Berriak Herrizaingoa
Eu

Arkauteko Akademiak "Euskal Poliziaren Eskuliburua" argitaratu du, euskal poliziaren lehenengo eskuliburua

2012.eko abenduak 07

Liburuan polizia batek lanerako behar dituen trebetasun guztiak bildu dira, eta profesional guztientzako erreferentziazko gida izango da; Durangoko Azokan eskuragai egongo da

Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak "Euskal Poliziaren Eskuliburua" argitaratu du, euskal poliziaren eskuliburua, polizia profesional guztientzat berariaz diseinatutako obra, bai Ertzaintzako, bai Euskadiko udal kidegoetarako ere; bertan Arkauteko esperientzia didaktiko guztia jaso da, polizia prestakuntzako alderdi guztietan. Lana zortzi liburukitan plazaratu da, eta agenteek eguneroko lana erkatzeko eta erreferentziazko eskuliburu gisa erabil dezakete; izan ere, polizia lanbidea betetzeko beharrezko trebetasun guztien bilduma da, besteak beste, aipatzen baititu Giza Baliabideen gaineko prestakuntza, ikerkuntza, delituen aurreko prebentzio ekintzak, Larrialdietan eta Bide Segurtasuneko esku hartzea, edota administrazio arloko prestakuntza.

"Euskal Poliziaren Eskuliburua" bilduma hogeita sei liburu tematikok osatzen dute, zortzi liburukitan bilduta. Horrez gain, edizio elektroniko bat ere prestatu dute, irakurgailuetan kontsultatu ahal izateko. Bertan, polizia agente batek (dela Ertzaintzakoa, dela udaltzaina) kontrolpean izan beharreko oinarrizko gai guztiak jaso dira, modu xehatuan eta azalpen grafiko ugarirekin. Bidenabar, funtsezko kontsulta liburua ere bada herritarren segurtasunaren arloan herritarrentzako zerbitzuen xehetasunetan interesatutako pertsona ororentzat, estatuko eta Europako beste polizia erakunde batzuetako profesionalak barne. 

Eskuliburua prestatzeko lanetan, guztira, 68 autorek hartu dute parte, denak adituak landu dituzten gaietan eta esperientzia handidunak prestakuntzaren arloan, prestakuntza teorikoan zein praktikoan, polizia promozio eta espezializazio ikastaro askotan ibilitakoak baitira. Dagoeneko bilduma egileei, udaltzainei eta Ertzaintzako unitatei igorri zaie, baita liburutegietara, polizia ikastegietara zein sindikatuetara ere. Asteburu honetan, gainera, Durangoko Azokan ere egongo da, hau da Euskal Liburu eta Disko Azokaren 47. edizioan.

Eskuliburuaren lehen liburukia euskal poliziaren historiari buruzkoa da, Ertzaintzak eta udaltzainek osatzen dutena, baita aspaldiko foru polizia kidegoek ere, eta horien banaketa historikoa eta lurraldekoa ere azaldu ditu. Horrez gain, segurtasunerako euskal kidegoek giza eskubideen defentsarekin eta polizia baloreekin duten lotura ere jaso da, kode deontologikoetan azaleratutakoak.

Bigarren liburukiak polizia lanbidea aztertu du komunitaterako zerbitzu gisa, polizia ere komunitate horretako parte den aldetik; laguntza funtzioa eta delituen biktimekin egindako lana bereziki nabarmendu dira.

Hirugarren lanean polizia zerbitzuak Larrialdiei Aurre egiteko Euskal Sistema delakoan nola integratu diren aztertu da; jokatzeko jarraibideak jaso dira, gai arriskutsuak tartean daudenean, suteetan eta lehen sorospenak eman beharreko jarduketetan.

Laugarren liburukian, berriz, polizia jarduna aztertzen da bete-betean: patruilen lan sistematika, kontzeptua bera, xedeak eta prebentzio ekintzak edota egoera desberdinetan esku hartzeko prozedurak, bereziki herritarrentzat arrisku nabarmena duten egoeretan, esaterako ordena publikoko gorabeheretan.

Administrazio eta zigor arau-hausteen kasuetako poliziaren jarduna du aztergai bosgarren liburukiak; delituen aurrean nola erantzun behar den zehazten da, baita zigor prozesuetan eta administrazio arau-hausteen barruan polizia ikerketa nola garatu behar den ere.

Seigarren liburukiak, ostera, zirkulaziora eta bide segurtasunera lotutako lana du ardatz. Poliziak zirkulazio ezbeharretan duen esku hartzea zehaztu, eta isunei buruzko azalpen xehakatua jaso du.

Hurrengo liburukiak, zazpigarrenak alegia, polizia lanaren alderdi desberdinetarako beharrezko trebetasunak biltzen ditu, besteak beste, gidatzeari dagokionez, automozioa, norbera babesteko polizia teknikak, armak erabiltzea, etab.

Azken liburukian, zortzigarrenean, polizia kidegoek erabiltzen dituzten ekipoak eta armak aztertu dira, polizia lanetako balistika, materialak eta ekintzetarako baliabideak.

Bilduma erosteko hainbat bide

"Euskal Poliziaren Eskuliburua" bilduma osoa lortzeko hainbat bide daude, profesional bakoitzaren beharrizanen arabera liburukiak edo liburuak banaka erosi edo edizio osoa eskuratu daitekeelako. Hona hemen kasuan kasuko prezioak:

  • Edizio osoa: 210 €
  • Liburukiak banaka: 14 eta 32 euro artean
  • Liburuak banaka: 6 eta 15 euro artean

Informazio gehiago hemen: www.arkauteakademia.net

Suhiltzaileen Eskuliburua bilduma

Suhiltzaileen Eskuliburua bilduma hogeita bat liburu tematikok osatzen dute, bost liburukitan bilduta. Bilduman diseinu grafiko bikaina eta irudi ugari erabili dira gaiak garatzeko; horrela, gaiak hobeto ulertzea ahalbidetu nahi da.

Eskuliburua, orotara, 52 autorek egin dute, eta tartean dira Euskadiko suhiltzaile zerbitzuetako profesional onenak, Osakidetzako larrialdi zerbitzukoak, Gurutze Gorrikoak, Itsas Salbamendua eta Herrizaingo Saileko Larrialdien Zuzendaritzakoak barne.

o    1. LIBURUKIA. SALBAMENDU OPERAZIOAK

o    2. LIBURUKIA. SUTEAK KONTROLATZEA ETA ITZALTZEA

o    3. LIBURUKIA. GERTAKARI NATURALAK ETA ANTROPIKOAK. LAGUNTZA TEKNIKOETAKO OPERAZIOAK

o    4. LIBURUKIA. BALIABIDE OPERATIBOEN ERABILERA

o    5. LIBURUKIA. ANTOLAKUNTZA ETA GARAPEN PROFESIONALA

Nola lortu Suhiltzaileen Eskuliburua?

Bilduma eskuratzeko liburuak edo liburukiak banaka edota edizio osoa eros daiteke. Hona hemen prezioak:

  • Edizio osoa: 150 €
  • Liburukiak banaka: 28 €
  • Liburuak banaka: 7 €

Eskuliburuaren ale bat erosi nahi baduzu, gurekin jar zaitezke harremanetan:

  • Telefono zenbaki honetara deituz: 945 28 52 00.
  • Fax bat bidaliz 945 28 23 62 zenbakira.
  • Mezu elektroniko bat bidaliz email honetara: contratacionappv@hsdi.ej-gv.es
  • Helbide honetara joz:

Arkauteko Ikastegia

N-104 Errep. 356. km 01192 Arkaute (Araba).

  • Eusko Jaurlaritzaren Argitalpen Zerbitzuaren bitartez, Lakuan (Gasteiz), eta baimendutako banatzaileen bitartez (Elkar eta Egartorre).

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko