikako Estatutua moldatzeko une egokia dela adierazi du. Erkorekaren ustez, «Legebiltzarrak gaiari heltzeko» unea da. Izan ere, orain «Euskadiko konplexutasun soziopolitikoa zehatz islatzen du», eta haren osaeran ez dago «indarkeria terroristaren edo asmo ilegalizatzailearen ondoriozko» aldaketarik.

Justizia eta Herri Administrazio sailburuaren iritziz, «ez dago gai hau atzeratzeko arrazoirik. Autogobernua duten autonomia erkidegoen etorkizunaren gaineko eztabaida puri-purian dago; beraz, ez da zentzuzkoa Euskadi isilik geratzea eta horri buruzko ezer esaten ez duen bakarra izatea».

EGITEKO DAUDEN TRANSFERETZIAK

Bestalde, Josu Erkorekak argi adierazi du, Legebiltzarrak gai horri heltzen dion bitartean, Eusko Jaurlaritzak «Espainiako legediaren segimendu zorrotza» egiten jarraituko duela, ez ditzan gure eskumenak urratu eta «egungo estatutu osoa bete dadila» eskatuko du. Hala, Eusko Jaurlaritzak ondoko eskumen hauek exijituko ditu, besteak beste:

• Gizartearen arloan, «Gizarte Segurantzaren erregimen ekonomikoaren kudeaketa» funtsezko transferentzia moduan.
• Arlo ekonomikoan, «kreditu, banku eta aseguruei» buruzko eskumenen transferentzia, Eusko Jaurlaritzak EAEn soilik edo EAEn batez ere jarduten duten finantza-erakundeen ikuskaritza publikoan parte har dezan.
• Arlo instituzionalean, zigor-erakundeen transferentzia, «Estatutuaren 12. artikuluan zalantzarik gabe exijitutako ezinbesteko pieza moduan».
• Azpiegituren arloan, «portuen, aireportuen eta trenbideen» transferentzia.

SEKTORE PUBLIKOAREN BIRDIMENTSIONAMENDUA

Halaber, Justizia eta Herri Administrazio sailburuak goi kargudunen eta Gobernuaren konfiantzazko langileen kopurua «% 20 txikitzeko» konpromisoa hartu du, baita Euskal Administrazio Publikoarekin lotura duen edo horren mende dagoen instituzioen, fundazioen eta enpresen sarea ere.

Era berean, «Euskal Administrazio Publikoari buruzko Lege» berria aurkeztuko duela azaldu du, Euskadiko sektore publikoa birdimentsionatzeko eta arrazionalizatzeko bidean, «gardena eta herritarrentzako ulergarria izan dadin eta partaidetza bultza dezan». «Herritarrei kalitate handiko informazioa azkar eta eraginkortasunez ematen zaiela bermatu behar dugu, bide egokiaren bitartez eta terminologia sinplea erabiliz», esan du.

Gainera, Josu Erkorekak Eusko Jaurlaritza honek «enplegu publikoari eusteko» konpromisoa duela azpimarratu du, baita «administrazioko langileak trebatzeko eta motibatzekoa ere» «kalitatezko zerbitzu publikoa eskatzen duen gizartearen aurrerapen teknologikoei eta erronka gero eta ugariagoei eraginkortasunez erantzuteko».

Funtsean, «langile publikoak XXI. mendeko sektore publiko berriaren funtsezko pieza» bihurtzearen alde egin du, eta horretarako, «Funtzio Publikoaren Legea» eguneratuko dutela adierazi du.

ETIKA ETA GOBERNU ONAREN KODEA

Josu Erkorekaren ustez, «ezin dugu onartu gutxi batzuen jardunbide okerrek arlo publikoan lanean ari diren hainbeste lagunen lan ona zalantzan jartzea», eta «egungo Jaurlaritzako goi kargudun eta konfiantzazko langile guztiek hilabete igaro aurretik «Etika eta Gobernu Onaren Kode» berria sinatuko dutela azaldu du, «gizarteak agintari zintzoaren, zuzenaren eta akatsik gabearen profil bertutetsua ezarritako jokabide publikoaren ereduan islatuta ikus dezan» eta «gizarteak klase politikoarenganako konfiantza berreskura dezan».

DOAKO JUSTIZIA

Bestalde, Josu Erkorekak «Doako Justiziaren Dekretua» aldatuko dutela esan du «kolektiborik ahulenei doako laguntza juridikoa jasotzeko eskubidea bermatzeko».

Dekretu horren ondorioz abokatuen eta prokuradoreen artean sortu den gatazkaren jakitun, Justizia sailburuak azaldu du Eusko Jaurlaritzak aipatutako araua berrikusiko duela eta profesionalen «jarduerak ordaintzeko funtsa sortzeko aukera aztertuko duela».

BITARTEKARITZA

Gainera, Justizia eta Herri Administrazioko sailburuak «gizarteko gatazken etengabeko judizializazioaren ordez» bitartekaritza erabiltzearen aldeko apustu argia egin du, eta gaur egun dauden bitartekaritza-tresnak eta zerbitzuak indartzeaz gain, oraindik bitartekaritza erabiltzen ez duten arloetan ezartzea sustatuko duela esan du.

ADINGABE ARAU HAUSLEAK

Josu Erkorekak azaldu du «IV. Gazte Justizia Plana» abian jarriko dutela, adingabe arau-hausleen gizarteratzeari dagokionez, Euskadi abangoardian egon dadin. Gainera, sailen arteko ikuspuntutik egingo dute.

Adingabeak zentroetan daudenean eragindako kalteak uler ditzatela eta, trebakuntza-prozesu egokien bidez, gizarteratu daitezela da planaren xedea.

Bestalde, Justizia sailburuak Zumarragako Ibaiondo adingabeen zentroa zaharkituta dagoela egiaztatu du, eta instalazioak hobetzeko lanei lehentasuna eman behar zaiela azaldu du.

UDAL LEGEA

Justizia eta Herri Administrazioen Sailburuak, halaber, «EAEko Udal legea sortzeko eta onartzeko behar objektiboa» azaldu du, eta «guztion artean Euskadiko instituzioen eredua ezarriko duen legea sortzeko adostasuna» eskatu du, «udal autonomiaren printzipioa behar bezala artikulatu ahal izateko, foruen eta EAEko erakunde komunen eskumenen espazioarekin». «Helburua Euskadiko administrazio publikoak oro har herritarren beharrak eraginkortasunez erantzutea da», esan du.

LEGEGINTZAKO BESTELAKO ALDAKETAK

Azkenik, Josu Erkorekak adierazi du zuzentzen duen sailak «eguneratzeko beharra duten» beste lege batzuk aldatzea proposatuko duela legealdi honetan, besteak beste:

• Fundazioen Legea
• Euskal Herriko Foru-Zuzenbide Zibilari buruzko Legea.
• Administrazio autonomikoaren epaiketetan defentsa eta ordezkaritza erregulatzeko legea.

 

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @aitordelavilla
    2013.eko otsailak 21

    Comentario de Twitter:
    "Onarpenak ez du esan nahi, Euskal Herriari gisa historian barrena dagozkiokeen eskubideei uko egiten zaienik." http://t.co/EL4qIDGfGA

Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)