Berriak Ekonomiaren Garapena eta Lehiakortasuna
Eu

Euskadik ateak ireki ditu Fitur azokan, erakundeen eta sektore pribatuaren hainbat ordezkarirekin

2013.eko urtarrilak 30

Arantza Tapia Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuak nazioarteko merkatuetan berezko identitatea izango duen Euskadi-Basque Country marka sendotzearen alde egin du

Euskadiren standak gaur goizean ireki ditu ateak FITUR 2013 Nazioarteko Turismo Azokan, eta igande arratsaldera arte egongo da irekita, Euskadi helmuga turistiko gisa sustatu eta merkaturatzeko.

Arantza Tapia Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburua Euskadiren standa irekitzeko ekitaldian egon da. Bertan, bost erakusketa-mahai aurki daitezke guztira, hiriko turismoa, gastronomia eta enoturismoa, natura aktiboa eta gure herri eta hirietatik ibilbide bat egiteko aukera bezalako turismo-produktuak sustatzen.

Eguerdian, Arantza Tapia sailburuak turismoa sustatzeko foru-aldundietako diputatuei egin die harrera, hau da, José Zurita (Araba), Imanol Pradales (Bizkaia) eta Jon Uriguen (Gipuzkoa) diputatuei, eta bilera bat egin dute Itziar Epalza Merkataritza eta Turismoko sailburuordearekin eta Bittor Oroz Nekazaritza eta Arrantzako sailburuordearekin, baita turismo zuzendari berria Mertxe Garmendia ere.

Bertan, sailburuak esan du erakundeen arteko harremanak hobetu eta estutu nahi dituela, berezko identitatea, kalitatea eta ospea izango dituen helmuga turistiko izan dadin Euskadi. "Baliabide nahikoak eta xarma bereziak ditugu mundu osoko merkatu berrietan ezagutzeko moduko berezko aurkezpen-gutuna izateko. Guztion artean ehuntzen dugu Euskadi-Basque Country marka eta, beraz, Eusko Jaurlaritzaren turismo arloko estrategia erakundeen arteko batasuna sendotzea izango da, sektore publikoaren eta pribatuaren arteko lankidetzaren bidean aurrera egiteko".

Ondoren, erakunde-ordezkaritzak sektoreko topaketa egin du Euskadiren standean bertan. Horrela, beste erakunde publiko batzuetako ordezkari nagusiekin hitz egin du (eskualdeetako turismoa sustatzeko ardura duten garapen-agentziak), baita hainbat eremuren ordezkari diren elkarte pribatuekin ere, esaterako ostatu-modalitate ezberdinen eremuko elkarteekin, biltzarrak antolatzen dituzten elkarteekin, biltzar-jauregiekin eta azoka-esparruekin, etab.

80 pertsona inguru egon dira topaketa horretan, eta Arantza Tapiak esan die turismo-sektorea indar handia hartzen dabilela Euskadiren garapen ekonomikoan."Zailtasun ekonomikoak bizi ditugun garai honetan eredugarria den sektore bat ordezkatzen duzue. 2012. urtean Euskadiko turismoak aurreko urteetako mailari eutsi dio, eta joera positiboak izan ditu inguruko helmuga turistikoen aldean. Izugarrizko indarra duen helmuga turistikoa dugu, hazteko aukera ere baduena, eta euskal ekonomiaren eragile gisa sendotzeko gaitasuna izan dezakeena".

Ostegunean eta ostiralean euskal turismoa aintzatetsiko da

Datozen egunetan hainbat jarduera eta ekintza egingo dira FITURen, eta horien artean hitzordu bi nabarmendu nahi ditugu, Euskadik eta EAEko hainbat enpresak sariren bat eskuratzeko aukera izango baitute.

Bihar, osteguna (urtarrilak 31), Helmugaren Kalitate Turistikoaren Sistema Integralak (SICTED) ezartzearen ondorioz "helmuga onenak" iritzitakoak sarituko dira. Ostiralean (otsailak 1), bestalde, kalitatezko Q ziurtagiriak emango dira, eta bertan ere EAEko hainbat hautagai egongo dira.

Madril. 2013ko urtarrilaren 30a

 

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @EndikaVazquez
    2013.eko urtarrilak 30

    Comentario de Twitter:
    Euskadi abre sus puertas en Fitur con la presencia de representantes institucionales y del se... http://t.co/HpvN1cPr http://t.co/S84VSZNS

Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)