Berriak Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioak

Eusko Jaurlaritzak 'Ermua, Eibar eta Elgoibarko trenbidearen 125. urteurrena' liburua aurkeztu du Eibarren

2012-12-11

Eusko Jaurlaritzako Garraio Azpiegituren zuzendariak, Josu Benaitok, gaur eguerdian aurkeztu du Eusko Jaurlaritzak argitaratutako Ermua, Eibar eta Elgoibarko trenbidearen 125. urteurrena liburua, dokumentuaren egile Jesús Gutiérrez Arosarekin batera. Jaurlaritzaren esanetan, liburu honek nolabaiteko «hutsune» bat beteko du, beren arabera, ez baitzegoen orain arte Bilbo eta Hendaia lotzen dituen trenbidearen ardatz nagusiaren inguruko argitalpenik.

Eibarrera trenbidea iritsi zela 125 urte bete diren honetan aurkeztu dute liburua. Bihartik aurrera ipiniko dituzte aleak eskuragarri Ermuko, Eibarko eta Elgoibarko udaletxeetan.

Argitalpen honek trenbidearen ardatz nagusiaren historia biltzen du, jatorrietatik hasita. Ez du trenbidea pertsonak garraiatzeko bide bezala bakarrik aztertzen, baizik eta eskualderako eragile ekonomiko gisa ere bai. Halaber, 1920ko hamarkadan argindarra iristeak azpiegiturari zer aldaketa eragin zizkion aztertzen du, edota azken urteetako hobekuntzek eragindakoak: Ardantza, Eibar eta Azitaineko geltokiak berritzea; San Lorentzo-Unibertsitateko eta Txarakua-Azitaingo bideak bikoiztea, edota pasonibelak erretiratzea. Lan horiek guztiak azken hiru urteetan egin dituzte.

Liburuaren egile Jesús Gutierrezek nabarmendu du ez dela liburu teknikoa, baizik eta dibulgazio handiko argitalpena, trenbidearen mundua herritarrengana gerturatzen duena. Hori horrela izanik, liburuan bildutako argazkiek garrantzi bizia dutela gaineratu du.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)