Berriak Segurtasuna
Eu

Euskalmetek berretsi egin du eguraldiak okerrera egingo duela bihartik aurrera

2013.eko urtarrilak 11

Prezipitazio ugariak eta tenperaturen jaitsiera espero dira, eta elurra gero eta kota baxuagoetan egingo du

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailari dagokion Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziak iragarri duenaren arabera, eguraldiak nabarmen egingo du okerrera asteburu honetatik aurrera. Izan ere, depresio bat iritsiko da gurera, eta, horren eraginez, prezipitazio ugariak izango ditugu eta tenperaturek nabarmen egingo dute behera, bereziki larunbat arratsaldetik aurrera. Izan ere, une horretan, baliteke elur-kota 1.000 metrotik behera kokatzea.

Euskalmeten arabera, larunbatean, urtarrilak 12, euri asko egingo du kantauriar isurialdean, batez ere egunaren bigarren erdian; euri jasekin batera txingorra ere bota dezake. Elur-kota, hasieran, 1.500 metro inguruan kokatuta egongo da, baina, apurka-apurka, kota horrek behera egingo du, eta egunaren amaieran 900 metro ingurura iritsiko da.

Era berean, igandean, hilak 13, eguraldi zakarra izango dugu; euri asko egingo du bereziki kantauriar isurialdean, ipar-mendebaldeko haizeak gogor joko du eta tenperaturek behera egingo dute. Elur-kota, hasieran, 900 metro inguruan kokatuko da, baina baliteke 600-700 metrora ere jaistea.

Horrez gain, Euskal Meteorologia Agentziak ez du baztertzen euri jasekin batera txingorra ere botatzea. Iragarpenen arabera, arratsalde-gau partean jaitsiko dira gehien tenperaturak.

Datorren asteari begira, iragarpenen arabera, ziurrenik astelehenean zein asteartean egoera berdina izango dugu, iparraldeko haizeekin, euri ugarirekin eta elurrarekin. Astelehenean, hilak 14, baliteke elur-kota 400 eta 700 metro bitartean kokatzea, baina oraindik ezin da bestelako egoerarik baztertu.

Astearteari dagokionez, ziurrenik, elur-kotak gora egingo du, 400-700 metrotik 1.000 metrora iritsi arte. Hala ere, ziurgabetasuna handia bada ere, ez da baztertzen Europatik etorriko den aire hotzeko beste masa bat gure lurraldera iristea astearen bigarren erditik aurrera.

GOMENDIOAK

Beraz, datozen egunetarako, neguko giroa itxaroten dugu: elurra nahiko kota baxuetan, iparraldeko haize gogorrak, prezipitazio ugari eta, ziurrenik, euri-zaparrada trumoitsuak txingorrarekin; iragarpenen arabera, EAEko errepide-sareko zenbait mendatek horien eragina jasango dute, bereziki igande gauean eta astelehen goizaldean. Hori dela-eta, Segurtasun Sailak gidariei gomendatzen die kontuz jokatzeko eta informatuta egoteko.

Era berean, Euskalmeten iragarpenen arabera mendiko goi-aldeetan elur ugari pilatuko denez, Segurtasun Sailak mendizaleei kontu handiz ibiltzeko gomendatzen die; aldi berean, adituak ez direnei goi-alde horietara ez joateko gomendatzen die.

Oharra: Kontuan hartu behar da denbora-horizontea zenbat eta luzeagoa izan, iragarpenen fidagarritasuna orduan eta txikiagoa dela. Beraz, iragarpenen eguneratzeen berri izatea komeni da, Euskalmeten ( http://www.euskalmet.net) eta twitter-en (@euskalmet) bitartez.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko