Berriak
Eu

Lehendakaria alderdi politiko guztiekin elkartzen hasiko da

2013.eko otsailak 05

Iñigo Urkullu lehendakaria Legebiltzarrean ordezkaritza daukaten alderdi politikoetako buruzagiekin elkartzen hasiko da gaur. Krisialdi ekonomikoa, bakegintzaren eta bizikidetzaren erronka eta euskal autogobernua izango dira bilerotako gai nagusiak; edonola ere, Josu Erkoreka Jaurlaritzaren bozeramaileak azaldu du lehendakaria «prest» dagoela alderdi politikoek helarazi nahi dizkieten bestelako proposamenak eta gaiak ere aztertzeko.

Eusko Jaurlaritzako bozeramaile Josu Erkoreka komunikabideen aurrean azaldu da, Gobernu Kontseiluaren ostean egin ohi duen prentsaurrekoan. Erkorekak azaldu duenez, ordezkaritza txikiena duten alderdiarekin elkartuko da lehendakaria aurrenik eta behin. Hala, lehendabiziko bilera UPyD alderdiko Gorka Maneirorekin egingo du. Datorren ostiralean Antonio Basagoitirekin (PP) elkartuko da; hurrengo asteartean, berriz, PSEko eta EH-Bilduko ordezkariekin izango da, Patxi Lópezekin eta Laura Mintegirekin, hurrenez hurren. Azken bilera otsailaren 13an izango da: EAJren EBBko presidente Andoni Ortuzarrekin.

Portaera etikoa
Josu Erkorekak azaldu du Eusko Jaurlaritzak portaera etikoari buruz aurreko gobernuak egindako adierazpena osatzeko asmoa daukala. Bozeramaileak azaldu duenez, Urkulluren gobernua EAEko erakunde guztiek testu bateratu bat osa dezaten lanean ari da. Testu horren helburua jarrera eta portaera etikoari buruzko estandarrak biltzea izango da erakunde publiko guztietako arduradunei dagokienez, erakunde guztientzat berdinak.

Bestalde, lehendakariak eta Ibone Bengoetxea EUDELeko presidenteak atzo izandako bilera balioetsi du Erkorekak. Bozeramaileak azaldu duenez, bi agintariek uste dute udal lege-proiektuaren inguruan ahalik eta adostasun politiko eta instituzional handiena lortu beharra dagoela. Erkorekak nabarmendu du, era berean, Eusko Jaurlaritzak eta EUDELek erabateko konpromisoa dutela Euskadiren berezitasuna elkarrekin defendatzeko, baita eskumenak ere, herri-administrazioa arrazionalizatzeko eta iraunkor egiteko prestatzen ari diren legearen aurrean.

Azkenik, Jaurlaritzaren bozeramaileak adierazi du Finantzen Euskal Kontseilua datorren astean elkartuko dela.

Eusko Jaurlaritzaren Kontseiluak hartutako erabakiak (2013.02.05)

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)