Berriak Ekonomia eta Ogasuna
Eu

EKONOMIAZ: “Eskualdeko berrikuntza-sistemak”

2010.eko martxoak 04

Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasuneko sailburuak hasiera eman dio EKONOMIAZ aldizkariaren berrikuntzari buruzko zenbakiaren argitalpena dela-eta antolatu den jardunaldiari 

Carlos Aguirreren iritziz "Berrikuntza eta jakintza teknologikoa azpiegitura teknologikoak eraikiz eta proiektuak finantzatuz sustatzen dira baina, batez ere, zeharka, lehia zaintzeko eta egonkortasun makroekonomikoa bermatzeko ekonomia- eta industria-politikaren bitartez". 

Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun Sailak antolatutako jardunaldi bat garatu da gaur Bilbon, EKONOMIAZ aldizkariaren "Eskualdeko berrikuntza-sistemei" buruzko 60. zenbakia aurkeztu dela-eta. Ekonomiari buruzko euskal aldizkaria Eusko Jaurlaritzaren ekimenez sortu zen, ekonomiari buruzko jakintzak sustatzeko Euskal Autonomia Erkidegoan eta Euskal Autonomia Erkidegoaren ikuspegitik. 2010ean 25 urteko ibilbidea beteko du, unean-unean euskal ekonomiari eragin izan dioten gai eta arazo guztiak aztertu direla aldizkariaren orrialdeetan. Argitalpenak, bada, jakintzan eta berrikuntzan oinarritutako hazkuntza-eredua sendotzen lagundu du. 

Carlos Aguirre Ekonomia eta Ogasuneko sailburuak, jardunaldiaren sarrera egin duenean, gobernuak berrikuntza eta jakintza teknologikoa sustatzean duen eragina nabarmendu du. Bere ustez emaitza hori zuzenean lortzen da azpiegitura teknologikoak eraikiz eta proiektuak finantzatuz baina, batez ere, zeharka, ekonomia- eta industria-politika eginez eta lehia zaintzeko eta egonkortasun makroekonomikoa bermatzeko ekonomia erregulatuz. 

Beste alde batetik, Bernabé Unda Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoko sailburuak gai honen inguruan egin diren hainbat esperientzia gogorarazi ditu, "esaterako Euskalit, enpresa-kudeaketan bikaintasuna sustatzeko enpresen ituna; edo Innobasque, berrikuntza sustatzeko enpresa eta agenteen arteko ituna; eta berriagoa den Innovanet sarea". Era berean azpimarratu du sareak "gure berrikuntza-politikaren erreferentea izan behar duela eta, era berean, lankidetza, egiteko modukoa izateaz gain, errentagarria ere badela dioen adierazgarria. Euskadin beti ez gara gai izaten batzen gaituena aurkitzen, eta urruntzen gaituena bilatzeko joera dugu. Orain, bada, kontrakoa egin nahi da". 

Azken datuek adierazitakoaren arabera, euskal enpresen % 10ak bakarrik egin izan du azken bi urteetan lankidetza-jardueraren bat bere inguruko beste enpresa edo eragile batzuekin. "Egia esan -Industriako sailburuak azaldu duenez- oraindik bide luzea dago egiteko gai honetan, enpresek oraindik mesfidantza handiak dituztelako horrelako dinamiken inguruan, batez ere enpresa txikienek, eta are gehiago lankidetza merkatu berean antzeko jarduerak egiten dituzten eragileekin egingo bada". 

Jardunaldian, era berean, Deustuko Unibertsitateko ESTEko irakaslea eta enpresa-lehiaren eta lurralde-lehiaren ikertzailea den Mikel Navarro ere egon da, berak koordinatu baitu zenbaki monografiko hau. Irakasleak EAEko kasuaren ikuspegitik hitz egin du eskualdeko berrikuntza-sistemei buruz. Navarrok, besteak beste, Euskal Autonomia Erkidegoak teknologia-zentroen eta klusterren alde egindako erronka nabarmendu du, bai eta industria eta industria-politika sustatzeko egin dugun ahalegina ere. 

Laugarren txostengilea Bjorn Asheim izan da, Lundeko Unibertsitateko (Suedia) Centre for Innovation, Research and Competence in the Learning Economy-ko zuzendariordea. Asheim irakaslea hurrengo belaunaldiko eskualdeko berrikuntza-politika zabalagoa izatearen alde agertu da. Hori lortu nahi izatekotan, bada, zientzian eta teknologian oinarritutako politikak erabiltzailearen eskariaren arabera eta erabiltzaileen bultzadan oinarritzen diren berrikuntza-politikekin bateratu beharko lirateke. Horren inguruan, Finlandiaren kasua aipatu du.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Beste gonbidatu batzuk
  • Bernabe Unda, Carlos Aguirre