Berriak Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioak
Eu

Jaurlaritzak babes ofizialeko etxebizitzak alokairuan ematea arautu du, erosteko aukerarekin

2012.eko abenduak 13

 

Jarduneko Etxebizitza sailburu Iñaki Arriolak babes ofizialeko etxebizitzak erosteko aukerarekin alokairuan ematea arautzen duen agindua onartu du. Abenduaren 12ko data duen agindua abenduaren 28an argitaratuko dute Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian.

Beharra duten pertsonei etxebitzitzak lortzeko formula berriak eskaintzeko eta krisiak larriki kaltetu duen eraikuntzaren sektorearen bideragarritasunean laguntzeko asmoz, Eusko Jaurlaritzak babes ofizialeko etxebizitzak alokairuan ematea erabaki du, erosteko aukerarekin. Horri esker, esleipendunek kanpo finantzaziora jotzeko unea atzeratuko da, eta enplegu zuzena sortuko da.

Figura hori arautegian jasota dago, baina ez dago erregulatuta. Hori dela eta, herritartze-agiria emango dion araua behar du.

Jabetza osoko eta azalera-eskubideko erregimenean emandako etxebizitzen kasuan, horien prezioa ordaindu behar da. Ondorioz, esleipendun gehienek hipoteka-kreditua eskatu behar izaten dute. Erosketa erregimeneko babes ofizialeko etxebizitzen eskaera alokairu erregimenekoa baino handiagoa izan da, merkatuak oso antzerako prezioak ezarri dituelako bi erregimenetan, nahiz eta babes ofizialeko merkatua erregulatuta egon. Horrek eta beste faktore sozioekonomiko eta kultural batzuek alokairuko etxebizitzekiko interesa gutxitu dute.

Hala ere, finantza-sistemak kreditua nabarmen murriztu du krisialdi finantzario eta ekonomikoagatik. Ondorioz, erosketa erregimeneko eskatzaileetako askok ezin dute etxebizitza eskuratu. Egoera horrek oztopo larriak eragiten ditu, bai babestutako etxebizitzen promozio berriak hasteko, bai etxebizitza horiek saltzeko, ez baitago eraikitzen ari diren edo amaitu diren etxebizitzen eroslerik.

Egoera hori okerragoa da jabetza osoko edo azalera-eskubideko etxebizitzen esleipendunen kasuan, eraikuntza-prozesuan nahitaezkoak diren aurrerakinak eman baitituzte, eta, etxebizitzaren entregaren unean, ezin diote prezioaren gainerakoa ordaindu, kreditu-erakundeek ez dietelako hipoteka-finantzazioa ematen.

Gainera, sorgin-gurpil hori ixteko, finantza-burbuilaren eztandak eragindako finantza-sistemaren berregituratzeko eta erreskatatzeko prozesuak alokairuko etxebizitzak sustatzeko bankuen finantzaketa ia desagerrarazi du, arriskuak dituztelako, epe luzeko inbertsioak direlako eta saltzean are errentabilitate txikiagoak dituztelako.

Ondorio larri horiek guztiak argiago ikus daitezke babestutako etxebizitzen eraikuntzaren portzentaje handiak bildu duten udalerrietan, adibidez, Gasteizen. Baina Euskal Autonomia Erkidegoko beste toki batzuetara hedatzen ari da, eta horrek kezka sortu du.

Iñaki Arriolak onartu duen aginduaren helburua gabezia hori betetzea eta erosteko aukera duten alokatutako babes ofizialeko etxebizitzen oinarrizko alderdiak erregulatzea da, esaterako, alokairuaren iraupena, gehienezko errenta, errenta eguneratzea eta salerosketaren prezioa, martxoaren 4ko 39/2008 Dekretuak aurreikusitakoak garatzeko.

Erregulazio berria

Alokairuko erregimenean transmititzeko kalifikatu diren babes ofizialeko etxebizitzek ez dute erosteko aukerarik izango. Erosteko aukera duen alokairuaren modalitatea promozioaren behin-behineko kalifikazio-eskaeran adieraziko da. Behin-behineko jabetza osoz edo azalera-eskubideaz transmititzeko babes ofizialeko etxebizitzen sustatzaileek esleitu gabeko etxebizitzak badituzte sustapenean batean, behin betiko kalifikazio-ebazpenean erosteko eskubidea duen alokairuaren modalitatea gehitzeko eskatu ahalko dute, esleitu gabeko etxebizitzetarako. Sustapenak behin betiko kalifikazioa badu, etxebizitzetara sartzeko eta horien hasierako erabilera erregimena aldatzeko eskatu ahalko dute, eta erosteko aukera duen alokairuaren aukera gehitu, esleitu gabeko etxebizitzetan eta salerosketa kontratuan hitzartutako baldintzetan ezarritako ordainketari aurre egin ezin dioten erosleen etxebizitzetan, baldin eta erosleek baimena idatziz ematen badute.

Kalifikazio hori duten etxebizitzak jasotzeko, gehienezko eta gutxieneko urteko diru-sarreren zenbateko haztatuak jabetza osoko eta azalera-eskubide erregimenetako babes ofizialeko etxebizitzak lortzeko berberak izango dira.

Erosteko aukera duen alokairu kontratuak, ondoko alderdi hauek jaso beharko ditu, gutxienez: alokairuaren iraupena eta hori eteteko kausak; etxebitzitzaren errenta eta, hala badagokio, horren eguneraketa; aukera-eskubidearen kontraprestazioa, dagokionean; aukera-eskubidearen iraupena; salmenta-prezioa eta kenkariak, aurreratutako ordainketa partzialengatik; sustatzailearen betebeharra, etxebizitzaren aukera-eskubidea ez transmititzeko, zergapetzeko ez emateko, kontratuan emandakoa iraungi arte; maiezterren berariazko betebeharra, aukera-eskubidea hirugarren bati ez lagatzeko; kontratua eskritura publiko bihurtzeko eta Jabetza Erregistroan inskribatzeko berariazko hitzarmena.

Alokairuaren-iraupena ezingo da erosketa-aukeraren eskubidea gauzatzeko epea baino txikiagoa izan.

Errenta

Hasierako urteko gehienezko errentak ezingo du behin behineko kalifikazio-ebazpenean adierazitako etxebizitzaren eta horren eranskinen gehienezko salmenta-prezioaren % 5 gainditu.

Aukera-eskubideagatiko kontraprestazioa

Aldeek hala hitzartzen badute, sustatzaileak maizterrari ematen dion erosketa-aukeraren eskubidearen truke kontraprestazio bat ezarri ahalko da. Kontraprestazioa ezingo da babes ofizialeko etxebizitzaren eta horren eranskinen gehienezko salmenta-prezioaren % 4 baino gehiago izan. Maizterrak erosketa-aukera erabiltzen badu, kontraprestazioaren zenbateko osoa salmenta-preziotik kendu beharko da. Erosketa-aukera erabiltzen ez bada, kontraprestazioaren zenbateko osoa sustatzaileraren esku geratuko da.

Aukera-eskubidearen iraupena

Erosketa-aukeraren eskubideak bost urte iraungo ditu. Eskubidea epe horretan erabiltzen ez bada, aukera iraungi egingo da.

Erosketa-aukera baliatzea

Maizterrak edonoiz erabili ahalko du erosteko aukera epe horren barruan.

Erosi gabeko etxebizitzen erabilera

Erosketa-aukera erabili gabe eta alokairu-kontratua iraungi ondoren, etxebizitzaren titularrak bi aukera izango ditu: maizter berberei edo beste batzuei berriz alokatzea, erosketa-aukerarekin, edo hirugarrenei saltzea.

 

Iruzkin bat
  • @lanbideejgv
    2012.eko abenduak 13

    Comentario de Twitter:
    RT @Irekia_News: El Gobierno regula el arrendamiento con opción de compra de las viviendas de protección oficial. http://t.co/wZEC5qdu

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)