Berriak Enplegua eta Gizarte Politikak
Eu

VISESAK sustaturiko proiektu batek saria jaso du arkitektura berritzaileari eta jasangarriari buruzko lehiaketa batean

2013.eko otsailak 12

Visesa sozietate publikoak Bermeon 2007an babes ofizialeko 50 etxebizitza bioklimatiko egiteko sustaturiko hirigintza-proiektua Gaztela eta Leongo Juntaren aitorpen publikoa jaso du, diseinuan eta eraikuntzan ingurumenarekin loturiko irizpideak eta alderdiak txertatu izanagatik.

Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailari atxikitako Visesa sozietatearen proiektuak Premios Construcción Sostenible lehiaketako saria jaso du. Lehiaketa Gaztela eta Leongo Juntak antolatzen du bi urtean behin, eta helburua garapen jasangarria eta ingurumena errespetatzen duten eraikinak sustatzea eta haien eraikuntzan alderdi berritzaileak eta jasangarriak bultzatzea da.

Gaurkoan Valladoliden saria jaso duen proiektua Ramón Ruiz Cuevas eta Adolfo Moro Quintana arkitektoena da, eta CADEM erakundeak emandako «A» energia-kalifikazioa du. Epaimahaiaren hitzetan, saria emateko erabakigarriak izan dira proiektuak oztopo topografikoei emandako konponbideak eta ingurumena errespetatzen duten materialak erabili izana.

Bi mailatan kokaturiko bi plaza publiko moldatzeko bi eraikin sortzea planteatu zuen arkitekto taldeak. Plazetako bat eguratsetik oso babestuta dago, eta besteak «itsasoarekin eta paisaiarekin elkarrizketan dihardu, ingurunera irekitako balkoi baten moduan», egileek memorian jaso dutenez.

Eraikinen kokapenari dagokionez, arkitektoak Euskal Herriko baserrietan oinarritu ziren, eta eguzkiaren argia ondoen aprobetxatuko duten lekuan planteatu dituzte.

Horregatik daude bi eraikinak eguzkiari begira eta iparraldeari itxita. Hegoaldeko fatxada baso jasangarrietako egurrarekin dago eraikita, eta eguzkia modu pasiboan atzitzeko planteatuta dago, alegia, leiho handiekin, eguzkiaren erradiazioa kontrolatuko duten brisoleiekin eta inertzia termiko handia duen harri-iluneko zoladurarekin. Leihoek kristal bikoitza dute eta emisibitate baxukoak dira, euri-ura biltzeko andelak ditu ureztatzeari begira, eta berokuntza-sistema zentralizatua du tenperatu baxuko gas naturalezko galdararekin. Bestaldetik, iparraldeko fatxadan zeramikazko adreilu zuria erabili zen.

Elementu komunak, esaterako kolektoreak, ur-tangak, eta abar arkitekturan integratuta daude.

Construcción Sostenible sarien laugarren edizio honetan autonomia-erkidego guztietako 68 proiektuk parte hartu dute, baina Madrilgo, Kataluniako eta Euskadiko proiektuak izan dira ugarien.

IISBE (Internacional Initiative for Sustainable Built Environment) nazioarteko erakundeak 2008an Melbournen egin zen Eraikuntza Jasangarriko Munduko Kongresuan (SB08) Espainiaren ordezkari izateko aukeratu zuen Bermeon babes ofizialeko 50 etxebizitza bioklimatiko eraikitzeko proiektua.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko