Berriak Ingurumena eta Lurralde Politika
Eu

Bioaniztasunarekin lotutako arazoetarako irtenbideak proposatuko dituzte Bilbon aditu eta ikerlariek

2013.eko otsailak 04

IV. Bioaniztasun Kongresua otsailaren 6etik 8ra bitartean egingo dute Bizkaia Aretoan

Europako ikerkuntza-zentro eta administrazio ugaritako 165 partaide bilduko dira topaketan

(Bilbon, 2013ko otsailaren 4an) Bioaniztasunaren egoera zein den sakon ezagutzea eta aurre egin beharreko arazoetarako irtenbideak proposatzea da IV. Bioaniztasun Kongresu Nazionalaren helburua. Kongresua Bilbon egingo dute otsailaren 6tik 8ra bitartean. Europako (batez ere, Espainiakoak eta Portugalekoak) ikerkuntza-zentro eta administrazio ugaritako 165 ikerlari bilduko dira. Guztira, komunikazioko 145 lan baino gehiago aurkeztu dituzte eta landareen, animalien eta mikrobioen bioaniztasunaren egoerari buruzko ezagutzak partekatuko dituzte. Topaketa zientifikoa Bizkaia Aretoan egingo dute (Bilboko EHUko areto nagusia). Ekitaldiaren inaugurazio-lana Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politikarako sailburuak, Ana Oregik, egingo du.

Bioaniztasunari buruzko Kongresu Nazionala (edizio honetan, NEIKER-Tecnaliak, Nekazal Ikerketa eta Garapenerako Euskal Erakundeak koordinatuko du) espezialisten arteko topaketarako gunea eta gai honen inguruko ezagutzak gizarteari jakinarazteko bitartekoa izango da. Gune honetan eztabaidatuko dituzten eta bioaniztasunaren galerarekin lotutako kausetako batzuk dira hauek: espezieen habitat naturalaren galera eta narriadura; espezie inbaditzaileek komunitate biologikoetan eragindako aldaketak; airearen, uraren eta zoruen kutsadura; populazio biologikoen gehiegizko ustiapena; eta klima-aldaketa.

Adituen ustez, beharrezkoa da bioaniztasuna hobeto kudeatzea eta zaintzea; izan ere, haren baitan daude izaki bizidun guztiak, gizakia barne. Beharrezkoa da egungo egoera ikertzen aurrera egitea eta narriadura ekiditeko bidera daitezkeen ekintzak zehaztea. Horrekin lotuta, Bilbon bilduko diren adituek oso gai ezberdinei buruzko lanak aurkeztuko dituzte: bioaniztasunaren egoera itsasoko, uretako eta lurreko ekosistemetan; bioaniztasunaren ekonomia eta kudeaketa; edo espezieen habitat naturalaren galerak. Hizlarien artean, nabarmendu beharrekoa da Helena Freitas izango dela. Ekologiako Europako Federazioko presidenteordea eta Coimbrako (Portugal) Unibertsitateko Ekologia Funtzionaleko Zentroko arduraduna da.


Kongresuan egingo dituzten jarduerak

Saio zientifikoez gain, kongresuko egitarauak Busturian dagoen Euskadiko Bioaniztasuneko zentrora bisita teknikoa egitea biltzen du. Aipatutako bisitaldia IHOBEk, Ingurumenaren Kudeaketarako Sozietate Publikoak, antolatu du. Bestalde, Bilboko Udalak eta hango alkateordeak, José Luís Sabasek, kongresuko partaideei harrera egingo die lehen egunean.

Bioaniztasuna eta balio ekonomiko eta sozialak

Topaketak agerian utziko du planeta osoan gertatzen ari den bioaniztasunaren galera nabarmena. Hori bistakoa da honako hauetan: espezie basatien eta etxeko espezien ondare genetikoaren erosioa, esparru naturaletan populazioak eta espezieak galtzea eta ekosistema osoak desagertu izana. Kontuan hartuko duten beste alderdi bat da bioaniztasunak jasaten dituen erasan guztiek gizakiarengan eragin oso zuzena dutela. Izan ere, haren mende daude balio hauek guztiak: ekonomikoak, zientifikoak, sozialak, kulturalak, estetikoak eta aisialdikoak. Bioaniztasunak, esate baterako, eragina du ekosistemen produktibitatean eta horiek dira baliabide naturalen iturriak. Bestalde, populazioak, espezieak eta komunitateak desagertzeak gutxitu egiten ditu ekosistemek gizarteari ematen dizkioten ondasunak eta zerbitzuak: elikadura, edateko ura edo klima egonkorra, adibidez.

Erakunde antolatzaileak eta laguntzaileak

Bioaniztasunaren Kongresu Nazionala bi urtez behin egin ohi da Espainian 2007. urtetik DIVERSITASen Espainiako Batzordearen babesarekin. Aurtengo edizioaren antolaketa-lana NEIKER-Tecnaliak koordinatu du eta honako hauen laguntza jaso du: Eusko Jaurlaritza, Bizkaiko Foru Aldundia, IHOBE Ingurumenaren Kudeaketarako Sozietate Publikoa, Bilboko Udala eta Euskal Herriko Unibertsitatea.

Gainera, kongresuari hainbat modutan babesa eskaini dioten beste laguntzaile batzuk ere baditu: Lurreko Ekologiako Espainiako Elkartea (AEET), Limnologiako Iberiako Elkartea (AIL), Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoa (CABB), Nekazaritzako eta Elikadurako Ikerkuntza eta Teknologiarako Institutu Nazionala (INIA), LIFE Programa (Europar Batasunarena), Biologia Ebolutiboko Espainiako Sozietatea (SESBE) eta Ugaztunen Kontserbazio eta Ikerketarako Espainiako Sozietatea (SECEM). Horrez gain, laguntza eskaini dute Bilboko Udalak, Euskadiko Biologoen Elkargo Ofizialak, Idiazabal Jatorrizko Izendapenaren Korporazioak eta Derioko Nekazaritza Eskolak.

 

2 iruzkin
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @aarrizabalaga
    2013.eko otsailak 04

    Comentario de Twitter:
    6 al 8 Febrero Expertos e investigadores propondrán en #Bilbao soluciones a los problemas de la biodiversidad http://t.co/vdVF1Tc8

  • @Torremadariaga
    2013.eko otsailak 04
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)