Berriak Enplegu eta Gizarte Gaiak
Eu

Agerraldia: Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburua. Haitiko lurrikara dela eta, Eusko Jaurlaritzaren jardunen berri emateko. (2010-03-10)

2010.eko martxoak 10

 

ENPLEGU ETA GIZARTE GAIETAKO SAILAK HAUR ESKOLA BAT BERRERAIKIKO DU ETA ADINGABEEN ZENTRO BAT HAITIN

 

  • Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburu Gemma Zabaletak iragarri duenez, Eusko Jaurlaritzak lankidetza-proiektu iraunkorrak sustatuko ditu.
  • Sailak euskal eraikuntza-enpresen esku utzi nahi ditu haurrei laguntzeko zentroak eraikitzeko eta haur-eskola berreraikitzeko lanak

 

"Ez dugu Haiti ahaztu, eta ez dugu ahaztuko" Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburu Gemma Zabaletak Legebiltzarrean hitz egin du gaur, Amerikako kontinenteko herrialde txiroenak jasandako lurrikara lazgarria dela-eta Eusko Jaurlaritzak egin beharreko jardunen berri emateko, eta goian aipaturiko hitzak erabili ditu bere hitzaldiari hasiera emateko.

Eta hitz horiekin aditzera eman nahi izan du Jaurlaritzak berreraikuntza-lanetan parte hartu nahi duela, baita etorkizunean Karibeko herrialdeari laguntzeko lanetan ere; horren haritik, sailburuak honako hau erantsi du: "krisialdiak ezin du gure begirada mugatu, bolada txarrak ezin du elkartasuna ukatu".

Horren ildotik, Zabaletak zera iragarri du, Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak, UNICEFekin elkarlanean, lankidetza-proiektu integrala sustatuko duela, Puerto Principen haur, nerabe eta emakume haurdunei laguntzeko zentroak garatzeko, baita Jacmelen haurrentzako eskola bat berreraikitzeko ere, CROSE tokiko GGKEen sarearen laguntzarekin. "Eta eraikuntzaren zenbait euskal enpresari eskatu nahi diegu proiektu horrekin bat egitea", nabarmendu du sailburuak.

GGKEak dira agente nagusiak lankidetzaren arloan, baina Haitiko hondamendia oso latza izan da, eta horregatik beharrezkoa da balio erantsiko lankidetza mistoko ekintzak bultzatzea, sailburuak azpimarratu duenez. Garapen Lankidetzari buruzko Legeak aintzat hartzen du beste aktore batzuen -enpresen, esaterako- laguntza teknikoa baliatzeko aukera, baldin eta esku-hartzearen ezaugarri teknikoek horrelakorik eskatzen badute. Horregatik, koordinatzeko eta berreraikitzeko bigarren fasean, Saila zenbait aldiz bildu da hainbat enpresarekin, eta laguntza eskatu die zenbait proiektu aurrera ateratzeko, hala nola Jacmelen haur-eskola bat berreraikitzeko eta haurrei laguntzeko hainbat zentro garatzeko.

Gemma Zabaletak Giza Eskubideen eta Herritarren Eskaeren Batzordeko kideei gogora ekarri die elkartasunezko ezin konta ahala mezu jaso dituela lurrikararen ondoko une latzenetan, eta ildo horretatik euskal herritarren portaera ezin hobea goraipatu nahi izan du.

Gizarte Gaietako titularrak banan-banan aipatu ditu lurrikara suntsitzailearen berri izan zuenez geroztik Sailak burutu dituen jardun guztiak: "larrialdi-fasean, gure ahalmenak mobilizatu genituen, eta jarraian, larrialdiaren ondoko fasean jarduteko ildo nagusiak ezarri genituen, garapenerako gobernuz kanpoko erakundeekin koordinatuta". Gainera, lurrikararen ondoko egunetan, lehendakariak 200.000 euroko hasierako zuzkidura iragarri zuen, ekintza humanitarioko proiektuak diruz laguntzeko larrialdi-laguntzako ildoari loturik.

Aldi berean, GGKEek esku hartzeko lehen proposamenak bidali zizkioten Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailaren Garapen Lankidetzarako Zuzendaritzari, eta proposamen horiek 313.200 euroko laguntza jaso dute guztira. Proiektuek honako xede hauek izan dituzte: edateko ura banatzea eta edateko ura arazteko makinak ezartzea (Euskadiko Gurutze Gorria), haur eta emakumeen oinarrizko premiak estaltzea Puerto Principen (UNICEF-Euskadiko Batzordea), eta mantak, elikagai kit-ak eta larrialdietarako eta osasun-materialeko kit-ak banatzea (IZAN GKE).

Gainera, BBKren 700.000 euroko ekarpenari esker, SERSO GKEaren (73.000 euro) eta ACPP Fundazioaren (30.000 euro) proiektu bana diruz laguntzeko aukera izan da, eta, horri esker, hondamendi horretarako eta beste batzuetarako larrialdiko laguntza-ildoak 2 milioi euroko soberakinari eutsi ahal izan dio (Garapen Lankidetzarako Zuzendaritzaren 1,5 milioi euro eta BBKren 600.000 euro Haitiko herriarentzat). Estrategiari dagokionez, Lankidetzarako Euskal Kontseiluak Haitiko herrialdeari lehentasuna emango dio garapen-jardunak abian jartzerakoan.

 

Bideragarritasun Plana

Bestetik, Gemma Zabaletak iragarri du Eusko Jaurlaritzak Haitiren "Bideragarritasun eta Eraldaketa Planean" parte hartzeko konpromisoa hartu duela, Nazioarteko Lankidetzarako Espainiako Agentziarekin elkarlanean. Datorren apirilean New Yorken egingo den nazioarteko konferentziak zehaztuko ditu azpiegituren alorrean eta Haitiko sistema zibila eta politikoa berreraikitzeko garatu beharreko ekintza guztiak.

Etorkizun hurbilari begira, sailburuak honako hau ziurtatu du: "Eusko Jaurlaritzak lankidetza-proiektu iraunkorrak sustatu nahi ditu; proiektu mistoak izango dira, eta arlo horretan esperientzia duten GGKEek Eusko Jaurlaritzaren ahalmenak eta borondatezko emaitzak uztartuko dituzte". Horretarako, lurrikara gertatu zenez geroztik Sailak GGKEen eskutik jasotako ekarpen eta iradokizun guztiak hartuko ditu aintzat.

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Beste gonbidatu batzuk
  • Gemma Zabaleta