
Eusko Jaurlaritzak ez ditu itxiko larrialdietako zerbitzuak
Josu Erkoreka eledunak adierazi du Eusko Jaurlaritzak ez daukala «inolako asmorik» zentroetako larrialdi-zerbitzuak ixteko, Gaztela-Mantxan bezala. Erkorekak azaldu duenez, 2012ko kontuen kitapena ezagutu eta eskura zenbat diru dagoen jakindakoan erabakiko da zein diren lehentasunak; hala ere, nabarmendu du Eusko Jaurlaritzak ez duela halako neurririk aurreikusten.
Gaur goizean egin ditu Erkoreka Jaurlaritzaren eledunak adierazpen horiek, Los desayunos de TVE saioan.
ETAko presoen inguruko espetxe-politika aldatu beharraz konbentzituta agertu da Erkoreka, eta adierazi du salbuespen-neurri guztiak indargabetu behar liratekeela, espetxe-politika noizbait terrorismoaren aurkako politikaren zatitzat jo zutelako hartuak baitira.
Artur Masen plan subiranista dela-eta, berriz, Euskadi eta Katalunia errealitate desberdinak direla azpimarratu du Erkorekak, bi herrien helburu nazionalek bat egin ahal izanagatik ere.
Euskadirentzako autogobernu-estatus berri baten aldeko apustua berretsi du Erkorekak; azaldu duenez, Urkullu lehendakariak aurki egingo duten bilera batean azalduko dio proposamena Mariano Rajoyri. Topaketa horretan, lehendakariak besteak beste itun ekonomikoaren berrikuspenari helduko diola aurreratu du Erkorekak.