Berriak Ogasuna eta Finantzak
Eu

Jaurlaritzak Euskal Autonomia Erkidegoaren 2013. Urterako Aurrekontu Orokorrak egiteko jarraibide ekonomikoak onartu ditu (2013-01-22(e)ko Kointseiluan hartutako erabakia)

2013.eko urtarrilak 22

Erabakia, Euskal Autonomia Erkidegoko 2013. urterako Aurrekontu Orokorrak egiteko Jarraibide Ekonomikoak onartzen dituena eta sail guztietako titularrei sail haiei atxikitako erakundeei horren berri emateko agintzen diena.

Gobernu Kontseiluak gaur onartu ditu Euskal Autonomia Erkidegoaren 2013. urterako Aurrekontu Orokorrak egiteko jarraibide ekonomikoak.

Egin berri diren hauteskundeak direla eta, lehenik eta behin, esan behar da jarraibide ekonomiko horiek urtarrilean onartu behar izan direla, eta ez ekainean, Euskadiko Diruegitamuen Jaurpideari buruzko Legeak ezartzen duen bezala.

Gobernu Kontseiluak gaur hartu duen erabakia lau ataletan egituratzen da: hasteko, gobernu-ekintzaren estrategiari eta helburuei buruzko zirriborroa; ondoren, zehaztu da zein agertoki makroekonomikotan mugituko den Euskadi, eta zehaztu egin da, era berean, aurrekontu-egonkortasunari dagokion erregulazio-esparru berria eta esparru berri horrek zer eragin izango duen 2013rako kontu publikoen prestatze-lanean; amaitzeko, aurrekontu-jarraibide zehatzak ezarri dira prestatze-lan horretarako.


1.- Euskadiren agertoki makroekonomikoa 2013-2015rako

2012. urtean zehar, jarduera ekonomikoaren beherapena areagotu egin da Euskadin. Ekitaldiko lehen hiruhilekoan -eskuragarri dagoen azken datua- gure BPGaren jaitsiera % -1,3koa izan da urte arteko tasan. Beraz, atzerapen ekonomiko larriko testuinguru batean gaude, eta bigarren atzeraldia da lau urtean. Azken urteotako historian euskal ekonomiak ez ditu orain arte inoiz igaro horrelako bi atzeraldi, ez hain jarraituak denboran eta ez hain sakon eta handiak.

Agertoki makroekonomikoak egitea are konplexuagoa izaten da ziklo-aldaketako eta ziurtasun-falta handiko uneetan, eta oraingo une hau horrelako unea da, hain zuzen ere.

Nolanahi ere den, gure inguruan datozen urteetarako egin diren bilakaera-zenbatespenetan nabarmen beherantz zuzentzen ari dira hazkunde ekonomikoa. Zuzenketa hori bereziki sakona izan da 2013rako, eta Europar Batasuneko herrialde guztiei eragin die.

Gure inguruaren bilakaera aurreikusiak baldintzatu egiten ditu Euskadiren datozen urteetarako aurreikuspenak, eta, hori dela eta, euskal ekonomiak azaldutakoaren antzeko ibilbidea izango du.

2013. urtean, gure ekonomiak bere jardueran izango duen beherapena 2012an izan zuenaren berdina izango da, eta, hori dela eta, gure BPGaren hazkunde negatiboa % -1,1era iritsiko da urte arteko tasan.

Jarduerarako bultzada atzerritik etortzea itxaroten da, inguruko ekonomien ahultasuna gorabehera, zeren eta barneko eskariak balio negatiboak izaten jarraituko baitu, bai kapitalaren eraketa gordinari dagokionez -inbertsioa-, eta bai barneko kontsumoari dagokionez.

Enpleguak, era berean, behera egingo du urte horretan, % -2,0ko urteko tasara, eta horrek 19.000 lanpostu inguru galtzea ekarriko du.

2014 urtea arte ez gara krisialditk aterako. Urte horretan barne-kontsumoa gelditu egingo da eta inbertsioa gora egiten hasiko da. Horrek bide emango du enplegua sortzeko eta langabezia-tasa murrizteko.


2.- Aurrekontu-agertokia: aurrekontu-egonkortasuna eta finantza-iraunkortasuna

2013ko aurrekontuek bat etorri behar dute adierazitako egoera ekonomikoarekin; izan ere, aurrekontu-egonkortasuna bermatu behar zaio sektore publikoari, lagungarri izan dadin ekonomiaren hazkunderako, eta gobernu-ekintzaren helburuak lortzeko.

Arrazoizkotasun ekonomikorako eskakizun orokor horrek esan nahi du uztartu egin behar direla kontsolidazio fiskalaren prozesua eta hazkunderako aukerak; izan ere, 2012an atzeraldira itzultzeak erakutsi duenez ─Nazioarteko Diru Funtsak berak ere aitortu baitu, azkenean─, muturreko austeritate-politikak ondorio negargarriak izaten ari dira jarduera ekonomikoan.

Nolanahi ere, aurrekontu-egonkortasunaren esparru berriaren erreferentzia nagusiak honako hauek dira: Europa mailan, Egonkortasun eta Hazkunde Itunaren birformulazioa, eta Itun Fiskala sortzea, eta haien ondorioz, Espainiako Estatuan, 2011ko erreforma konstituzionala, eta, ondoren, Aurrekontu Egonkortasunari buruzko Legea esaten zaiona onartzea.

Egonkortasunari buruzko erregulazio-esparru berri horrek herri-administrazio guztien aurrekontuei eragiten die, hiru eskakizun bete behar baitituzte helburu jakin batzuk betetze aldera defizitaren alorrean, zorrarenean eta gastu-arauetan.

Euskadik eta Estatuak ez dute aurtengo urterako akordiorik sinatu oraindik, Ekonomia Itunari buruzko Legeak hala eskatu arren, baina defizit-helburu hau hartuko da 2013rako: BPGren % 0,7.

Defizit-helburu hori onartzeak eta diru-sarreren kalkuluak, ekitaldirako aurreikuspen ekonomikoetan oinarritu baita, nahitaez ekarriko dute austeritate-politika bat hartzea, eta 2013rako aurrekontuetarako doiketa planteatzea.


3.- Gobernu-ekintzaren estrategia eta helburuak

Lau dira Jaurlaritzak 2013. urterako aurrekontuen bidez finkatzen dituen helburu nagusiak, hau da: gizarte-zerbitzuen babesa, bereziki osasuna, hezkuntza eta gizarte-bazterkeriaren aurkako borroka; enplegua eta jarduera ekonomikoa pizgarritzea; Euskadik munduan izan behar duen proiekzio ekonomikoa, eta finantza publikoen iraunkortasuna bermatzea aurrekontu-egonkortasunari dagozkion helburuak beteta.


a) Gizarte-zerbitzuen babesa, bereziki osasuna, hezkuntza eta gizarte-bazterkeriaren aurkako borroka

2013. urterako aurrekontuek euskal ongizate-sarearen babesa lehenesten dute, bai eta sare horren oinarrian dauden printzipio eta balioen babesa ere, Euskadiren gizarte-kohesioa atxikitzeko eta sendotzeko.
Osasun-politiken garapena eta gure ongizate-sistemaren iraunkortasuna, izan ere, euskal gizartearen bizi-kalitatearen eta ongizatearen oinarrizko zutabeak dira.

Herritarren zerbitzuan egongo den hezkuntza-politika baten aldeko apustua berresten dute, balioetan oinarrituta dagoen hezkuntza-sistema baten bidez, bakea eta bizikidetza sustatzeko.

Era berean, gizarte-bazterkeriaren aurka borrokatzeko politikei eusten zaie, hala nola Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta, gizarte-larrialdietarako laguntzak, etxebizitza arloko sorospenak, etab.


b) Enplegua eta jarduera ekonomikoa pizgarritzea

2013. urterako Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontuetan jarduera batzuk egituratuko dira bi arlotan: alde batetik, euskal enpresa-sareari laguntzeko neurri batzuk hartuko dira, eta, bestetik, enplegua sortzeko neurri zuzen batzuk hartuko dira.

Azken eremu horretatik hasita, programa bat jarriko da abian 30 urtetik beherako pertsonen kontratazio berriak eta euskal gazteen artean autoenplegua sustatzeko.

Enpresa txiki eta ertainak eta autonomoak finantzatzeko programa bat ere jarriko da abian; programa horrek, besteak beste, jarduera batzuk jasoko ditu arlo hauetan: zirkulatzailearen finantzaketa, eta abal eta mikrokredituen programak, bai eta aurrezte pribatua euskal enpresa-sare osora bideratuko duten politikak ere.

