Berriak Ingurumena eta Lurralde Politika
Eu

Euskadiko mugikortasunean autoaren erabilerak zertxobait behera egin du

2013.eko urtarrilak 25

Oinez eta bizikletaz egindako joan-etorrien hazkundea nabarmendu da. 6.200.572 joan-etorri egunean: 3,05 joan-etorri biztanleko. Bizkaian garraio publikoa da nagusi; Gipuzkoan, autoa; eta Araban bizikletaren erabilerak gora egin du. Mugikortasuna handiagoa eta jasangarriagoa da emakumeen artean

Euskal Autonomia Erkidegoko herritarren joan-etorrien hazkundearen zati handi bat jasangarritasunaren aldeko mugikortasun-moduei dagokie, oinez edota bizikletaz egindako joan-etorriei, alegia. EAEko mugikortasuna handia da; izan ere, sei urtetik gorako herritarren % 89,5ek egiten du joan-etorriren bat lanegun arrunt batean. Guztira, 6.200.572 joan-etorri dira; hau da, egunean 3,05 joan-etorri egiten dira biztanleko, batez beste. 2003az geroztik gorako joera ageri da, bai joan-etorri guztien kopuruan, bai biztanleko batez bestekoan. Hala eta guztiz ere, azken lau urteetako gehitzea apala izan da: % 1,9 handitu da, 2007ko datuak erreferentziatzat hartuta. Beraz, kopuru absolutuei erreparatuz gero, 112.972 joan-etorri gehiago egin dira 2011n.

Eusko Jaurlaritzako Garraio Sailak 2012an egindako azterketan jasotako datuak dira. Lau urtean behin egiten da horrelako azterlan bat, joeren berri izateko eta arlo horretan gauzatuko diren jardueren plangintza egiteko. Mugikortasun-ereduetan izandako aldaketak ez dira oso esanguratsuak. Herritarren lekualdatze-premiei erantzuteko gehien erabiltzen den modua oinezkoa da: joan-etorrien % 44,8 oinez egiten dira. Gainera, automobilez egindako joan-etorriei eremua jan diete oinez egindakoek: 257.826 joan-etorri berri egin dira oinez, 2007ko datuak erreferentziatzat hartuta. Autoak bigarren tokiari eusten dio, baina penetrazio-kuotak behera egin du.

Garraio kolektiboek ere (autobusa eta trena) beherako joera izan dute; horrenbestez, 2011n autobusaren erabilera % 8,4koa izan da, eta trenarena, berriz, % 6,5ekoa. Gaur egun, EAEn, intermodalitatean oinarritutako aukerek indar gutxi dute, eta joan-etorrien % 1,2 hartzen dute.

Bizikleta gehiago

«Azken hilabeteotan egindako lan honetan –azpimarratu du Imanol Lezak, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika Saileko garraio-zuzendariak– nabarmentzekoa da bizikletek gora egin duela, garraiobide gisa, eta 2011n 116.938 joan-etorri egin direla guztira bizikletaz… Alegia, motoz egindako joan-etorriak baino gehiago!». Azterlanaren ondorioetan azaldutakoari jarraiki, «EAEko herritarrek egindako lekualdatze berri gehienak jasangarritasunaren aldeko moduei dagozkie; alegia, oinez eta bizikletaz egindako joan-etorriei».

Aurreko azterlanean, 2007. urteari buruzkoan, Garraioko teknikariek adierazi zuten «autoak gero eta toki gehiago hartzen zuela, mugikortasunean oro har, lan-alorreko premien ondorioz». Orain ere, lanbideak eragindako joan-etorriak edo derrigorrezko lekualdatzeak nagusi dira 2011ko joan-etorrietan: % 49,6 dira, 3.075.080 joan-etorri, guztira. Lanak eragindako mugikortasunak 2.351.287 joan-etorri eragin ditu; hau da, lekualdatze guztien % 37,3. Aisiak bigarren tokiari eusten dio, eta lanak eragindako joan-etorrietan bezala, arlo horretan ere gorakada nabari da (% 23,4). Amaitzeko, ikasketek eta erosketek eragindako joan-etorriek behera egin dute 2011n, eta % 12,3ko eta % 8,2ko kuotak dituzte, hurrenez hurren.

Eusko Jaurlaritzak mugikortasunari buruz egindako ikerketa berriak adierazten du EAEko ia joan-etorri guztiak barnekoak direla: lekualdatzeen % 98,2 EAEren barruan gertatzen dira, eta % 1,8 kanpoko lurraldeekiko fluxuei dagozkie. 2007an lurralde barruko lekualdatzeen proportzioa % 97,9koa zen. Udalerri barruko mugikortasuna sendotu da, eskualde barrukoak behera egun du, eta probintzia barrukoak eta lurraldeen artekoak, berriz, gora egin dute.  Hala ere, azpimarratu behar da 2011n ere EAEko lurraldeen arteko mugikortasuna urria dela, lurraldeen arteko distantziak txikiak izan arren. «Kontuan hartu beharreko beste faktore bat –azterlanean jaso ez dena– erregaien prezioen gorakadaren eta krisialdi ekonomikoaren eragina da, azken urteetan ibilgailu gutxiago erabiltzea eragin baitu», nabarmendu du Imanol Lezak.

Emakumeak, gehiago eta hobeto

Sexuen arabera bereizitako mugikortasun-ereduek adierazten dute emakumeen mugikortasuna (3,08) zertxobait handiagoa dela gizonena baino (3,01) eta jasangarriagoa dela, gehiago erabiltzen baitituzte motorizatu gabeko garraiobideak (emakumeen % 53,2k eta gizonen % 40k erabiltzen dituzte motorizatu gabeko garraiobideak), eta garraio kolektiboa ere gehiago erabiltzen dutelako, bai errepidekoa, bai trena. Joan-etorri horiek eragiten dituzten premiei erreparatuta, alderik handienak lanak eragindako lekualdatzeetan ageri dira, eta gizonen kasuan handiagoa da (portzentajezko 14 puntu). Emakumeen mugikortasuna udalerri barrukoa da gehienbat, eta gizonena nabarmenagoa da eskualde barruko joan-etorrietan eta lurraldeen arteko lekualdatzeetan.

EAEn lanegun arrunt batean egiten diren joan-etorriak lanbidearen ondorioz egiten dira (% 49,4) eta automobila erabiltzen da (joan-etorrien % 52,2). Aitzitik, beste kolektibo batzuek garraiobide ez motorizatuak erabiltzen dituzte gehienbat, batez ere jubilatuek eta pentsiodunek (% 69,5) eta etxeko lanez arduratzen direnek (% 71,2).

Araban, makrozefaliaren ondorioz, lurralde barruko joan-etorrien % 77,3 hiriburuan bertan egiten dira. Arabako Errioxako eskualdea eta Arabako Haranak dira kanpoko lurraldeekin lotura handienak dituztenak, batez ere udalerri hauekin: Logroño, Haro eta Miranda Ebro. Hiriburuak mugikortasunean duen pisu handiaren eraginez, barruko bidaien % 49,5 oinez egiten dira, eta bizikletak hirugarren tokia hartzen du, autoaren ondoren. Garraio kolektiboaren penetrazio-kuota txikia da, gainerako lurralde historikoekin alderatuz gero; % 11,3koa, hain zuzen. Dena dela, azpimarratzekoa da azken urteetako gorakada, Gasteizko hiri-garraioaren eta Gasteizko tranbiaren lineak berregituratu baitituzte.

Bizkaian biltzen dira EAE barruko joan-etorri guztien erdia baino gehiago.  Gainera, garraio kolektiboak, bereziki trenak, % 10,5eko portzentajea hartzen du, EAEko altuena (% 10,5), bai azpiegitura-zuzkidura egokiari esker, bai zerbitzuen eskaintzari esker (Euskotren, Metro Bilbao, Renfeko aldiri-trena, Tranbia), bai eta azken urteetan lineak luzatu direlako ere.

Gipuzkoan autoaren penetrazio-kuota handiena nabari da, barruko joan-etorriei dagokienez.  Lurralde-antolamenduak ere, hiriburuaren gaitasun txikiagoa eragiten du –Bizkaiarekin eta Arabarekin alderatuta– Gipuzkoako gainerako eskualdeetatik lekualdatzeak erakartzeko.

EAEko mugikortasunari buruzko 2011ko azterketa, abenduan argitaratua (dossierra + CDa), sei urtetik gorako biztanleei 2011ko apiriletik ekainera bitartean egindako inkestan oinarritzen da, eta inkesta hori gauzatzeko, EAEko eskualde guztietako 4.005 etxebizitzak osatutako lagina erabili da.

5 iruzkin
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @EdortaBergua
    2013.eko maiatzak 06

    Comentario de Twitter:
    @xletona @argia Pozgarria eta aspaldiko albistea da. Informazio gehiago hemen: http://t.co/YRXlVFgEkf

  • @macmikel
    2013.eko urtarrilak 26

    Comentario de Twitter:
    Gipuzkoa da EAEn autoa gehien erabiltzen den lurraldea. Estrategikoa da mugikortasun-eredua aldatzea gurean http://t.co/hWii69u9

  • @Ingurugiroa
    2013.eko urtarrilak 26

    Comentario de Twitter:
    Decrece levemente el uso del automovil en Euskadi http://t.co/nrWb8dQn http://t.co/V2QeMfhC

  • @Ingurugiroa
    2013.eko urtarrilak 26

    Comentario de Twitter:
    Decrece levemente el uso del automovil en Euskadi http://t.co/nrWb8dQn http://t.co/V2QeMfhC

  • @NoticiasEuskadi
    2013.eko urtarrilak 25

    Comentario de Twitter:
    RT @Irekia_News: Decrece levemente el uso del automovil en Euskadi. http://t.co/303EYOFP

Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)