Berriak Enplegua eta Gizarte Politikak
Eu

Enplegu eta Gizarte Politikako sailaren lehentasunezko helburua, Euskadin gizarte kohesioari eustea

2013.eko otsailak 06

Juan María Aburto Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politikako sailburuak legegintzaldi honetarako hiru lehentasun hauek aurkeztu ditu gaur Legebiltzarrean: krisi ekonomikoak enpleguan dituen ondorioak arintzen laguntzeko gizarte-akordioak sustatzea; alokairu sozialeko politika publikoak bultzatzea, eta Gizarte Zerbitzuen Legearen garapen iraunkorra lortzea.

Juan María Aburtok Eusko Legebiltzarreko Enplegu, Gizarte Politika eta Etxebizitzako Batzordearen aurrean adierazi duenez, Euskadik gizarte-kohesioari eutsi dio eta premia-egoeran dauden milaka familiari bizi-kalitateko gutxieneko baldintzak bermatu dizkie azken hamarkadotan, ezarritako gizarte-babeseko sistemei esker. «Uneotan, krisiak irauteak eta diru-sarrera pribatuak zein publikoak murriztu izanak egoera zailean jarri dute euskal gizartea», nabarmendu du sailburuak.

Enplegu eta Gizarte Politikako sailburuak Eusko Jaurlaritzak enpleguaren, gizarte-politikaren eta etxebizitzaren arloetan dituen lehentasunak azaldu ditu.

Enpleguari dagokionez, gizarte-elkarrizketari berriro heltzea da lehentasuna, krisi ekonomikoaren ondorio larriak arintzeko akordioak lortzeko. Ildo horretatik, «Lanbideren jarduera lan-eskatzaileen eta enpresen arteko bitartekotza egitera bideratu beharra» dagoela nabarmendu du Aburtok. Era berean, enplegu-politikei buruzko eskumen guztiak -pasiboak barne- eskatu ditu, «bien konbinazioa oinarrizko tresna baita langabeziari aurre egiteko».

Gizarte-politiken arloan, Jaurlaritzaren erantzukizuna lege-garapena eta arautzeko ahalmena dira funtsean. «Horregatik, herritarrei zerbitzua emateko modurik onena garapen jasangarria egitea da, baliabideak kudeatzeko ardura duten erakundeen -foru-aldundien eta udalen- aukera errealekin bat datorrena», adierazi du Enplegu eta Gizarte Politikako sailburuak.

Amaitzeko, hauxe adierazi du Juan María Aburtok: «Uneotan, etxebizitza-politikek, gehienbat, krisi ekonomikoaren ondorioz sortutako gizarte-larrialdiko egoerei erantzun behar diete, gizarte-alokairua sustatuta».

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)