Berriak Herrizaingoa
Eu

Gabon zahar gauean dozena bat kotiloi ospatuko dira Euskadiko lokal handietan

2012.eko abenduak 12

Herrizaingo Sailak informazio eta kontrol kanpaina egingo du lokal guztietan

Orotara, edukiera handiko dozena bat lokalek baimena izango dute Euskadin Gabon zahar gauean kotiloiak antolatzeko. Joko eta Ikuskizun Unitatera atxikitako Ertzaintzako agenteek taberna guztiak kontrolatuko dituzte, eta suteen aurkako babesa, larrialdi irteeren egoera eta bereziki baimendutako pertsona kopurua ez gainditzea gainbegiratuko dute.

Hamabi tabernen artean gehienek dagoeneko jaso dute kotiloia antolatzeko baimena, dagokien udal lizentziaren barruan. Gainerakoak kirol instalazioak edo erabilera anitzeko aretoak dira, eta Gabon zaharretako jaia ospatzeko berariazko baimena behar dute.

Azken kasu horietan, egun horretarako berariazko baimena jasotzeko eskatzen du Eusko Jaurlaritzako Joko eta Ikuskizun Zuzendaritzak; horretarako, antolatzaileek egun horretarako diseinatutako autobabes plan bat aurkeztu behar dute, lokalaren forma berrira egokitutakoa eta legedi teknikoa, hau da, Eraikuntzaren Kode Teknikoa errespetatuko duena. Horrez gain, gehienezko edukiera kalkulatuko duen justifikazio memoria aurkeztu beharko da, larrialdi irteeretarako eta ebakuazio ibilbideetarako egokia izango dena. Azterketa langile teknikari eskudunek egin beharko dute. Lokalaren edukiera mila pertsonatik gorakoa baldin bada, kea bideratzeko irteera behartu bat ere izan behar du.

Aurten, Joko eta Ikuskizun Zuzendaritzak prebentzio eta informazio kanpaina abian jarri du, eta horren harira, lokalak ikuskatu ditu kotiloiak ospatu aurretik, segurtasun baldintzak egiaztatzeko eta eska daitezkeen neurriak gogorarazteko antolatzaile eta titularrei. Joko eta Ikuskizun Unitatera atxikitako Ertzaintzako agenteek suteen aurkako babesa, larrialdi irteeren egoera eta bereziki baimendutako pertsona kopurua ez gainditzea gainbegiratuko dute.

.Horrelako arauak hautsiz gero, zigorrak 1.200 eta 3.000 euro artekoak izan daitezke, arau-hauste larritzat jotzen badira; oso larritzat jotzen badira, ostera, 150.000 euro arteko zigorra jaso eta lokala ixteko arriskua izan daiteke.

EAEko araudiak ezarri du lokal publikoak kontrolatzeko eskumena lizentzia eman duen organoari dagokiola (udala). Hala ere, 700 pertsonatik gorako edukiera duten lokalak kontrolatzeko eskumena Eusko Jaurlaritzarena ere bada, partekatu egiten baita.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan