Berriak Segurtasuna
Eu

Aurrekontuetako murrizketek "ez diote eragingo segurtasunaren kalitateari"

2013.eko otsailak 11

Estefanía Beltrán de Heredia segurtasun-sailburuak aitortu duenez, aurrekontu-murrizketa izango du berak gidatzen duen sailak. Edonola ere, sailburuak azaldu du inbertsioetan murriztuko dutela, bere esanetan «denboran luzatu» behar izango baitira. Era berean, jakinarazi du ohiko gastuak ere berrikusten ari direla, «kentzeko moduko guztia kentzeko». Nolanahi ere, Beltrán de Herediak azaldu du zerbitzuaren kalitateak eta herritarren segurtasunak ez duela murrizketen eraginik izango.

Adierazpenok Onda Vasca irrati-kateko "Euskadi Hoy" programan egin ditu Estefanía Beltrán de Heredia segurtasun-sailburuak.

Segurtasun Saila Ertzaintzaren 2016rako Plan Estrategikoa taxutzen ari da. Sailburuaren esanetan, aipatutako planak hiru lan-ildo izango ditu: herritarren segurtasuna areagotzea, segurtasuna eta ikerketa sustatzea eta kudeaketa-sistema berriak ezartzea. Horren guztiaren helburua Ertzaintzaren egungo egoera «berregokitzea» eta herritarren eskariei erantzutea da.

ETAren desarmea
Estefanía Beltrán de Herediak espero du ETAk «hemendik gutxira» desarmearen berri ematea. Sailburuak adierazi du bizi dugun unea itxaropenez betea dela, banda terrorista jardunean ez dagoelako. Hori horrela izanik, «lan diskretuaren» aldeko apustua egin du, hori baita, bere esanetan, «eraginkorrena».

Beltrán de Herediak azaldu du «aro berria» dugula aurrez aurre, eta aro berri horretan nekez daukala lekurik Estatuko Segurtasun Indarren egungo presentziak. Sailburuak aldarrikatu du Estatuko Segurtasun Indarrak bildu egin beharko liratekeela «arrazoi ekonomikoengatik» eta «baliabideak optimizatzeagatik». Izan ere, Beltrán de Herediak ziurtatu du Ertzaintza gauza dela «polizia integral gisa errekonozitzen zaizkion eskumen guztiak garatzeko».

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)