Berriak Herri Administrazioa eta Justizia
Eu

Erkorekak ziurtatu du 2012ko ekitaldiko kitapena burutu baino lehen kontu publikoen proiektua aurreratzea “arinegi eta arduragabekeriaz” jokatzea litzatekeela

2013.eko urtarrilak 10

Josu Erkorekaren ustez, aurrekontuen proiektua Eusko Legebiltzarraren aurrean aurkezteko epea “laburra” da.
Bozeramaileak azaldu du 2013rako kontu publikoen proiektua aurkeztu baino lehen nahitaez kitatu behar direla iazko kontuak. Joan zen ekitaldian beharbada Autonomia Erkidegoentzat ezarritako defizitaren muga gainditu zela ohartarazi du. Hori egia balitz, “berrorekarako plan” bat onartu beharko litzateke, Ogasun Ministerioaren kontrolaren menpeko plan bat izango litzateke, eta horrek aurrekontuak lantzeko oinarriak aldatuko lituzke.

Eusko Jaurlaritzaren bozeramaile Josu Erkoreka Euskadi Irratiko “Boulevard” saioan elkarrizketatua izan da. Elkarrizketa gaur goizean egin da EITBk Bilbon dituen estudioetan, eta Daniel Álvarez kazetariak zuzendu du.

Erkorekak alderdi politikoei “modu arduratsuan” jokatzeko eskatu die, kontu publikoen onarpena ez oztopatzeko. Bozeramaileak erantsi du une honetan “komeni” dena erakunde publiko bakoitzak bere aurrekontuak izatea dela.

Aurrekontu hauetako lehentasunei dagokienez, Erkorekak azpimarratu du hezkuntza eta osasuna “ukiezinak” direla eta beste lehentasunezko helburu bat gizarte-prestazioak direla; hala ere, inbertsio publikoetarako partida ekonomikoak, gastu arrunta eta diru-laguntzak murriztu egingo direla aurreratu du.

Presoak
Ezker abertzaleak Eusko Jaurlaritzari presoen egoera dela-eta leporatu dionari buruz galdetu diotenean, Josu Erkorekak adierazi du “lan isila eta mutua” batzuetan “ele-meleak baino eraginkorragoa” dela. Gainera, EAJ gai honetan eta “neurri batean” Mariano Rajoyren eta José Luis Rodriguez Zapateroren Gobernuekin “elkarrizketatzaile eraginkor eta zuhurra” izan dela esan du.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)