Berriak Osasuna
Eu

“A Hepatitisa”ren agerraldia Bermeon

2012.eko abenduak 17

Osasun Sailak A hepatitisaren kontra txertatuko ditu 1 eta 7 urte bitarteko 1500 haur

Bihar hasiko dira txertoak jartzen, ikastetxeetan

Urritik hona, A hepatitiseko 13 kasu antzeman ditu Osasun Saileko Bizkaiko Lurralde Zuzendaritzako Zaintza Epidemiologikoaren Unitateak; kasu horiek, berriz, Bermeon bizi diren bi pertsona helduri eta 11 haurri eragin diete.

Lehenengo kasua irailean antzeman zen, eremu endemiko batera egindako bidaia baten aurrekariaz. Horren ondorioz, besteak gertatu dira, pertsonaz pertsona transmitituta; horrela, bada, gaur egun, dagoeneko hiru ikastetxek dute kasuren bat, Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzako lehenengo zikloan.

A hepatitisa eritasun arina da, batez ere haurretan.  Eragiten duen birusa, berriz, gaixoen eginkarietan egoten da, eta, batzuetan, istripuz, pertsona osasuntsuetara pasa daiteke, esku edo objektu kutsatuen bidez. Hona sintoma nagusiak: sukarra, goragalea, gorakoak, jangurarik eza, eta, batzuetan, kolore horia azalean eta mukosetan. Kasu askok ez dute sintomarik, baina birusa transmiti dezakete.

Orain arte, kasuen familia-inguruneko pertsonak txertatu ditu Osasun Sailak, eta aholkatu du kontu handiz jokatzeko higiene-neurri orokorrekin.

Une honetan, pentsa dezakegu agerraldiak dagoeneko komunitatea hartu duela; izan ere, zabaldu egin da. Hori dela eta, eteteko, erabaki da A hepatitisaren kontra txertatzea Bermeon eskolatu eta/edo bizi eta 2005 eta 2011 bitartean jaio diren haur guztiak. Era berean, nagusiagoak ere txertatuko dira, baldin eta Lehen Hezkuntzako 2. mailara arteko kurtsoren batean eskolatuta badaude. Txertoak ikastetxeetan jarriko zaizkie eskolatutako haurrei, eta osasun-zentroan, berriz, eskolatu gabeko txikiei. Urtebetetik beherakoei ez zaie txertorik jarriko; izan ere, ez da aholkatzen adin horretan txertatzea.

Sailak herritarrei gogorarazten die kontu handiz jokatu behar dutela higiene-neurri orokorrekin, bainugeletan, eta eskuak beti garbitu behar direla, komuna erabili ostean eta jan baino lehenago.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau