Berriak Lehendakaritza
Eu

Lehendakariak ziurtatu du bere Gobernuak “ez dituela oinarrizko zerbitzuak murriztuko”

2012.eko abenduak 20

Iñigo Urkullu lehendakariak azpimarratu du gobernu berriaren jarduerak lana eta gizarte-politikak izan behar dituela oinarri. Urkulluk Euskadiri “ongizate-estatuan funtsezkoak diren zerbitzuetan” egonkortasuna ematearen garrantzia baloratu du, “osasunaren arloan, hezkuntzan eta gizarte-zerbitzuetan, besteak beste”. Horren harira, lehendakariak argi utzi nahi izan du bere gobernuak “ez dituela politika publikoetako oinarrizko zerbitzuak murriztuko”. Lehendakariaren ustez, Ekonomia eta Ogasuna izan behar dira Eusko Jaurlaritzaren jardueraren bi ardatzak.

Iñigo Urkullu gaur goizean Euskadi Irratiaren estudioan izan da, eta, bertan, Daniel Álvarez kazetariak elkarrizketatu du “Boulevard” saioan. Urkulluk lehendakari gisa komunikabide bati eskaini dion lehenengo elkarrizketa izan da.

2013ko aurrekontuen harira, lehendakariak berriz azaldu du artezpideak lantzen ari direla. Lehenago ere azaldu duen bezala, kontuak ikusita nahitaezkoa da soiltasunez jokatzea eta Administrazioan “doikuntzak” egitea. Nolanahi ere, doikuntza horiek sailburuekin eta goi-karguekin egongo dira lotuta, baina ez dituzte langile publikoak inola ere ukituko.

Lehendakariak defendatu du nahitaezkoa dela zergen arloan erreforma bat egitea “oro har”, ekonomia suspertzeko eta “segurtasuna, egonkortasuna eta konfiantza” emateko. Urkulluk berriro azpimarratu du beste alderdi politikoekin adostasunak lortzeko prest dagoela.

Oraindik ez dago data zehatzik, baina lehendakaria Mariano Rajoyrekin batzartuko da. Bertan, lehendakariak “Euskal Autonomia Erkidegoaren autogobernu estatusa egokitzearen” alde apustu egiteko eskatuko dio.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)