Berriak Herrizaingoa

Alerta laranja haizeagatik osteguna eta ostiralako

2012-12-12

Hego-mendebaldeko haize-boladak, bereziki, osteguneko 21:00etatik 24:00etara eta ostiraleko 00:00etatik 15:00etara bitartean nabarituko dira

Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak, bihar osteguna, abenduak 13, alerta laranja aktibatuko du haizearen eraginpeko EAEko eremuetan, bereziki mendialdean, 21:00etatik 24:00etara; izan ere, hego-mendebaldeko haizeek 120 km/h-ko abiadura gaindituko dute. Bien bitartean, gainerako lurraldean abisu horia ezarriko da ordu-tarte horretan, 80 km/h inguruko haize-boladak izango direlako.

Alerta laranjaz gain, Herrizaingo Sailak, bihar, abisu horiak ezarriko ditu haizeagatik. Lehenengo abisu horia 15:00etatik 21:00etara izango da haizearen eraginpeko eremuetan (kostaldean eta mendialdean), haize-boladak 100 km/h-koak ere izan daitezkeelako. Bigarren abisua, lehen aipatutakoa, 21:00etatik 24:00etara izango da haizearen eraginpekoak ez diren aldeetan.   

Hego-mendebaldeko haizearen ondoriozko alerta laranja ostiralean (abenduak 14) ere aktibatuko da, 00:00etatik 15:00etara, hau ere haizearen eraginpeko eremuetan, batez ere mendialdean.

Aldi berean, Herrizaingo Sailak beste bi abisu hori aktibatuko ditu ostiralean, haizegatik. Lehenengo abisua 00:00etatik 15:00etara haizearen eraginpekoak ez diren eremuetan, haize-boladak 80-90 km/h ingurukoak ere izan daitezkeelako. Bigarren abisua 15:00etatik 21:00etara haizearen eraginpeko eremuetan, haize-boladak 100 km/h-tik gorakoak izatera irits daitezkeelako.   

Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziak egin dituen iragarpenek adierazten duten bezala, haizea gero eta nabariagoa izango da egunak aurrera joan ahala.  Horrela, gaur asteazkena, abenduak 12, arratsalde-gau partean, hegoaldeko haize-boladek gero eta indar handiagoa hartuko dute, eta eguneko azken orduetan 80-90 km/h ingurukoak izango dira eraginpeko eremuetan.

Ostegunean, abenduak 13, haizeak gero eta indar handiagoa hartuko du, eta, arratsaldetik aurrera, hego - hego-mendebaldeko boladak 100 km/h abiaduratik gorakoak izan ahalko dira eraginpeko eremuetan, batez ere mendietan; gauean are indar handiagoa hartuko dute, eta 120 km/h-tik gorakoak ere izan daitezke.   

Gainerako eremuetan ere, haizeak eragin txikiagoa duen eremuetan, haizea nabaritu egingo da, batez ere egunaren amaieran, boladak 80 km/h-tik gorakoak izan ahalko direlako. Goizaldean eta ostiraleko (abenduak 14) lehenengo orduetan, haize-boladak bereziki indartsuak izango dira eta 120 km/h-tik gorakoak izan ahalko dira eraginpeko eremuetan, eta 80-90 km/h bitartekoak haizearen eraginpekoak ez diren eremuetan.   

Arratsaldetik aurrera, haizeak baretzera egingo du, baina oraindik ere 100 km/h-tik gorako boladak izan ahalko dira eraginpeko eremuetan, eta 80 km/h ingurukoak eragin txikiagoko eremuetan.

Depresio horrekin batera penintsulara iritsiko den fronteren bat etorriko bada ere, ez du euri askorik egingo, haize handiaren ondorioz ez delako euri-kopuru handirik pilatuko.

Gomendioak haize gogorrak direla-eta

Haize gogorrak izateko arriskuaren aurrean, eta haize-bolada horiek sor ditzaketen ondorio kaltegarriak prebenitzeko edo txikitzeko helburuarekin, Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei aurre egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak gomendio hau egiten die haize-boladen eragina jasan dezaketen biztanleei:  

Prebentzio-neurri modura:

Itxi ateak, eta finkatu leihoak eta olanak.
Kendu lorontziak eta kalera eror daitezkeen gauza guztiak.

Kanpoan bazaude:

Behar-beharrezkoa ez bada, ez joan mendira adierazitako ordu horietan, eta, joan behar baduzu, babes-neurri egokiak hartu.

Urrundu erlaitzetatik, hormetatik, zuhaitzetatik edo publizitate-hesietatik, eta kontu handiz ibili eraikitzen ari diren edo egoera txarrean dauden eraikinen aurrean bazaude.
Aldamioak, garabiak eta obrako bestelako elementuak finkatu.

Bidaiaren bat egingo baduzu:

Ahal bada, ez egin errepideko joan-etorririk, eta, edonola ere, aurrez neurriak hartu.
Informa zaitez joango zaren edo igaroko zaren aldeko meteorologia-baldintzei buruz.

Itsasaldean bazaude:

Urrundu zaitez haize gogorrek eragin ditzaketen olatuen eta mareen eragina jasan dezaketen lekuetatik.
Ez erabili itsasontzirik, eta berrikusi horien amarrak. Ez egin uretako kirolik.

Jarrai gaitzazu Euskalmeten web-orrialdean (www.euskalmet.euskadi.net) edo Twitter-en @Euskalmet.   Larrialdirik gertatuz gero, deitu 112 telefonora.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko