Berriak Lehendakaritza
Eu

Lehendakariak nabarmendu duenez, Rajoyrekin izan duen bilera «emankorra» izan da

2013.eko urtarrilak 30

Iñigo Urkulluk ziurtatu du Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidentearekin izandako bilera «abegitsua eta emankorra» izan dela eta «adostasunerako eta elkarrizketarako» ateak ireki dituztela.

Iñigo Urkullu lehendakaria komunikabideen aurrean agertu da Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidentearekin elkartu ostean. Bi agintarien arteko bilera Madrilgo Moncloa jauregian izan da, eta hiru ordu inguru iraun du. Urkulluk jakinarazi duenez, lehendakari denetik egindako lehen bilera instituzional honetan, «gai ugari» jorratu dituzte.

Urkulluk bakegintzaren alorreko gidalerroak aurkeztu dizkio Rajoyri. Gai hori «sentibera» dela adierazi du Urkulluk, eta horrexegatik «diskrezioaren» aldeko apustua egiten duela nabarmendu du. Bakegintzaren eta bizikidetzaren alorrean, Iñigo Urkulluk jakinarazi du komunikazio-kanal pertsonala izango duela Rajoyrekin, «garai historikoa» bizi dugula iritzita. Lehendakariak adierazi du ez dagoela presarik auzi honen inguruan, baina ohartarazi du, era berean, «etenik ez» daitekeela onartu.

Urkulluk subsidiariotasun-printzipioa aplikatzeko eskatu dio EAEko eskumen-esparruari dagokionez. Urkulluk adierazi dio Rajoyri Eusko Jaurlaritza ez datorrela bat «esparru guztietarako lege-dekretuen politika jarraitzearekin», esaterako hezkuntzaren legea aldatzeko, defizitaren muga ezartzeko edota osasungintza kudeatzeko neurrietarako. «Ezarritako neurriok aplikatzen zailak dira, eta ulertzen ezinezkoak», gaineratu du Urkulluk. Lehendakariak, horrez gain, transferitzeke dauden eskumenak transferitzeko eskatu dio Rajoyri.

Alor ekonomikoari helduta, bi agintariak bat etorri dira esatean ekonomia suspertu eta enplegua sortu beharra dagoela. Horri dagokionez, lehendakariak nabarmendu du Kupoaren eta Kontzertu Ekonomikoaren inguruan adostasun bat lortzeko «premia bizia» dagoela. Urkulluk espero du Kontzertuaren Batzorde Mistoa laster bildu eta lantaldeak abiaraziko dituztela.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)