Ekimen horietaz gain, hona hemen Jaurlaritzaren bost jarduera-esparru lehentasunezkoak Euskadik hazkundearen eta enplegu-sortzearen bidea berreskura dezan: industria-politikari eta lehiakortasunari laguntzea; ekintzaileei laguntzea; nazioartekotzearen eta Euskadi markaren aldeko apustua egitea; berrikuntza bultzatzea, eta enplegua sustatzea.


c) Euskadik munduan izan behar duen proiekzio ekonomikoa

Nazioartekotzearen aldeko apustua, betiere, estrategia proaktibotzat hartu behar da, eta, gainera, ez da hartu behar estrategia soilik ekonomikotzat, baizik eta Herri estrategiatzat.

Helburua da presentzia eta tamaina irabaztea merkatu globalean, dela alderdi ekonomikotik, dela ikuspegi instituzional, politiko eta sozialetik.

Horretarako, diplomazia ekonomikoko estrategia bat bultzatuko da, eta estrategia horretan garrantzia berezia hartuko du Basque Country herri-markaren indartzeak.


d) Finantza publikoen iraunkortasuna bermatzea aurrekontu-egonkortasunari dagozkion helburuak beteta.

2013an, Euskadik aurrekontuen egonkortasunari buruz hartuak dituen konpromisoak betetzen jarraituko du, eta, hori dela eta, ez dira etengo finantza publikoen iraunkortasunerako beharrezko diren kontsolidazio fiskaleko politikak.

Aipatu ditugun lehentasunei heldu ahal izateko eta gastua ekonomiari bultzada berria ematen gehien lagun dezaketen partidetan eta gizarte-zerbitzuen babesari zuzendutakoetan bildu ahal izateko, beharrezkoa da austeritate-politika bat izatea.


4.- Euskal Autonomia Erkidegoaren 2013. urterako Aurrekontu Orokorrak egiteko Aurrekontu Jarraibideak

Jarraibideok ematerakoan, ezinbestean begiratu behar dira dagokion aurrekontu-proiektua prestatzeko bi printzipio oinarrizkoak: lehenengoa, gasturako austeritate-mekanismoak ezartzea, orobat sektore publiko guztiaren produktibitatea hobetzekoak; eta bigarrena, Ongizate Estatua bermatzen duten zerbitzu publikoen eskaintzari eustea, aurrekontu-ekintza bideratuta oinarrizko zerbitzu publikoak atxikitzera.

Printzipio horiek abiapuntutzat hartuta, jarraibide hauek ezarri dira 2013ko ekitaldirako Aurrekontuak prestatzeko:

Lehenengoa: Langileek eragindako gastuak

Hona irizpidea: gehikuntzarik ez euskal sektore publikoaren zerbitzuko langileen ordainsarietan.

Neurriak hartuko dira gastu horri eusteko, lanpostu hutsak betetzeari, ordezkapenei eta aldi baterako langileak kontratatzeari dagokienez.

Aurrekontu-plantilla ez da handituko, 2012ko abenduaren 31n dauden lanpostuen guztizko agregatuarekin alderatuta.


Bigarrena: Funtzionamendu-gastuak eta transferentzia arruntak

Administrazio instituzionaleko erakundeentzako transferentziak kalkulatzeko, aurreko ataleko mugak hartuko dira kontuan, transferentziok langile-gastuak finantzatzen dituzten zatian.

Euskal Autonomia Erkidegoko Sektore Publikoko sailek, organismo autonomoek eta gainerako erakundeek gastu arruntari buruzko politikak aztertu, eta erabakiak hartuko dituzte, gastu arruntak nabarmen murrizte aldera, lehentasuna emanda lehenago adierazitako helburu estrategikoak betetzeari.


Hirugarrena: Inbertsio publikoa

Egokitu egingo da inbertsio publikoa, euskal zerbitzu publikoak zaintzeko helburua betetzea lehenesteari begira.


Laugarrena: Finantza-gastuak eta finantza-pasiboen txikiagotzea

Zor Publikoaren interesen eta amortizazioaren aurrekontua zenbatetsitako kostuaren arabera egingo da.


Bosgarrena: Administrazio Orokorreko zuzendaritza-egiturak egokitzea

Neurriak hartuko dira Administrazio Orokorreko zuzendaritza-egiturak % 20 murrizteko 2013an.


Seigarrena: Sektore Publikoko erakunde berririk ez sortzea

Ez dago aurreikusita organismo autonomo, zuzenbide pribatuko ente publiko, sozietate publiko, fundazio edo partzuergo berririk sortzea.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau