Berriak
Eu

Eusko Jaurlaritza 'legezko aukerak' aztertzen ari da behin-behineko langileen ordainsarien inguruan'

2013.eko urtarrilak 15

Josu Erkoreka bozeramaileak jakinarazi du txosten juridiko bat agindu dutela administrazio publikoko behin-behineko langileei aparteko ordainsariak nola likidatu aztertzeko. Erkorekak adierazi duenez, Jaurlaritzak erraztasunak ipiniko ditu kaltetutako langileek, administrazioak ordaindutako diru-kopuruak itzuli behar izatekotan, «ahalik eta modurik erosoenean» itzul ditzaten.

 

Gaur goizean egindako Gobernu Kontseiluaren osteko prentsaurrekoan, Erkorekak jakinarazi du behin-behineko 12.000 langile publikok jaso zutela 2012ko bigarren seihilekoaren ordainsariaren zati proportzionala eta orain agian itzuli egin beharko dutela. Zenbaketa horretan ez daude erretiroa hartutako langileak kontuan hartuta, oraindik zenbatu gabe baitaude. Guztira 8 milioi euro itzuli behar dituzte, Eusko Jaurlaritzak kalkulatu duenez.

Txosten juridikoa «beharrezkoa» dela adierazi du Josu Erkorekak, aparteko ordainsariaren likidazioa Konstituzio Auzitegiak horrelakoak bertan behera uzteko autoa eman aurretik egin baitzen.

Osasun arloko koordainketa

Jon Darpón Osasuneko sailburuak osasun arloko koordainketa Euskadin «progresiboki» ezartzeko agindu duela ere iragarri du agerraldi horretan Eusko Jaurlaritzaren bozeramaileak.   Konstituzio Auzitegiak Eusko Jaurlaritzaren dekretua bertan behera utzi izanak ez duela «tarterik uzten» azaldu du Erkorekak, eta sistema informatikoak datozen hilabeteetan berau gauzatzeko lanean ari direla gehitu du; halere, ohartarazi du ez dela martxan jarriko «egun batetik bestera».

EAE-ANVren legez kanporatzea Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegiak berresteari dagokionez, «iraganean» gelditzen den erabakia izatea espero du Erkorekak, «oraingo eta etorkizuneko joko politikoa» baldintzatzen ez duena.


Eusko Jaurlaritzaren Kontseiluak hartutako erabakiak (2013.01.15)

 

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)