Berriak Segurtasuna
Eu

Segurtasun Sailak desaktibatu egin du krisi-mahaia

2013.eko urtarrilak 16

Segurtasun sailburuak 0 mailara jaitsi du Uholdeengatiko Larrialdi Plana

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak desaktibatu egin du krisi-mahaia. Izan ere, Estefanía Beltrán de Heredia Segurtasun sailburuak Uholdeengatiko Larrialdi Plana 1 mailatik 0 mailara jaistea erabaki du, baldintza meteorologiko eta hidrologikoek hobera egin dutela ikusi eta gero.

Segurtasun Sailaren arabera, une honetan EAEko ibaien mailek nabarmen behera egin dutela egiaztatu da, prezipitazioak gutxitu egin direlako.

Hala ere, Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziak adierazi duen bezala, datozen orduetan prezipitazioak ugaritu egin daitezke, eta, horren eraginez, ibaien emariak berriz ere handitu egin daitezke; hala ere, iragarpenen arabera, ez gara iritsiko atzo ikusitako mailetara.

Edonola ere, Segurtasun Sailak aktibatuta mantentzen du ibaien zaintza intentsiboa, Uholdeengatiko Larrialdi Planaren 0 mailarekin bat etorrita.

Adi, "izotz beltza" egon daitekeelako

Euskalmeten iragarpenek adierazten dutenaren arabera, biharko ez da euririk itxaroten, EAEko mendebaldean (Bizkaian eta Araba/Álavako mendebaldean) izan ezik; izan ere, EAEko mendebaldean euri apur bat egin dezake goizaldean. Aldi berean, iragarpenen arabera, oro har tenperaturek behera egingo dute.

Halaber, EAEko mendebaldean (Araba/Álavako mendebaldean eta Bizkaian), elur-kota 700-800 metro inguruan koka daiteke, baina ez da kopuru esanguratsurik espero.

Hala ere, EAEko ekialdeko toki zehatz batzuetan (Araba/Álavako ekialdean eta Gipuzkoan) arazoak sor daitezke, toki horietan izotz-plakak ager daitezkeelako "izotz beltz" eran, izozteen eta lurzoru bustiaren arteko elkarreraginaren ondorioz.

Iragarpenen arabera egoera hori sor daitekeenez, Segurtasun Sailak kontuz gidatzeko gomendatzen die gidariei, batez ere eguneko lehenengo orduetan.

Oharra: Kontuan hartu behar da denbora-horizontea zenbat eta luzeagoa izan, iragarpenen fidagarritasuna orduan eta txikiagoa dela. Beraz, iragarpenen eguneratzeen berri izatea komeni da, Euskalmeten ( http://www.euskalmet.net) eta twitter-en (@euskalmet) bitartez. 






Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)