Berriak Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoa
Eu

Euskadi, merkataritzarako goi kalitateko ziurtagiri bat bultzatzen duen lehen erkidegoa

2010.eko martxoak 10

 Merkataritza eta Turismoko sailburuorde Pilar Zorrillak Merkataritza Bikaina proiektua aurkeztu du, aurten 250 enpresa erakarri nahi dituena

 Eusko Jaurlaritzak Merkataritza Bikaina proiektua aurkeztu du gaur, eta horri esker Euskadi izango da merkataritza-sektorerako kalitate-ziurtagiri bat bultzatuko duen lehen autonomia-erkidegoa; une honetan indarrean dagoena baino kalitate-maila handiagoa izango du ziurtagiri horrek.

 Orain artean, saltokiek oinarrizko ziurtagiri batekin, UNE 175.001 arauarekin, bat egiteko aukera izan dute, bezeroaren arretari loturik. Ondorengo bikaintasun-mailak zilarrezko Q eta urrezko Q dira, eta horiek lortzeko oso baldintza zorrotzak bete behar dira.

 Eusko Jaurlaritza, sektorean kalitatea sustatzeko eta bikaintasuna lortzeko ahaleginean, bitarteko ziurtagiri berri bat sortu du. Merkataritza eta Turismoko sailburuorde Pilar Zorrillak eta Merkataritzako zuzendari Maite Valmasedak proiektua aurkeztu dute gaur, beste ezein autonomia-erkidegotan aurrekaririk ez duena.

 2007. urtearen erdialdean, Eusko Jaurlaritzak bat egin zuen Industria, Merkataritza eta Turismo Ministerioak abian jarritako ekimenarekin, eta, horren ildotik, merkataritza-sektorearen eskura laguntza-ildo bat jarri zuen bezeroaren arretarako UNE 175.001 ziurtagiria lortzeko. Laguntza-ildo hori kudeatzeko, Euskaliten eta zenbait erakunde traktoreren -Euskomer eta Merkataritza Ganberak- laguntza izan du.

  1.176 saltokik lortu dute ziurtagiria

 Programa bi urte eta erdian egon da indarrean Euskadin, eta emaitza positiboa izan da benetan. Guztira 1.274 saltoki aurkeztu ziren programara, eta gaur egun, 2009. urtearen amaierara arte, 1.176 saltokik lortu dute UNE 175.001 arauari loturiko ziurtagiria. Hala, prozesua hasi duten saltokien % 92k lortu du Q Merkalitatea ziurtagiria.

 Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoko Sailak oso balioespen positiboa egin du programaren inguruan, areago kontuan hartuta sektoreak ezin hobeto erantzun duela. 2010. urtean ere, ziurtagiriak jarraituko du saltokiei kalitatearen kontzeptuan sartzeko aukera ematen. Nolanahi ere, Eusko Jaurlaritzak "beste urrats bat egin" nahi du, Merkataritza eta Turismoko sailburuorde Pilar Zorrillak azaldu duenez. "Gure ustez, aurrera egin behar dugu gure merkataritzak bikaintasunerako bidea har dezan, hau da, negozioaren eremu guztiak etengabe hobe ditzan".

 Horretarako, proiektuak, lehenik eta behin, erreferentziazko esparru bat zehaztu eta garatu du merkataritzarako, Europako kalitate-eredua edo EFQM oinarritzat hartuta. Izan ere, hutsune handia zegoen ziurtatze-maila oinarrizkoenaren -UNE 175.001 araua, EFQM bikaintasun-ereduaren 100 puntu lortzearen parekoa- eta maila gorenen artean, zilarrezko Q eta urrezko Q ezagunei dagozkienak (400 eta 500 puntu, hurrenez hurren).

 Proiektu hori abian jartzeko, bitarteko mailaren 200 eta 300 puntuak lortzeko eredua zehaztu eta garatu behar izan dugu (bikaintasuna lortzeko, 300 puntu behar dira gutxienez). Hala, 200 puntuko eskalan, Eusko Jaurlaritzak 'Q bikaintasuna helburu' ziurtagiria sortu du, eta 300 puntuko kotan, berriz, 'Brontzezko Q' ziurtagiria . Eredua zehazteko, Eusko Jaurlaritzak elkarlanean jardun du Euskalitekin eta zenbait erakunde traktorerekin -Euskomer eta Ganberak-.

 GOIKO IRUDIAREN ERDIAN: la excelencia es nuestro objetivo: bikaintasuna helburu

 Bitarteko maila hori ezartzea urrats handia da, merkataritzak enpresen, gizartearen eta erakundeen onespena jaso ahal izango duelako 100 puntu gehiago lortzen dituen bakoitzean, eta hori motibazio nahikoa izango da sektorearentzat bikaintasunaren bideari ekiteko, areago oraindik kontuan hartzen badugu sektorea oso atomizatuta dagoela, batez beste 2,6 langilek jarduten baitute saltoki bakoitzean.

 % 90eko diru-laguntza

 Eusko Jaurlaritzak honako 5 alderdi hauek landuko ditu bereziki: estrategia eta planak, pertsonak, bezeroak, prozesuak eta emaitzak. Gainera, saltokiek proiektuarekin bat egin dezaten errazteko, Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak diru-laguntza bat jarriko du abian, "merkataritza bikaina" ziurtagiria lortzeko prozesuarekin zerikusia duten gastuen % 90 estaliko duena.

 Jaurlaritzak helburu jakin batzuk lortu nahi ditu proiektu horrekin. Batetik, UNE arauaren ziurtagiria duen merkataritzaren % 20k enpresa-bikaintasunerako etengabeko hobekuntzako prozesua hastea. Horrek esan nahi du 250 saltokik egin beharko dutela bat proiektuarekin. Gainera, Sailak espero du 250 saltoki horietatik 50ek, gutxi gorabehera (% 20), beste maila bat hobetzea, eta, horrekin batera, beste zenbait saltoki erakartzea.

 Vitoria-Gasteiz, 2010eko martxoaren 10a

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)
Beste gonbidatu batzuk
  • Pilar Zorrilla