
Larrialdietarako 112 Telefonoak 1.300.000 dei eta 164.000 gertaera inguru bideratu zituen 2012. urtean
Bide publikoan arriskuak antzematea eta osasun arloko larrialdiak izan dira gertaera ohikoenak
112 telefonoak, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren mendeko Larrialdiei aurre egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzakoak, 1.300.000 dei eta 164.000 gertaera inguru bideratu zituen 2012an EAEn; oro har, osasun arloko larrialdiei, bide publikoetan arriskuak antzemateari, pertsonen istripuei, herritarren segurtasunari eta zirkulazioari lotutakoak izan ziren.
Gaur 112 Larrialdietarako Telefonoaren Nazioarteko Eguna ospatzen dela-eta, Txurdinagako Larrialdiak Koordinatzeko Zentroan prentsaurrekoa eskaini dute, eta bertan jakinarazi dira datuok. Agerraldian Segurtasun sailburuorde José Zubiaga eta Larrialdi eta Meteorologiako zuzendari Pedro Anitua izan dira; jakitera eman dutenez, 2011n lortutako datuen oso antzekoak dira (1.300.000 dei eta 167.000 gertaera inguru bideratu ziren orduan).
2012an bideratutako gorabehera guztietatik (164.000), % 19,58 osasun arloko larrialdiei lotutakoak izan ziren, % 19,10 bide publikoan arriskuak antzemateari eta % 17,34 pertsonen istripuei lotutakoak; horrez gain, % 16,27 herritarren segurtasuna zela medio bideratu ziren, eta %12,48, azkenik, zirkulazio istripuen ondorioz.
Larrialdi deiei erantzun eta horiek kudeatzeko betebeharra duten SOS Deiak Koordinazio Zentroek egindako lan izugarria nabarmendu du Segurtasun sailburuorde Josu Zubiagak.
Adierazi duenez, "guretzat benetan pozgarria da ikustea aspaldi estatu mailan aitzindariak izan ziren zentro haiek gaur egun errealitate izateaz gain, larrialdi egoeretan herritarri erantzuteko erreferente ere badirela".
"Zerbitzu finkatua eta euskal gizarteak aintzatetsitakoa da; izan ere, herritarren % 95k ezagutzen du 112 telefonoa, egindako azken inkestek adierazi dutenez. Famari dagokionez, Europar Batasuneko ehuneko altuenetako bat da."
112 Nazioarteko Eguna
112 Larrialdien Nazioarteko Eguna otsailaren 11n ospatu ohi da Europar Batasun osoan (hau da, 2. hilabeteko 11. egunean). Herritarrei 112 zenbakia estatu kide guztietan erabilgarri dagoela gogoraraztea da oroipenezko aipamen horren xede nagusia, eta kabina, telefono finko zein sakelako telefono batetik hots egin daitekeela.
Euskadiko Salbamendurako Txakur Taldea aintzatestea
Ekitaldian, Segurtasun sailburuordeak, Josu Zubiagak, Euskadiko Salbamendurako Txakur Taldeak garatutako lana aintzatetsi eta goraipatu nahi izan du; taldeak hil honetan beteko ditu lehen 30 urteak, eta kideak Txurdinagan antolatutako hitzorduan izan dira; ariketa erakustaldi laburra ere eskaini dute.
Euskadiko Salbamendurako Txakur Taldea 1983ko otsailaren 3an sortu zen; Elorrion (Bizkaia) du egoitza, eta xede nagusia gida batek eta txakur batek osatutako taldeak prestatzea da, bilaketa lanak egiteko inor mendian galdu edo obra hondakinen edo elur azpian harrapatu geldituz gero.
Taldea pertsona zibilek osatzen dute; hau da, taldekideak boluntarioak dira, modu altruistan hartzen dute parte ekimenean, eta dagokien jarduera profesionala duten arren, haien denbora librearen zati handi bat lan sozial eta humanitario honi eskaintzen diote.
Oro har, SOS-Deiakek laguntzeko eskatzen dionean jarduten da taldea, galdutako pertsonak bilatzeko eta aurkitzeko beharrezkoak direnean (dela mendi eremuetan, dela hondakin zaborren, lur-jausien edota elur-jausien azpian harrapatuta geratu badira).
Bidenabar, taldea estatuko salbamendu eta laguntzako elkarte eta entitate ofizial guztien eskura dago, taldearen zerbitzuak behar izanez gero; horretarako, SOS-Deiaken bitartez eskatu beharko da.