Berriak Segurtasuna

Euskalmetek eta URAk estazio hidro-meteorologiko berria martxan jarri dute Aretan

2013.eko otsailak 08

Ekipamendu berria lagungarria izango da Nerbioi inguruaren ezagutza meteorologikoa eta hidrologikoa hobetzeko

Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziak eta URA Uraren Euskal Agentziak estazio hidro-meteorologiko berria inauguratu dute Altube ibaian, Autopista Vasco-Aragonesa delakoaren jabetzakoa den Aretako (Bizkaia) ordainlekuaren inguruan.

Aretako estazio berriak autobidea kudeatzen duen enpresaren baldintzarik gabeko babesa jaso du, eta alde meteorologikoan haizeari, airearen tenperaturari, hezetasun erlatiboari eta euriari lotutako sentsoreak ditu. Laster, ekipamendu berriak bi sentsore hidrologiko ere izango ditu; horiei esker, Nerbioi ibaiarekin elkartu aurretik Altube ibaiak duen mailari buruzko datuak emango ditu.

Euskalmeten arabera, Aretako estazioari esker Nerbioi ingurunearen funtzionamendu atmosferikoa ezagutuko dugu. "Izan ere, eremu honetako neurrien sarea aspaldi hobetu nahi genuen, Laudioko edateko uren araztegian martxan genuen estazioak gertuko baso baten eragin nabarmena jasotzen zuen, basoa hazten ari zelako".

Euskal Meteorologia Agentziaren iritziz, Araialdea eskualdeak eta Orozko inguruak oso atmosfera jokabide bitxia dute, ibarrak elkarren artean perpendikularrak baitira eta haize kanalizazioek oso modu bitxian funtzionatzen dutelako.

Estazioa Laudiotik Areta mugartera lekualdatzeari esker, hemendik aurrera Euskalmetek bi estazio izango ditu: Gardea auzoan bat (Nerbioi ibarrean), eta bestea Aretan (Altube ibarrean). Ekipamendu horiei beste bat gehituko zaie laster, eremu altu batean instalatuko den haize eta tenperatura estazio berri bat, hain zuzen ere; Untzueta tontorrean jartzea aurrez ikusi da.

Bestalde, URA Uraren Euskal Agentziak Altube ibaiaren maila kontrolatzeko sentsoreak jarriko ditu Aretako estazio berrian; horiei esker, estazio hori Uholde Arrisku Potentzial Esanguratsuen Areako ibai tarteak kontrolatzeko sarearen parte bihurtuko da; sare horren xedea eremu zailtzat jotako lekuetako uholdeei buruzko datuak denbora errealean jasotzea da.

Hala, denbora errealean jakingo ditugu ez soilik parametro meteorologikoak, baita beste zenbait datu ere: ibaiaren egoera, emaria hazi edo jaitsi egin den, uholdeak izateko arriskua areagotu edo gutxitu egin den, etab.

Izan ere, elkarlanean ari dira foru aldundiak, udalak eta Eusko Jaurlaritza, azken hori Segurtasun Sailaren (Euskalmet) eta Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren (URA) bitartez; helburu nagusia EAEko sare hidro-meteorologikoa martxan jartzea da, besteak beste, uholdeen jarraipena egiteko ezinbesteko sarea baita.

Aretako estazio berriak lortutako datuak dagoeneko eskuragarri daude, denbora errealean, Euskalmeten webgunean (www.euskalmet.euskadi.net).

99 estazio

Aretako estazioarekin, EAEn orotara 99 estazio hidro-meteorologiko daude, erkidego osoan banatuta. Guztiak elkarri konektatuta daude denbora errealean, eta datuak dagoeneko eskuragarri daude, bai Euskalmet eta URAko teknikarientzat, bai gainerako erakundeentzat eta gizartearentzat, oro har.

Datuak denbora errealean jasotzen dira (10 minuturo), eta eskuragarri daude edozein erabiltzailerentzat zein Segurtasun Saileko eta URA Uraren Euskal Agentziaren teknikari eta arduradunentzat; horri esker, babes zibilarekin, errepideak zaintzearekin edota uholdeen kudeaketarekin lotutako erakundeek erabakiak modu eraginkorragoan hartu ahalko dituzte, egoera zailak gertatuz gero (uholdeak, suteak basoetan, ekaitzak edo haize bolada gogorrak, elurteak).

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko