Berriak
Eu

Kontsumobidek gomendatzen du arretaz jokatzeko establezimendu komertzialetik kanpoko produktuak erosterakoan

2013.eko urtarrilak 29

Kontsumobidek (Kontsumoko Euskal Institutua) jakin du Euskadiko zenbait hoteletan atsedenarekin eta osasunarekin erlazionaturiko produktuak eskaintzen ari direla. Hori dela eta, herritarrei adierazten die kontuz eta arretaz ibiltzeko merkataritza-modalitate horren bitartez produktuak erosterakoan.

Kontsumobidek produktu bat horrela eskuratu aurretik kontuan izan beharreko oinarrizko aholku batzuk gogorarazi nahi ditu.

 

AHOLKU OROKORRAK

- Kritikoa izan eta ez liluratu publizitate erakargarriarekin.

- Ziurtatu produktua saltzen saiatzen ari den pertsonaren nortasuna. Egiaztatu benetan enpresa horretan lan egiten duela.

- Saltzailearen presioa ekidin. Kontratua sinatu baino lehen, pentsatu benetan interesatzen zaizun.

- Kontratua sinatu aurretik, lasai irakurri.

- Ez fidatu helbide gisa posta-kutxa bat ageri bada kontratuan.

- "Mirari-produktuei" buruzko iragarki eta propagandaren aurrean jarrera arrazoitu eta kritikoa izan.

- Galdetu produktua aldatu daitekeen, ez baduzu hala egiten akastuna bada soilik itzuli ahal izango baituzu.

- Gorde ordainagiri guztiak. Beharrezkoak dira eskuratutako produktu edo zerbitzuaren bermea aplikatzeko edo edozein erreklamazio egiteko.

- GOGOAN IZAN: publizitatea beti loteslea da eta, ondorioz, komeni da gordetzea, balizko ez-betetzeen aurrean froga gisa erabili baitaiteke.

 

ATZERA EGITEKO AGIRIA

- Kontuan izan, kontratuaren kopiaz gain atzera egiteko agiri bat eman behar duela, alegia, kontratu hori ondoriorik gabe uzteko agiria, berariaz jasotzen duena kontratuan atzera egiteko eskubidea badagoela, eta hori baliatzearen baldintza eta ondorioak. Azken dokumentu horretan data jarri eta sinatu egin behar du kontsumitzaileak.

- Atzera egiteko eskubidea baliarazteko epea zazpi egun naturalekoa da, eta kontsumitzaileak produktua jasotzen duen momentutik hasiko da kontatzen. Epe horren barruan produktua bueltatu ahal izango du eta, hala, ordaindutako dirua berreskuratu.

- Kontratuan atzera egiten bada, saltzaileak gehienez ere 30 eguneko epean itzuli beharko du ordaindutakoa, inolako gasturik gabe. Enpresak epe hori gainditzen badu, bikoitza erreklamatu ahal izango zaio.

- Kontratua kreditu batekin finantzatu bada eta atzera egitea aurrez ezarritako epe barruan egiten bada, finantziazio-kontratua zigorrik gabe deuseztatuko da.

- Kontsumitzaileak egiaztatu beharko du atzera egiteko eskubidea baliatu duela, adibidez, burofax baten bidez.

Atzera egitea baliozkoa izango da atzera egiteko agiria bidalita edo jasotako produktuak itzulita.

- Atzera egiteko eskubidea baliatzeak ez die inolako gasturik eragingo kontsumitzaileari. Ondorio horietarako, betetze-lekua kontsumitzaileak prestazioa jaso duten lekua izango da.

Produktua itzultzearen gastuak kontsumitzailearen konturakoak izango dira, betiere hala jakinarazi bazaio eta kontratuan jasota badago.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau