Berriak Herri Administrazioa eta Justizia
Eu

Jaurlaritzak sindikatuekin komunikazioa berreskuratu eta haiekin duen harremana erraztu nahi du

2013.eko urtarrilak 31

Eusko Jaurlaritzak Administrazio Nagusiko Mahai Sektorialean ordezkatuta dauden zentral sindikal guztiekin lan-bilera egin du gaur.
Andres Zearreta Funtzio Publikoko sailburuorde berriak esan du «Jaurlaritzaren hizketarako borondatea egiazkoa» dela.

Jaurlaritzaren eta sindikatuen arteko lehen bilera izan da, eta Andrés Zearretak, Funtzio Publikoko sailburu berriak, bere lantaldea aurkeztu du: Funtzio Publikoko zuzendari Juan María Barasorda, Lan Harremanetako zuzendari Estefanía Gordoa eta Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko (IVAP) zuzendari Maite Iruretagoiena.

Funtzio Publikoko sailburuak hauxe azaldu du bileraren amaieran: «Mahai Sektorialean ordezkaritza duten sindikatuekin izandako lehen kontaktua izan da, eta, geure burua aurkezteaz gain, elkarrizketarako dugun egiazko borondatea helarazi diegu».

Andres Zearretaren arabera, «Jaurlaritza berriaren lehen urtearen lehen hilabetea amaitu aurretik bildu gara haiekin, komunikazioari berriz heltzeko beharra helarazteko eta etorkizunean herri administrazioan ezarriko ditugun neurriak elkarrekin hitzartzeko lanak errazte aldera».

«Jakin badakigu ziurgabetasun eta krisi ekonomikoko une hauetan euskal administrazioko langileak ahaleginak egiten ari direla», adierazi du. «Hori dela eta, harreman sendoa finkatu nahi dugu sindikatuekin, lehenik eta behin, egoera dela-eta ezarri beharko ditugun neurriak langileei ondo azaltzeko, segurtasun-juridikoko marko batean», gaineratu du.

Halaber, Andrés Zearretak «erantzunkizuna» eskatu die sindikatuei «negoziatzeko». Izan ere, «egia da Espainiako Gobernutik datorren oinarrizko arau asko daudela eta egoerak baliabide publikoei eustera behartzen gaituela, baina Euskadiko egoera hartu behar dugu kontuan eta hitzarmenerako marjinak aurkitu behar ditugu».

Azkenik, Funtzio Publikoko sailburuordeak adierazi du Administrazioaren Mahai Orokorra bi aste barru inguruan deitzea aurreikusi duela, eta EAEko herri-administrazioaren 70.000 langile inguruak ordezkatzen dituzten sindikatuak berriz bilduko direla.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)