Berriak Segurtasuna
Eu

Estefanía Beltrán de Heredia Segurtasun sailburuak Ertzaintzako alorrak gutxituko ditu, ikerkuntza bultzatuko du eta herritarren segurtasunerako eta prebentziorako langile kopurua areagotuko du

2013.eko otsailak 04

Estatuko segurtasun indarrek atzera egitearen alde agertu da, baita Ertzaintza Europako Segurtasun Espazioan erabat txertatzearen alde ere

Legegintzaldian zehar Eusko Jaurlaritzaren segurtasun politika gidatuko duten kontzeptu, plan eta jarduera nabarmenenak Legebiltzarrean aurkeztu ditu gaur Segurtasun sailburu Estefanía Beltrán de Herediak; aurkezpenean, sailburuarekin batera izan dira Iñaki Gurtubai Administrazio eta Zerbitzu sailburuordea, Josu Zubiaga Segurtasun sailburuordea, eta Arkauteko Akademiako zuzendari Malentxo Arruabarrena.

Legebiltzarrean egindako agerraldian, Segurtasun arduradunak Euskadin sortzen ari den "errealitate berria" azpimarratu du; izan ere, agertoki berri honetan "adierazle guztien arabera, badirudi ETA behin betiko geldituko dela, alegia terrorismo ekintzak planifikatzeko eta egiteko egiturak betiko itxiko dituela". Beltrán de Herediaren aburuz, testuinguru berri honek "aukera berriak" ekarriko ditu XXI. mendeko Ertzaintza "herritarrengandik gertu eta hurbil egon dadin, hasieran bezala, eta hala, Ertzaintzaren prebentzio eraginkortasuna hobetu egingo da aldaketa sozialek dagoeneko eskatzen dizkiguten erronka berrien aurrean".

Horretarako, sailak ezarritako xede nagusietako bat Ertzaintzaren Plan Estrategikoa - 2016 Ortzimuga - sortzea da; planak hiru ardatz izango ditu, eta bultzada emango die herritarren segurtasunari, ikerkuntza eta informazioari eta kudeaketa eredua ezartzeari.

Testuinguru honetan, Segurtasun sailburuak aurreratu du herritarrekin kontaktua izatea sustatuko duela, eta horretarako, Euskadiko kaleetan poliziak duen presentzia areagotu egingo dela. Horrez gain, Ertzaintzako alorren gaur egungo egitura murriztu egingo da eraginkortasuna eta efikazia irabazteko; bestalde, Ertzaintzako ikerketa egiturei eutsi egingo zaie, eta funtzionamendu eskema balioanitz eta malguagoetara egokituko dira; halaber, delitu modalitate berezienak ebazteko beharrezko ikerketa espezializatuen ildoak landuko dira.

Ikerketa lan hori eraginkortasunez betetzeko, koordinatzeko eta horretan sakontzeko, Segurtasun sailburuak Ertzaintza eta Eusko Jaurlaritza Europako Segurtasun Espazioan erabat txertatzeko eskatu du; izan ere, "espazio horri dagokionez gaur egun bizi dugun bazterketa mehatxu argia da Ertzaintza polizia integral gisa hautemateko".Horrez gain, gaur egungo koiuntura egokitzat jo du Administrazio Zentralari eskaera egiteko, estatuko segurtasun indarrak egokitu ditzan eta horiek atzera egin dezaten.

Azkenik, Ertzaintzaren Plan Estrategikoa - 2016 Ortzimuga - planak bikaintasunerantz aurrera egitea ahalbidetuko duen kudeaketa eredua garatuko duela azaldu du; horretarako, etengabeko hobekuntza baliatuko da eta herritarren eta profesionalen asmoak modu orekatuan beteko dira.

Arkaute, ezagutza kudeatzeko gunea 

Lan ildoen artean, Segurtasun Sailaren ordezkariak bermatu du Arkaute, Poliziaren Euskal Akademia alegia, segurtasun integraleko euskal eredu berriaren ildo estrategikoak finkatzeko "jakintza kudeatzeko organo aktiboa" izango dela legegintzaldi honetan.  

Segurtasun sailburuak oso garrantzitsutzat jo ditu prestakuntza eta aliantza estrategikoak, bai sail barruan, bai sailetik kanpo, unibertsitateekin edota prestakuntza ikastegiekin; hala, posible izango da jakintza transmititzea, berrikuntza tekniko eta metodologikoa eta ikerkuntza; bidenabar Arkautek berak kanpoaldean duen proiekzioa ere hobetu egingo da. Sailburuak berak ondoren berretsi duenez, "funtsezkoa da etorkizunera begira Arkaute jakintza kudeatzeko gune gisa eratzea, jakintzaren, ikerkuntzaren eta garapen teknologikoaren behatoki gisa, euskal segurtasun ereduari lotutako alderdi guztietan eta uneoro berrituz".

Bide Segurtasunerako Plan Estrategikoa 

Segurtasun sailburuak iragarritako Segurtasun Sailaren planen barruan Bide Segurtasunerako Plan Estrategikoa ere bereizten da; planak bigarren mailako eta landa eremuetako errepideetan segurtasun estandarrak handitzea bultzatuko du, eta segurtasun neurri zehatzak proposatuko ditu arrisku gehien duten taldeentzat (bereziki oinezkoak, txirrindulariak eta motor gidariak).

Bidenabar, esparruetako segurtasuna bermatzeko kontrolak eta neurriak indartu nahi ditu Sailak, bereziki edukiera handiak izan eta jende andana biltzen dituzten hitzorduak antolatzen dituzten esparruen kasuan. Gainera, Udaltzaingoekin kolaboratzeko protokoloak berrikusiko dira, aurreikuspen, kontrol eta babes neurri oro betetzeko.

Herritarrentzako informazio eta arreta sistema hobetu egingo da, SOS-DEIAK 112 Larrialdien Koordinaziorako Zentroen kudeaketa indartuz, informazio bide berriak ezarriz sare sozialen bitartez, eta, tartean, Neguko Bideen Plan Estrategikoa berrikusi eta eguneratu egingo da eta Euskadiko Segurtasun Plan Orokorra idatziko da; horiek dira, besteak beste, datozen lau urteetan larrialdi eta babes zibileko arloetan Segurtasun Sailak garatuko dituen ekintzetako batzuk.  

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)