Berriak Segurtasuna
Eu

Berrogeita hemeretzi hildako zirkulazio istripuetan, 2011n baino bat gutxiago

2013.eko urtarrilak 02

Harrapatuta zendutako oinezkoen kopuruak behera egin du

Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritzak jasotako estatistika datuen arabera, 2012an Euskal Autonomia Erkidegoko hiri barruko zein hiri arteko errepideetan gertatutako istripuetan 59 pertsona zendu dira, 2011n baino bat gutxiago; izan ere, urte horretan 60 pertsona hil ziren. 2012an 56 istripuk eragin dute aipatutako heriotza kopurua, aurreko urtean baino istripu bat gehiago izan da, beraz.

Estatistika datu horietan Ertzaintzak zein Udaltzaingoek erregistratutako ezbeharrak jaso dira, hau da, istripu guztiak hartu dira aintzat, bai hiri barruko, bai hiri arteko errepideetan gertatutakoak.
Bukatu berri den urte honetan heriotza eragin duten istripuen tipologiari dagokionez, zendutako oinezkoen zifrak behera egin duela nabarmendu behar da. 2012an hamaika pertsona hil dira harrapatuta (zortzi gizonezko eta hiru emakume), eta iaz, ostera, hamabost izan ziren (zazpi gizonezko eta zortzi emakume). Harrapatuta hil direnen adinari dagokionez, 2012an zendutako hamaika biktimetatik zazpi 64 urtetik gorako pertsonak izan ziren (bost gizonezko eta bi emakume).
2012an hiri arteko eremuetan errepidetik ateratzeagatik gertatu dira heriotza eragin duten istripu gehienak (% 38), eta hiri barruko istripuetan, ordea, harrapaketak gailendu dira (% 78). Faktore ohikoenen kasuan, bi faktore errepikatu egin dira: zirkulazio arauak haustea, eta abiadura desegokia.
2012an heriotza eragin duten ezbehar gehienak errepidea lehor zegoela gertatu dira, eta astean zehar asteazkenetan izan dira istripu gehienak (% 22); asteazkenaren atzetik larunbata eta asteartea datoz (% 17 kasu bakoitzean). Heriotza gehienak ordu tarte jakin batzuetan gertatu dira, batetik goizeko zazpietatik bederatziak arte, eta bestetik arratsaldeko hiruretatik seiak arte.

Gizonezkoak nagusi

Zirkulazio istripuetan hildako pertsona kopuru osoa sexuen arabera sailkatuz gero, gizonezkoen kopurua nabarmen altuagoa dela ikus daiteke. Zendutako gizonezkoak batez ere gidariak izan dira. Hala, 59 hildakoetatik, 44 gizonezkoak ziren (33 gidari, 3 bidaiari eta 8 oinezko), eta gainerako 15 biktimak, aldiz, emakumeak (6 gidari, 6 bidaiari eta 3 oinezko).
Zirkulazio istripuetan hildako gidariei azterketa toxikologikoak egitean, % 20 inguruk emaitza positiboak eman zituen alkohol edo drogetan, hau da, kontzentratu eta erantzuteko gaitasuna inhibitzen duten substantzien eraginpean gidatu zuten.






Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko