Berriak Segurtasuna
Eu

Segurtasun Sailak Larrialdietako Plan Bereziaren zero maila jarri du abian uholde-arriskuagatik

2013.eko otsailak 11

Abian jarri dira Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako esku-hartze eta babes zibileko zerbitzuak, datozen orduetarako iragarri diren euriteak eta olatu handiak direla eta

Eurite indartsuak aurreikusten dituzten eguraldi-iragarpenak kontuan hartuta, Estefanía Beltrán de Heredia Segurtasun sailburuak uholde-arriskuagatiko Larrialdietako Plan Bereziaren zero maila jarri du abian, eta ondorioz, jakinaren gainean eta aktibatuta daude Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako esku-hartze eta babes zibileko zerbitzuak.

Larrialdi-maila hori oraindik lehertu ez diren baina eguraldi-iragarpen txarrak dituzten egoeretan jartzen da abian.

Halaber, aurreabisu-egoeraren berri eman zaio besteak beste Eusko Jaurlaritzak, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundiek eta uholdeak jasateko arriskua duten udalerrietako alkateek osatzen duten Aholkularitza Kontseiluari, baina kontseilua ez da deituko abisua alerta mailara iritsi arte.

Halakorik gertatuz gero, Aholkularitza Kontseilua bildu egin beharko da euriteek eragindako ondorioak leuntzera bideratutako lanak koordinatzeko egokitzat jotzen dituen neurri guztiak hartzeko.

Era berean, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako esku-hartze eta babes zibileko zerbitzuak ere (Ertzaintza, suhiltzaileak, udaltzaingoak, boluntario-taldeak, etab.) jakinaren gainean jarri eta mobilizatu egin dira, uholdeak gerta baitaitezke bihar egunsentian hasi eta egun guztian zehar.

Halaber, batez ere Larrialdiak Koordinatzeko SOS Deiak Zentroak, URA Ur Agentzia eta Euskalmet Euskal Meteorologia Agentzia Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ibaietako punturik ahulenen jarraipen intentsiboa egiten ari dira.

Euriteengatiko eta olatuengatiko alerta laranjak

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak gaur (astelehena) arratsaldean hasi eta bihar (asteartea) arratsaldera bitartean abian jarri ditu euri metatuagatiko eta olatu handiengatiko alerta laranjak.

Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailaren mendeko Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziaren arabera, alerta biak dira ipar-mendebaldetik sartuko den denborale baten eta fronte ezberdinak zein ezegonkortasun-ildoak izango dituen borraska baten etorreraren ondoriozkoak.

Euskalmeten aurreikuspenen arabera, gaur arratsaldetik aurrera zaparrada ertainak egongo dira, ekaitzak, txingorra eta mendebaldeko eta ipar-mendebaldeko haize zakarra tarteko direla. Halaber, itsasoaren egoerak nabarmen egingo du okerrera eta marea biziak ere egongo dira. Elur-maila ere nahiko garaiera txikietan mantenduko da.

Hori guztia ikusita, badirudi asteazkenera arte, hilak 13, luzatuko dela denboralea, eta ordutik aurrera arintzen joango dela.

Euskal Meteorologia Agentziaren ustetan, euri ugari egingo du gaur arratsaldean hasi eta biharko (hilak 12) egun guztian zehar, bereziki eguneko lehenengo partean. Litekeena da orduan euri-jasez gain ekaitza eta txingorra ere erortzea.

Litekeena da 24 orduan 80 l/m2 baino gehiago metatzea kantauriar isurialdeko zenbait puntutan, eta elur-maila 500 eta 700 metro bitartean egongo da, beraz, elur-jasak oparoak izango dira eta pilatuko den elurrak metro erdiko garaiera gaindi lezake berriro. Gaur eta bihar artean jasango dugun fronteetako baten konfigurazioa izango da pilatutako gehienezko kopurua eta elurterik handiena jasoko duen eremua zehaztuko dituena, baina nabarmendu beharra dago prezipitazioak ugariak izango direla eta kantauriar isurialdeari eragingo diotela bereziki.

Haizeari dagokionean, mendebaldeko eta ipar-mendebaldeko bolada gogorrak espero dira: 110 km/h kostaldean eta mendialdean, eta 80 km/h EAEko gainerako tokietan, bereziki Bizkaian eta Gipuzkoan. Haize gehien egingo duen unea gaur arratsaldea eta bihar (asteartea) goizeko lehen orduak izango dira.

Haize bortitz horrek nabarmen nahasiko du itsasoaren egoera: olatuak 5-6 metrora iritsiko dira eta 4-5 metroko ipar-mendebaldeko baga-itsasoa egongo da. Kontuan hartu behar da oraingoan marea biziak ditugula, beraz, olatu bortitzek indarrez joko dute kostaldea. Hala ere, bihar (asteartea) arratsaldetik aurrera itsasoan denboraleak arintzera egingo duela uste da.

Hitz batez, aurreko egunetan eroritako euriak asetako lurzorua gainezkatuko duten prezipitazio oparoak ekarriko dituen denborale gogorra espero dugu, haize-bolada indartsuekin eta olatu gogorrekin batera.

Denboralearen zatirik gogorrena gaur, otsailak 11, arratsaldetik bihar, hilak 12, goizera bitartean izatea espero da.

Asteazkenetik, hilak 13, aurrera, denboralea arinduz joango da eta litekeena da eguraldiak hobera egitea, datozen egunetan atsedenaldia emanaz.

Euri gogorren inguruko gomendioak

Eurite-arriskua dela eta, horrek eragin litzakeen ondorio negatiboak saihesteko edo arintzeko xedez, Eusko Jaurlaritzaren Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak honako gomendioak ematen dizkie horiek jasan ditzaketen herritarrei:

Prebentzio-neurri gisa:

  • Ez utzi edo aparkatu ibilgailurik ibilgu lehorretan ez ibaiertzetan, bat-bateko ur-goraldirik edo uhaldirik ez jasateko.
  • Kendu ibilgailuak putzuak sor litezkeen tokietatik eta urak har litzakeen garajeetatik.
  • Saiatu autoz joan-etorririk ez egiten.
  • Autoa hartu behar izanez gero, saiatu bide nagusiak eta autobideak erabiltzen, eta ikuspen-arazorik edukiz gero, aparkatu autoa toki segururen batean.
  • Kendu urak eraman litzakeen objektu guztiak, batez ere kutsadura eragin dezaketen produktu arriskutsuak.
  • Begiratu inguruko hustubideak nola dauden.
  • Saiatu mendirako irteerarik eta kanpoko ibilaldirik ez egiten.

Larrialdi-kasuetan hartu beharreko neurri gisa:

  • Ibaietatik, uharretatik, zubietatik eta urak har ditzakeen eremuetatik urrundu, eta ez gurutzatu, oinez ez autoz, urak hartuta dauden eremuak, uraren indarrak eraman egin baitzaitzake. Uraren ondorioz autoa errepidean trabatuta geratzen bada, itzali argiak eta utzi bertan.
  • Halaber, urrundu mendi-hegietatik eta muinoetatik, eremu horietan ur, harri eta lokatz jausiak egoteko arriskua baitago.
  • Etxebizitza urak hartuz gero, irten ahal bezain laster sotoetatik eta beheko solairuetatik.
  • Etxetik joanez gero, deskonektatu elektrizitatea eta itxi gasaren eta uraren hartuneak. Era berean, utzi ohar bat non egongo zaren adierazteko.
  • Saiatu punturik gorenetara joaten eta saihetsi urak har ditzakeen eremuak.
  • Irrati edo bestelako komunikabideen bidez, une oro egon zaitez meteorologia-iragarpenen eta egoeraren jakinaren gainean.

Denboraleen inguruko gomendioak

Denborale-arriskua dela eta, horrek eragin litzakeen ondorio negatiboak saihesteko edo arintzeko xedez, Eusko Jaurlaritzaren Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak honako gomendioak ematen dizkie horiek jasan ditzaketen herritarrei:

Prebentzio-neurri gisa:

- Ez sartu uretan.

- Urrundu olatuak apurtzen diren tokietatik (arrokak, kai-muturrak, kaiak).

- Ez zaitez itsas pasealekuetara, kai-muturretara edo itsaslabarretara hurbildu. Uraren indarrak eraman egin zaitzake.

- Ez zirkulatu ibilgailuekin kostaldetik gertu dauden errepideetan.

- Urpean igeri egiteko asmorik baduzu, utz ezazu jarduera bertan behera.

- Ez erabili itsasontzirik eta aztertu amarrak nola dauden.

  • Inolaz ere ez egin itsasoko kirolik.

Larrialdi-kasuetan hartu beharreko neurri gisa:

- Itsasora eroriz gero, olatuak apurtzen diren tokitik urruntzen saiatu, eskatu laguntza eta itxaron erreskatatzera etorri arte.

- Olatuek eramaten bazaituzte, lasaitu; ez egin igeri korrontearen aurkako norabidean, izan ere, kostaldeko korronteek indarra galtzen dute beste gune batzuetan.

  • Halaber, urrundu mendi-hegietatik eta muinoetatik, eremu horietan ur, harri eta lokatz jausiak egoteko arriskua baitago.
  • Etxebizitza urak hartuz gero, irten ahal bezain laster sotoetatik eta beheko solairuetatik.
  • Etxetik joanez gero, deskonektatu elektrizitatea eta itxi gasaren eta uraren hartuneak. Era berean, utzi ohar bat non egongo zaren adierazteko.
  • Saiatu punturik gorenetara joaten eta saihetsi urak har ditzakeen eremuak.
  • Irrati edo bestelako komunikabideen bidez, une oro egon zaitez meteorologia-iragarpenen eta egoeraren jakinaren gainean.

Egoeraren berri izateko, kontsulta ezazu Euskalmeten web orria (www.euskalmet.euskadi.net  ) edo @Euskalmet Twitter kontua. Larrialdirik egonez gero deitu 112 zenbakira.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau