Berriak Osasuna

Gripeak ugaritzen jarraitzen du EAEn, aurreko asteetan baino apalago bada ere

2013.eko otsailak 13

Adin pediatrikoaren barruko taldeek bizi dute gripearen eragin handiena; ospitaleratutako kasu gehienak bost urtetik beherako haurrak izan dira

Ospitaleratze larri guztien erdiek arrisku-faktoreak zituzten, eta batek ere ez zeukan txertoa ipinita

Urteko seigarren astean, gripe kasuak ugaritu egin dira berriro ere EAEn, nahiz eta igoera hori ez den izan aurreko asteetan erregistratutakoa bezain larria.

Mediku Jagoleen Sareak jakinarazi duenez, gripearen intzidentzia-tasak 262,15 kasu erregistratu ditu seigarren astean 100.000 biztanleko; aurreko astean, berriz, 233,26 kasu erregistratu ziren.

Adin pediatrikoaren barruko taldeek izan dute gripearen eraginik handiena aste honetan ere: 893,88ko tasa izan da 0-4 urte bitarteko haurretan, eta 992,79koa 5-14 bitartekoetan.

Ospitaleratutako kasu larriak

Kanpaina hasi zenetik, gripearekin ospitaleratutako zortzi kasu larri izan dira, eta bost urtetik beherako adin-taldean erregistratu da kasurik gehien (% 37,5).  Pazienterik helduenak 68 urte zeuzkan.

Ospitaleratze horietatik zazpik pneumonia garatu dute, eta beste bi zainketa berezien unitatera eraman behar izan dituzte. Halaber, haietatik erdiak, lau kasutan, arrisku-taldeko pertsonak ziren. Talde horretako pertsonei gripearen aurkako txertoa gomendatzen zaie, baina haietatik batek ere ez zeukan hartuta. Horrenbestez, nabarmendu behar da zer-nolako garrantzia duen txertoak arrisku erantsiak dauzkaten pertsonetan prebentzio-neurri gisa; izan ere, infektatuz gero, gaixotasunak ondorio oso larriak ekar diezazkieke pertsona horiei.

Lehen-mailako arretako kontsultak

Gripearen sindromeek eragindako kontsultak % 14 ugaritu dira Osakidetzaren lehen-mailako arreta-zentroetan aurreko astearekin alderatuta (aurrekoan 1.600 kontsulta artatu ziren).

Gipuzkoan erregistratu dituzte kontsulta gehien; ondoren Araban, eta gutxien, berriz, Bizkaian. Osasun-eskualdeei erreparatuta, Goierri-Urola Garaian izan dira kontsulta gehien, eta barrualdean, berriz, gutxien.

Gripeari buruzko informazio guztia hemen duzu: http:www.euskadi.net/gripe

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan