Berriak Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza
Eu

Ihobek eta Novia Salcedo Fundazioak enplegu berdea sustatzeko beka-programa bat jarri dute abian

2012.eko abenduak 11

 

Ihobe Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Jarduketarako sozietate publikoak eta Novia Salcedo Fundazioak “Ekoberrikuntzako Beka Programa 2012-2013” abian jarri dute, enplegu berdea sustatzeko eta euskal enpresa eta erakundeen lehiakortasuna hobetzeko.

Profesional gazteak ekonomia berdearen inguruko jarduera-sektoreetan gaitzea da programaren helburua. Enpresan egingo duten denboran, enpresaren lehiakortasuna areagotzea helburu duten ingurumen-arloko proiektuetan lagunduko dute bekadunek. Ihobek 200.000 euro eman ditu beka berdeen programa hori garatzeko, eta zenbait deialdi egingo dira programa indarrean dagoen bitartean.

Lan-aukerarik eza da, konfiantza faltarekin batera, gazteek lana bilatzeko duten arazo nagusietako bat. Egoera hori are larriagoa da gaur egungo krisi ekonomikoaren ondorioz, zeinak sektore guztiei eragiten baitie. Ekoberrikuntzako Beka Programa sustatzen duten erakundeek urrats bat egin nahi dute esparru horretan, eta ingurumenari lotutako produktu eta zerbitzuen geroz eta eskaera handiagoari erantzuten dieten enpresetan lehenengo postuetan kokatu Euskadi.

Hazkunde globaleko merkatua

Hain zuzen, ingurumenaren alorreko jarduerak dira epe laburrean, hots, 2020. urterako, hazteko gaitasunik handiena dutenetariko batzuk. Hala, aurreikuspenen arabera, merkatu berde globala hirukoiztu egingo da hurrengo hamarkadan.

Egindako zenbatespenak oinarri hartuta, Euskadin 12.000 lanpostu sortuko direla aurreikusten da, eta horrek euskal ekonomiari hazten laguntzeko eragile nagusietako bat bihurtzen du ingurumena. Energia sortzearekin, karbono gutxiko ekonomiarekin, eraikuntza jasangarriarekin, produktuen ekodiseinuarekin eta industriari lotutako material-eraginkortasunarekin lotutako produkzio-eremuak sendotzean eta sortzean oinarritzen da esparru horren etorkizun hurbila.

Eskaera eta baldintzak

Ihobek eskaintzen dituen ingurumen-zerbitzuetakoren batean parte hartzen duten edo ingurumen-kudeaketarako sistemaren bat (ISO 14001, ISO 14006, Ekoscan) ezarria duten euskal enpresek har dezakete parte “2012-2013 epeko Ekoberrikuntzako Programan”. Halaber, izena eman dezakete beren jarduera “sektore berdean” (energia berriztagarriak, hondakinen kudeaketa, hondakin-uren tratamendua, eguzki-energia, ekodiseinua, ekoberrikuntza, lurzoruak berreskuratzea, tokiko agenda 21, ingurumen-aholkularitza…) gauzatzen duten enpresek.

Bekadunen bat hartuz programan parte hartu nahi duten enpresek edo erakundeek Novia Salcedo Fundazioarekin jarri behar dute harremanetan (b.varona@noviasalcedo.es), eta hauek adierazi behar dituzte: praktikaldia egiteko eskatu nahi duten pertsonaren profila, bekadunak egin beharko dituen lanak eta bekadun den artean jasoko dituen trebakuntza teknikoa eta gaitasun-trebakuntza. Programan parte hartuko duen bekadunak Novia Salcedo Fundazioak egingo duen deialdi publiko baten bidez hautatuko dira.

 

Iruzkin bat
  • @aguedaGdD
    2012.eko abenduak 12

    Comentario de Twitter:
    Programa de Becas para fomentar el #empleoverde en el País Vasco http://t.co/1wrlVTYB

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan