Berriak
Eu

Oinarrizko zerbitzuak bermatuko dituen aurrekontu-akordioa lortzea espero du Eusko Jaurlaritzak

2013.eko otsailak 12

Iñigo Urkullu lehendakariak Eusko Jaurlaritzan ordezkaritza duten alderdiekin elkarrizketak izan ditu. Hala, lehendakaria bat dator erabat alderdiokin adieraztean  osasungintzako, hezkuntzako eta gizarte-zerbitzuetako partida ekonomikoek «lehentasuna» izan behar dutela, «pertsonak artatzeko oinarrizko gizarte-sareari eusteko». Hala azaldu du Josu Erkoreka bozeramaileak. Erkorekak berretsi du lehentasunak ezarri beharra dagoela aurrekontuetan 1.200 milioi euroko murrizketa egin ahal izateko, eta adierazi du lehendakariak kontuan hartuko dituela alderdiek jakinarazi dizkioten aukerak. Nolanahi ere, Erkorekak ohartarazi du aurrekontu-murrizketa «saihestezina» dela.

Eusko Jaurlaritzako bozeramaile Josu Erkoreka komunikabideen aurrean agertu da gaurko Gobernu Kontseiluak jorratu dituen auzien berri emateko, bai eta alderdi politikoekin egindako bileren berri emateko ere. Bilera horietan azkena bihar izango da: Urkullu EBBko presidentearekin elkartuko da, Andoni Ortuzarrekin.

Lehendakariak beste gai batzuk ere planteatu ditu: erreforma fiskala, sektore publikoa birdimentsionatzea edota ekonomia eta enplegua suspertzeko plana. Erkorekaren aburuz, horiek guztiak helburu garrantzitsuak dira legegintzaldi honetarako, baina ohartarazi du «eragin txikia» izango dutela auzi horiek aurtengo aurrekontuetan. Bozeramaileak baieztatu du Eusko Jaurlaritza «ziur» dagoela egungo egoera ekonomikoa gaindituz gero, «krisialdiaren urterik latzena» alegia, Euskadi berriro ere hazkunde ekonomikoaren bidera itzuliko dela eta enplegua sortzen hasiko dela 18 hilabeteren buruan.

Finantzen Euskal Kontseilua
Jaurlaritzaren bozeramaileak bihar egingo den Finantzen Euskal Kontseiluari ere egin dio erreferentzia. Erkorekak adierazi du elkarlana beharrezkoa dela: «Ez da zatitzeko eta elkarri kontra egiteko garaia». Hain zuzen ere, Eusko Jaurlaritzak erretiratu egin du aurkeztu zuen proposamena, «erantzukizunez jokatzea eta guztion arteko adostasunak bideratzea helburu hartuta». Erkorekak espero du erabaki hori errekonozituko dutela arduradun politikoek, eta emaitzak emango dituelakoan dago.

Eusko Jaurlaritzaren Kontseiluak hartutako erabakiak (2013.02.12)

 

 

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)