Berriak Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioak
Eu

Astelehenetik, abenduaren 17tik, aurrera, trenak lur azpiko trazatu berritik zeharkatuko du Durango

2012.eko abenduak 10

Lur azpiko bidearen irekierari esker, 7 trenbide pasagune kenduko dira, horietatik lau hirigune barruan daudenak 

Bilbo eta Durango arteko lehen tren bidaia egin zenetik 130 urte igaro direnean, astelehenetik, abenduaren 17tik, aurrera, EuskoTrenen unitateek ez dute jada Durango zatitzen duen trazatu berritik zirkulatuko, eta lau kilometro luze den tuneletik zirkulatuko dute. Azpiegitura berriaren barruan, merkataritza gunea eta 350 ibilgailu aparkatzeko lekua izango dituen aparkalekua dituen Durangoko geltoki berri modernoa ere sartzen da.

Iñaki Arriolak, jarduneko garraio sailburuak, trenez egin du gaur goizean Euba eta Abadiño artean eraiki den trazatu bikoitz berria, eta Trañako (Abadiño) eta Durangoko geltoki berriak ere bisitatu ditu.

Durangon trenbidea lur azpian sartzeko lanen amaierak hobekuntza nabarmena ekarriko du trenbide erabiltzaileen, oinezkoen eta ibilgailuen segurtasunerako, izan ere, Iurretako, Durangoko eta Abadiñoko udalerrietan dauden zazpi trenbide pasagune kenduko baitira (Santa Apolonia, Ezkurdi, Landako, Olleriak, Fauste, Montorreta eta Granja).

Zabalarrako eta Sasikoako trenbide pasaguneek martxan jarraituko dute, baina trafiko gutxiago izango dute. Gaur egungo tailerrak eta kotxetegiak, Lebarion egiten ari diren berrietara eramaten direnean, horiek ere desagertuko dira. Hau da, egungo trazatua, trenak kotxetegietara joateko eta bertatik itzultzeko baino ez da erabiliko.

Horrez gain, trazatu berria martxan jartzean, Fauste-Landakoko geralekua desagertu egingo da, izan ere, abenduaren 17tik aurrera, Zaha Haddidek diseinatutako geltokia izango baita Bilbo-Donostia lineako erabiltzaileek Durangon izango duten geltoki bakarra.

Aurreikuspenen arabera, Lebarioko tailerrak eta kotxetegiak 2013. urtearen erdialdean jarriko dira martxan. Lan horien amaieraren faltan, esan dezakegu Durango operazioa egiteko 232 milioi euroko inbertsioa egin dela, eta inbertsio hori Eusko Jaurlaritzak finantzatu duela oso-osorik.

Lur azpiko trazatuko merkataritza zirkulazioak hasi baino astebete lehenago egiten ari diren lanak, obra zibilaren azken ukituetan eta kanpoaldeko urbanizazioan zentratzen dira, eta, horrez gain, probak egiten ari dira instalazioetan, eta EuskoTren operadorea ere bere probak egiten ari da trenbide saihesbide berrian.

Trenek noranzko bikoitzeko trenbidean zirkulatuko dute Durangoko tuneletik, eta Euba-Iurreta eta Traña-Lebario zatietan trenbide bakarrean zirkulatuko dute, izan ere, oraindik amaitu barik baitaude aipatutako zati horiek bikoizteko lanak. Aurreikuspenen arabera, lanak 2013ko udan amaituko dira.

Beste alde batetik, merkataritza gunearen eta aparkalekuaren ustiapen lanen esleipena duen enpresa, Construcciones Murias, aipatutako zentro horretarako proiektuaren idazketa lanak amaitzear dago. Aurreikuspenen arabera, 2013ko bigarren erdialdean zabalduko da. 350 ibilgailurentzat lekua duen hiru solairuko aparkalekua datorren astean zabalduko da.

2005ean jarri zen Durango operazioaren lehen harria. Operazio horretan Bilbo-Donostia lineako 15 trenbide kilometro bikoiztu dira Zornotza-Amorebieta eta Lebario artean; hiru geltoki berri eraiki dira Euban (martxan jada), Durangon eta Trañan (abenduaren 17tik aurrera martxan); eta inguru horretan egon diren 27 trenbide pasagune kendu dira. Horrez gain, Lebarioko tailer eta kotxetegi berrien eraikuntzari esker, Durango erdialdean dauden tren instalazioak bertatik atera ahal izango dira. Lan horri esker, 60.000 metro karratu libre geratuko dira hiritar guztiek erabili eta goza ditzaten.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)