Berriak Ekonomiaren Garapena eta Lehiakortasuna
Eu

Eusko Jaurlaritzak harreman zuzenekoa eta iraunkorra eskaini dio Arabako Errioxako mahastigintza eta ardogintza sektoreari

2013.eko urtarrilak 18

Arantza Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapeneko eta Lehiakortasuneko sailburua eta Bittor Oroz Nekazaritzako eta Arrantzako sailburuordea Arabako Errioxako mahastigintza eta ardogintza sektoreko ordezkariekin bildu dira, gaur goizean, Guardiako Kuadrilaren egoitzan.

Guardiako Kuadrilako lehendakariak, Jokin Villanuevak, zuzendu du lan-saioa eta Arabako Errioxako ardoaren ekoizpen eta merkaturatze sektoreko hainbat elkartetako dozenaren bat ordezkari mintzatu dira: Arabako Nekazarien Elkartekoak, DOLAREkoak, Arabako Errioxako Upategien Elkartekoak, ARAEXekoak, SEA-Bodegas elkartekoak eta Grupo Rioja taldeko Arabako upategietakoak.

Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Saileko arduradun berriak aurkezteko ez ezik -sail horren egitekoa izango baita nekazaritza eta arrantza politikak kudeatzea-, mahastigintza eta ardogintza sektorearekin elkarrizketa-bide zuzenekoa eta iraunkorra irekitzeko ere balio izan du bilerak, erabakigarri jotzen baitute sektore hori bi aldeek Arabako Errioxaren ekonomia garapenerako.

Bertaratu diren elkarteetako ordezkariek beren kezkak azaldu dituzte eta Jaurlaritzaren sostengua eskatu dute esku artean dituzten zenbait auziren aurrean: Europar Batasunetik datozen araudien joera, landaketak liberalizatzearen aldekoa, mahats zuri landaketa berriak eta Arabako Errioxaren eta bere jatorri-deituraren egoera.

Mahatsaren eta ardoaren ekoizpenari eta merkaturatzeari estu lotutako gai horiek ez ezik, gogoratu dute garrantzi handikoak direla orobat, Arabako Errioxaren plan estrategikoan, olio sektorearen jarduera eta Arabako eskualde honetan turismoa bultzatzeko ekintzak ere.

Eusko Jaurlaritzak hitz eman du sektorearen interesak aldezteko baliagarri diren foro guztietan hartuko duela parte.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)
Beste gonbidatu batzuk
  • Bittor Oroz