Berriak Segurtasuna
Eu

Uholdeen Plana aktibatuta mantentzen du eguraldiak berriz ere txarrera egingo duelako

2013.eko urtarrilak 17

Euskalmeten iragarpenek prezipitazio ugari iragartzen dituzte, bai eta haize gogorrak ere zenbait alditan

Estefanía Beltrán de Heredia Segurtasun sailburuak erabaki du Uholdeen Arriskuagatiko Larrialdi Plana aktibatuta mantentzea, 0 mailan, datozen egunetan eguraldiak berriz ere txarrera egingo duelako. Izan ere, gutxienez igandera arte, urtarrilak 20, zenbait alditan euri asko egingo du, Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziak iragarri duenaren arabera.

Hori dela-eta, aipatutako Larrialdi Plana aktibatuta mantentzeaz gain, Segurtasun sailburuak hiru Lurraldeetako Aholkularitza Kontseilua (Krisi Mahaia) deitu du biharko (ostirala), 12:00etarako, egoera aztertzeko eta prebentzio-neurri egokiak hartzeko asteburuari begira.

Euskalmeten arabera, egoera hori eragingo dute mendebaldetik ekialdera iritsiko diren hainbat depresiok eta horiei lotutako fronteek; izan ere, bete-betean harrapatuko dute EAE, eta prezipitazio ugari, haize gogorrak eta tenperatura-oszilazio handiak eragingo dituzte. Oszilazio horien eraginez, baliteke elur-kota 1.000 metrotik behera kokatzea zenbait alditan.

Printzipioz, bihar ostirala, urtarrilak 18, zenbait fronte epelen eragina jasango dugu, eta, fronte epel horien ondorioz, prezipitazio ugari eta iraunkorrak izango ditugu, tenperatura nahiko leunekin. Elur-kota 1.500 metrotik gora kokatuko da.

Hala ere, larunbatean, urtarrilak 19, EAEk depresio sakon baten eragina jasango du, eta depresio hori Iberiar penintsularen mendebaldetik ekialdera mugituko da. Depresio horren eraginez, goizean hegoaldeko haize nahiko indartsuak izango ditugu, eta haizeguneetan 70-80 km/h-ko abiadurara iritsiko dira. Eguerdi partean, bat-batean aldatu eta iparraldeko haizea sartuko zaigu; orduan, haizea gogorragoa izango da, eta haizeguneetan 100 km/h-ko abiaduratik gorako haize-boladak ere izan ahalko ditugu.

Prezipitazioak ere ugariagoak eta nahiko indartsuak izango dira egunaren bigarren erdian. Tenperaturek bortizki eta nabarmen egingo dute behera eguerditik aurrera, haizea aldatzean. Ondorioz, elur-kotak azkar egingo du behera 2.000 metrotik 1.000 metrora arratsaldean, eta, egunaren amaieran, baliteke elur-kota hori 800 metrotan kokatzea.

Igandean, hilak 20, prezipitazioek jarraitu egingo dute, bereziki egunaren lehenengo erdian, eta tenperaturak baxuak izango dira. Baliteke elur-kota 600 metrora jaistea goizaldean, eta arratsaldean 1.000 metro ingurura igoko da. Egunean zehar, ipar-mendebaldeko haize nahiko gogorrak izango ditugu egunaren lehenengo erdian, eta mendebalde - hego-mendebaldeko haize nahiko gogorrak egunaren bigarren erdian.

Datorren asteari dagokionez, iragarpenen arabera, berdin antzean jarraituko dugu. Hainbat depresio eta fronteren eragina izango dugu, prezipitazioekin batera; horrez gain, baliteke egunen batean elur-kotak nahiko baxuak izatea.

Labur esanda, meteorologiari dagokionez, egun zailak izango ditugu, prezipitazio ugarirekin, haizearekin eta zenbait unetan 1.000 metrotik beherako elur-kotekin.

Oharra: Kontuan hartu behar da denbora-horizontea zenbat eta luzeagoa izan, iragarpenen fidagarritasuna orduan eta txikiagoa dela. Beraz, iragarpenen eguneratzeen berri izatea komeni da, Euskalmeten ( http://www.euskalmet.net) eta twitter-en (@euskalmet) bitartez.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko