Berriak Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioak
Eu

Gobernuak aldeko balorazioa eman dio 2011ko Etxebizitza Politiken Ebaluazio Txostenari (2012-12-11(e)ko Kointseiluan hartutako erabakia)

2012.eko abenduak 11

Gobernu Kontseiluak aldeko balorazioa eman dio 2011ko Etxebizitza Politiken Ebaluazio Txostenari eta Eusko Legebiltzarreko Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Batzordera bidaltzea erabaki du, 2010-2013rako Etxebizitzaren eta Hiri Berrikuntzaren Plan Zuzentzaileak aurreikusten duen ahalik eta gardentasun handiena lortzeko.

Txostenean zehar xehetasun handiz aztertzen dira Etxebizitza Sailak 2011ko Etxebizitza Programa eta 2010-2013rako Etxebizitzaren eta Hiri Berrikuntzaren Plan Zuzentzaileak behar bezala betetzen direla bermatzeko gauzatu dituen jarduketa eta programa guztiak.

Koherentziaren ebaluazioa

Plan Zuzentzailearen lehen bi ekitaldietan, Etxebizitzaren Plan Zuzentzailearen eta Etxebizitzaren aldeko Itun Sozialaren helburu nagusietako bat lortzera xedaturik egon dira Etxebizitza Sailak garatu dituen jarduketak: alokairu-erregimeneko etxebizitzen parkea handitzea.

Ekonomia eta finantza arloko egoera zailak izugarri zaildu du alokairu-erregimeneko etxebizitza berrien sustapena. Horregatik, Etxebizitza Sailak etxebizitza erabiliak alokatzeko mobilizazio-helburuak areagotu ditu, alokatzeko helburu globala mantenduz.

Birgaitze-politikei dagokienez, etxebizitzak birgaitzeko finantza-neurriei buruzko 2006ko Agindua aldatzen duen 2011ko azaroaren 23ko Agindu berriak energia-eraginkortasunaren aldagaia gaineratzen du emandako laguntzetan, Plan Zuzentzailean zehaztutako helburuak lortzen lagunduz.

Eraikinen inguratzaileetan esku hartuko duten jarduketentzako laguntzak areagotzeaz gain, Agindu berria onartu denetik, eraikinaren ikuskaritza teknikoaren txostenean jasotzen diren horiek bakarrik joko dira babes daitezkeen jarduketatzat, 50 urtetik gorako eraikinetan.

Era berean, hiri-birgaikuntzarako eta -berrikuntzarako beste politika bat birformulatzea eta gidatzea da Plan Zuzentzailearen helburuetako bat; horrenbestez, politika berrietan txertatzea aurreikusten diren aldaketak garatzeko arau-aldaketak, lankidetza-hitzarmenak, eragileen arteko koordinazioa eta baterako erantzukizuna, kudeaketa telematikoa ahalbidetuko duten informatika-tresna berriak eta abar txertatu beharko dira. Ildo beretik jarraituz, 2012an abiarazitako Bultzatu 2025 Eraikuntza Iraunkorraren Ibilbide Orria azpimarratu behar da, Plan Zuzentzailean aurreikusitako ekintza askori erantzungo baitie.

Efikaziaren ebaluazioa

2010-2013rako Plan zuzentzailearen lehen ekitaldiaren ebaluazioan dagoeneko aipatzen zen une horretako ekonomia eta finantza arloko egoera zaila, horrek asko zailtzen baitu etxebizitzaren esparruko politika publikoen garapena. 2011n gehiago larriagotu da egoera, finantza-erakundeek are gehiago murriztu baitituzte partikularren nahiz enpresen kreditu bat eskuratzeko aukerak.

Egoera konplexu horren eraginez, Etxebizitza Sailaren lorpenek are balio gehiago hartu dute, etxebizitza babestuaren eraikuntzak merkatu librea gainditu baitu; izan ere, babes publikoko etxebizitza amaituen kopuruak marka guztiak hautsi ditu 2011n (5.473 etxebizitza). 2010ean eta 2011n, eraikitzen hasitako babes publikoko 9.506 etxebizitza zeuden, eraikitzen hasitako 7.376 etxebizitza libre zeuden bitartean. Emaitza on horiek % 120ra igo dute betetze-maila Plan Zuzentzailean aurreikusitako helburuari dagokionez.

Halere, alokairu-erregimenaren finantza-eskakizun altuen eraginez, edukitza-erregimen honen kasuan ezin izan da Plan Zuzentzailean finkatutako helburua bete, helburuaren % 72a lortu baita (2010-2011 denboraldian 1.732 etxebizitza hasi ziren eraikitzen, guztira). Bestalde, erostera xedaturiko etxebizitzen eraikuntza-erritmo altuak erraz gainditu du bertan zehaztutako helburua, 7.774 abiarazi baitira, hau da, hasieran aurreikusitakoaren % 141.

Alokairu-erregimenari dagokienez, eta alokairu babestuko etxebizitzak sustatzeko aliatu publikoen eta pribatuen gabezia dela-eta, Etxebizitza Sailak eta VISESAk egin diote aurre eraikitzen hasitako alokairu-etxebizitzen % 78ari.

Bestalde, Bizigune programak partikularren bigarren eskuko 4.802 etxebizitza bereganatu ditu, guztira, horiek errenta babestuko alokairu-merkatuan jartzeko (helburuaren % 99a).

Horrela, alokairu-erregimenean asetako eskariari dagokionez, asetze-maila % 94,5ekoa izan da (13.110 eskaera-unitate bete dira). Asetako eskari horren barnean sartzen dira sustapen berriko 1.732 alokairu-etxebizitzak, Bizigune programaren 4.802 etxebizitzak eta Emantzipaziorako Oinarrizko Errentaren bidez emandako 6.576 diru-laguntzak.

Horrez gain, etxebizitza babestuek osaturiko parkearen gizarte-funtzioa bermatzea da Etxebizitza Sailaren lehentasunetako bat, eta horretarako, noizean behin babestutako etxebizitza-parkearen ikuskapenak egiten dira gerta daitezkeen arau-hausteak identifikatzeko eta horiei dagozkion zigorrak ezartzeko. 2011. urtean 6.566 etxebizitza ikuskatu ziren eta horietatik 81 zigortu ziren. Guztira, dagoeneko 54.515 etxebizitza ikuskatu dira eta horietatik 806 zigortu dira (kopuru osoaren % 1,5a). Gainera, Plan Zuzentzaileak Berariazko Ikuskapen Planak ezartzea aurreikusten du alokairu-erregimeneko etxebizitzetan.

Birgaitze-politikei dagokienez, Etxebizitza Sailak abiarazitako hiri-birgaikuntzarako eta -berrikuntzarako programen arrakasta azpimarratu behar da. Partikularrek eta auzo-erkidegoen beren etxebizitzak eta eraikinak birgaitzeko diru-laguntzen programak, adibidez, 15,8 milioi euroko diru-laguntzak eman zituen, guztira, 2011. urtean; horrela, 2011n 16.333 etxebizitza birgaitu ziren, % 94ko betetze-maila lortuz (% 101ekoa 2010-2011rako).

Bi ekitaldiak aintzat hartuta, 36,4 milioi euroko diru-laguntza eman da guztira, 35.830 etxebizitza birgaitzea ahalbidetuz eta 565 milioi euro baino gehiagoko obra-bolumena mobilizatuz.

Partikularrei eta auzo-erkidegoei xedaturiko etxebizitzak eta eraikinak birgaitzeko diru-laguntzen programez gain, Etxebizitza Sailak hiri-berrikuntzarako eta hiri-inguruneen irisgarritasuna hobetzeko diru-laguntzen hainbat programa eskaintzen ditu; izan ere, Udalak eta Birgaitzeko Hiri Elkarteak dira horien onuradunak. 2011n lau Udali eman zaizkie zuzeneko diru-laguntzak, 700.000 euro, guztira. Gainera, 2010ean emandako diru-laguntzek 2010-2012 denboraldirako zenbait urtetarako programak osatzen zituzten, 7,58 milioi euro, guztira.
Aurkeztutako emaitzen analisiak behar bezala islatzen du 2010-2013rako Etxebizitzaren eta Hiri Berrikuntzaren Plan Zuzentzailean zehaztutako helburu garrantzitsuek lehen bi ekitaldietan izan duten asetze-maila altua.

Eraginkortasunaren ebaluazioa

Etxebizitzaren eta Hiri Berrikuntzaren Plan Zuzentzailea egitean argi eta garbi nabarmendu ziren Etxebizitza Sailak gauzatutako prozedura batzuen eraginkortasunik eza. Horregatik, Planean proposatutako ekintza askok eraginkortasuna hobetzea dute helburu.

2011. urtean lortutako helburu garrantzitsuenetako bat Alokabideren eta alokairuko etxebizitzak kudeatzeko sozietate publikoaren (SPGVA) arteko fusioa izan da, etxebizitzaren arloko sozietateen multzoa asko sinplifikatu baitu.

Etxebideri dagokionez, etxebizitza babestuetan izena emateko eta horien esleipenerako prozedurak aldatzen dituen araudi berri bat garatu da 2011. urtean zehar, horrela, prozesuak erraztu eta erabakiak azkarrago hartu ahal izateko; horrenbestez, etxebizitza-politikaren zerbitzura dauden baliabideak eta tresnak optimizatu dira, herritarrei zerbitzu hobea eta irisgarriagoa eskainiz.

Etxebiden 85.000 inguru eskaera-espediente daude izena emanda, eta beraz, kudeaketa-gaitasun handia behar du. Gainera, espedienteen online izapideetan egindako aurrerapena azpimarratu behar da, gaur egun posible baita izapide guztiak elektronikoki egitea; horrenbestez, herritarrekin komunikatzeko aukera gehiago eskaintzeaz gain, horrek izugarri azkartzen du prozedura.

Alokairu-erregimeneko etxebizitza berrien eraikuntzari dagokionez, 2011n 4,1 milioi euro xedatu ziren diru-laguntzen kontzeptuan, eta beste 1,6 milioi euro maileguen kontzeptuan, kreditu-erakundeekin egindako finantza-hitzarmenaren esparruan; horrek atzerakada garrantzitsua izan dela adierazten du, alokairurako eraikuntza-jardueraren beherakada dela-eta. 2010-2011 urteetan 33 milioi euro eman ziren diru-laguntza zuzenen bidez eta 38 milioi euro maileguen bidez. Batez beste, 2011n 35.000 euroko diru-laguntzak eman ziren etxebizitza bakoitzeko, 2010ean 41.000 euroko diru-laguntzak eman ziren bitartean.

Bestalde, Etxebizitza Sailak 22 milioi euro baino zertxobait gehiago xedatzen ditu Bizigune Programara (22,3 milioi euro 2011n), eta horrek 4.600 euroko diru-laguntza esan nahi du, urtean, etxebizitza bakoitzeko.

Alokairura xedaturiko diru-laguntzen politikek duten kostua eta aurrekontuetan egin diren murrizketa garrantzitsuak direla-eta, behar-beharrezkoa da finantza-eskakizun gutxiago izango dituzten formula berriak bilatzea. Alokairuko etxebizitza libreen merkatuko bitartekotza-programa berriak alokairu babestuko etxebizitzen parkea handitzea du helburu, etxebizitza bat izateko aukerak erraztuz eta Administrazioari gutxieneko baliabide-kontsumoa eraginez. Programa berri hori 2012ko martxoan sortu da eta homologatutako 13 Eragile Laguntzaile ditu dagoeneko.

Berdintasunaren ebaluazioa

Lurralde-berdintasunari dagokionez, 2010-2013rako Etxebizitzaren eta Hiri Berrikuntzaren Plan Zuzentzaileak lurralde-oreka bilatzen duela azpimarratu behar da; horretarako, planak etxebizitza-premia gehien duten gune geografikoetan jarriko du arreta, ez baitugu ahaztu behar Araban etxebizitza babestuen pilaketa handia dagoela.

Planaren erdialderako eraikitzen hasi diren etxebizitzen multzoak honako lurralde-banaketa honi erantzuten dio: % 29 Araban, % 32 Gipuzkoan eta % 39 Bizkaian.

Bizigune programari dagokionez, Arabak, eta batez ere Bizkaiak, hasieran aurreikusitako helburuak gainditzen dituzte, Gipuzkoa Planean aurreikusitako kopuruaren % 69ra bakarrik iristen den bitartean.

Gizarte-berdintasunari dagokionez, alokairu-erregimeneko etxebizitza bat esleitu zaien pertsonen batez besteko diru-sarrerak (13.780 € gordin urtean) eta alokairu-erregimeneko etxebizitza bat eskatu dutenen batez besteko diru-sarrerak (13.450 € gordin urtean) oso antzekoak direla egiaztatu da. Dena den, alokairu-eskaeraren multzoa aztertuz gero (alokairua bakarrik), batez besteko diru-sarrerak pixka bat altuagoak direla ikus daiteke (20.687 € gordin urtean).

Zentzu horretan, 2012ko urrian onartutako araudi berriaren bidez bi edukitza-erregimenetan izena emateko aukera ezabatu dela azpimarratu behar da; era berean, alokairuko etxebizitza babestuen esleipen-zozketak desagertu dira, eta aurrerantzean baremo batean oinarritutako sistema erabiliko da, etxebizitzak premia gehien duten pertsonei esleitzeko, hain zuzen.

Izan ere, eta etxebizitza babestuko esleipen-prozesuetan egindako azterketak behatu ondoren, aldaketa sakonak egiteko egokitasuna frogatu da, gaur egungo finantza-krisiak eragindako prozesuaren desadostasunak arintzen saiatzeko, hain zuzen.

Bestalde, Etxebizitza Sailaren eraikinak eta etxebizitzak birgaitzeko diru-laguntzak jaso dituzten onuradunen azterketak islatzen duen moduan, nabarmen igo dira pertsona bakar bat bizi diren etxebizitzetara xedaturiko diru-laguntzak, emakumeek eta pertsona zaharrek osaturiko etxebizitzen kasuan batik bat. 2011n, adibidez, diru-laguntzak jaso zituzten pertsonen % 47a 65 urtetik gorakoak ziren, duela bost urte kopuru osoaren % 30a bakarrik ordezkatzen zuten bitartean.

Partaidetzaren ebaluazioa

Etxebizitza Sailak abiarazitako prozesu parte-hartzailea azpimarratu behar da, hiru prozesu parte-hartzaile garatu baitira Etxebizitzaren Gizarte Itunaren sinadura, Plan Zuzentzailearen garapena eta Euskadiko Etxebizitza Legearen garapena direla-eta; horietan guztietan partaidetza oso altua izan da. Herritarrek egindako ekarpen asko Itunaren, Planaren eta Euskadiko Etxebizitza Legearen proiektuaren dokumentuetan gaineratu ziren.

Lan horren emaitza gisa, Etxebizitza Sailak Nazio Batuek emandako sari bat irabazi du, Zerbitzu Publikoaren bikaintasunari ematen zaion nazioarteko aitorpenik ospetsuena alegia, Etxebizitza gaietan, zure iritzia kontuan proiektuagatik, Erabaki publikoen prozesuetan herritarren partaidetza hobetzeko mekanismo berritzaileen bidez izeneko kategorian.

Horrez gain, herritarrek Etxebizitza Saileko Web orrien bitartez (Etxebide, Etxebizitzako Behatokia, Bizilagun eta abar) izan duten partaidetza altua azpimarratu behar da; baita Etxebidek sare sozialetan duen presentzia ere (Twitter eta Facebook bidez), horietan jarraitzaileei etxebizitzaren alorreko albiste interesgarrienak eskaintzen baitzaizkie, herritarrekin komunikatzeko kanal iraunkorrak izateaz gain.

Etxebizitza Sailaren lanarekiko asetze-mailaren ebaluazioa

Arestian aipatutako prozesu parte-hartzaileek agerian utzi dituzte herritarrek etxebizitzaren esparruan dituzten eskaerak, eta horri esker, Etxebizitza Sailak herritarrak gehien kezkatzen dituzten alderdiak ezagutu ditzake. Horrela, eskatzaileen artean Leihatila bakarra lortzeko eskaria da ugariena. Bertan, Sail eta erakunde desberdinek finantzatzen dituzten etxebizitzak birgaitzeko laguntzen programa guztien informazioa eta aholkularitza eskaintzen zaie herritarrei. Bultzatu 2025 Planaren bitartez, Etxebizitza, Industria, Enplegu eta Ingurumen Sailen arteko lankidetzak arazo horri aurre egiten lagunduko du, hein handi batean.

Bestalde, Etxebizitza Sailak inkestak egiten ditu noizean behin etxebizitza babestuaren eskatzaileen eta programa desberdinen esleipendunen artean, eta ezarritako programen asetze-maila ezagutzeko datuak eskuratzen ditu horrela.

Emaitzetan ikus daitekeen moduan, herritarrek gero eta gehiago onartzen dute eraikitako etxebizitza babestu gehienak alokairuan esleitu daitezela, Etxebiden babestuko eskatzaile gisa izena emanda dauden pertsonen artean.

Eskatzaileek egiten duten Etxebideren eta Etxebizitza Sailaren balorazioak gainditua lortu du (5,5 eta 5,2 hurrenez hurren). Nolanahi ere, herritarren asetze-maila handitu egiten da etxebizitza bat izateko itxaropenak errealitate bihurtzen diren neurrian, puntuazioa igo egiten baita etxebizitza bat esleitu zaien pertsonen kasuan (6,6 puntu Etxebideri eta 6,3 puntu Eusko Jaurlaritzari).

Era berean, alokairu babestuko etxe baten esleipendun izan direnen artean oso altua da alokairu-erregimenarekiko asetze-maila (6,8 puntu).

Eraginaren ebaluazioa

Alokairu-politikei dagokienez, EAEko alokairu babestuen parkea areagotzea da Etxebizitza Sailaren helburu nagusia, horrela, EAEko alokairuaren kuota handituz. Etxebizitza nagusiaren parke osoarekin alderatuta, alokairuaren ordezkaritza nahiko txikia da Euskadin, ohiko etxebizitza multzoaren % 8,5a bakarrik osatzen baitu (71.400 etxebizitza alokairuan). Bestalde, EAEko alokairu babestuaren parkeak 20.513 unitate zituen 2011. urte amaieran.

Datu horiei jarraiki, EAEko alokairu-etxebizitzen % 29a babes-mailaren bati dagokiola azpimarratu behar da. Horrenbestez, alokairua sustatzeko politikek EAEko alokairu-parkearen kuota areagotzen lagundu dutela ikus daiteke.

Bestalde, eta eraikuntza berriei dagokienez, finantzaketa-zailtasun handiak izan arren, Planaren lehen bi ekitaldietan alokairu-erregimeneko 1.732 etxebizitza abiarazi ahal izan direla azpimarratu behar da, aldi berean, ekonomia eta finantza arloko krisialdi sakon honetan eraikuntzaren sektorea suspertuz.

2011n marka guztiak hautsi dira babes publikoko etxebizitza amaituen bolumenari dagokionez (5.473 etxebizitza).

Hiri-birgaikuntzara eta -berrikuntzara xedaturiko programekin jarraituz, jarduketa horien bidez gizartean lortutako ondorio nagusiak irisgarritasunaren arloan gauzatu direla esan behar da, pertsona zaharren eta minusbaliatuen mugikortasuna hobetu baitute; etxebizitzen bizigarritasun- eta erosotasun-baldintzak hobetu dira, eta horren ondorioz, energia-kontsumoa murriztu da, batetik, eta pertsonek beren etxebizitzetan denbora gehiago egitea lortu da, bestetik, osasun-esparruan eta gizarte-politiketan aurreztuz. Horrela, politika desberdinak koordinatzeko eta elkarren artean osatzeko beharra sortzen da berriro, etxebizitza-politikek zuzenean eragiten baitute gizarte eta energia alorreko zein beste esparru batzuetako politiketan.

Era berean, Etxebizitza Sailak etxebizitzak birgaitzeko dituen diru-laguntzen politikek eragin ekonomiko handia dutela gogoratu behar dugu. Eraikuntzaren sektorea ekonomiaren eragile garrantzitsua da eta birgaikuntzaren azpisektoreak garrantzia handia hartu du gaur egun, etxebizitza berrien eraikuntzak nabarmen egin baitu behera.

Izan ere, babestu egin daitekeen aurrekontua, hau da, Etxebizitza Sailaren diru-laguntza jaso duten jarduketa babestuen multzoagatik egindako inbertsioa (lanen benetako kostua, gehieneko muga batekin) 288 milioi eurora iritsi da 2011n, betiere partikularrek eta auzo-elkarteek egindako lanak kontuan hartuta, bi urte horietan (2010 eta 2011) 565 milioi euroko kostua eginez.

Horrela, diruz lagundutako euro bakoitzeko 15,5 euro sortu dira ekoizpen-jardueraren zuzeneko ondorioak direla-eta. Gainera, beste 548 milioi euro sortu dira ekoizpen-jardueraren zeharkako ondorioen eraginez; horrenbestez, ekoizpenean izan duen eraginak 1.113 milioi euroak gainditu ditu bi urte horietan.

BPG terminoetan, Etxebizitza Sailak lagundutako etxebizitzen birgaitze-jarduerei esker, Euskadiko BPGa 194,5 milioi euro handitu da 2011n (187 milioi euro 2010ean).

Bestalde, Etxebizitza Sailaren eta finantza-erakunde garrantzitsuenen artean egindako finantza-hitzarmenari esker, familia askok hipoteka-kredituak lortu ahal izan dituzte beren etxebizitza babestuak ordaintzeko, finantzaketa lortzeko zailtasunak gaindituz.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan