Berriak Lehendakaritza
Eu

Kultura demokratikoa Euskadin

2012.eko abenduak 07

Prospekzio Soziologikoen Kabinetearen 2012ko programazioaren baitan, ikerketa honen helburua izan da balio eta erakunde demokratikoei buruz EAEko biztanleek duten hautematea jasotzea. Hori guztia, 2010ean egindako lanarekiko alderaketan oinarrituta.

Halaber, beste SOZIOMETRO eta azterketa batzuetan ikertutakoaren haritik, jarrera eta balio politikoei buruzko beste zenbait gai ere planteatu dira. Ikerketa honen fitxa teknikoa zabaldu den txostenean kontsulta daiteke. Lagina 18 urtez gorako herritarrei zuzendua, EAE osorako 2.501 lagunek osatua da, eta informazioa etxean egindako banakako elkarrizketen bidez jaso da.

Lagin errorearen estimazioa ±%2 da EAE osorako, %95,5eko konfiantza mailarako, p=q=0,5 izanik. Informazio bilketa 2012ko irailaren 19tik 29ra bitartean egin zen.

NABARMENTZEKOAK

1. POLITIKAREKIKO INTERESA ETA JARRAIPENA

Biztanleek politikarekin duten harremanean konfiantzarik eza eta haserrea nagusitzen dira. 2010eko azterketarekin alderatuta, azken sentimendu horrek indarra hartu du, eta bigarren aipatuena izatera igaro da. Hori horrela izanagatik, politikaz hitz egiten dutenen eta berri politikoak hedabide ezberdinetan jarraitzen dituztenen portzentajea handitu egin da.

2. PARTE HARTZE POLITIKOA

Parte hartze aktibo handiagoa ekimen sozial eta politikoetan. Erdia ados agertu da herritarren artean parte hartze politiko eta soziala bultzatzearekin, eta kopuru bera parte hartzeko prest agertu da.

3. DEMOKRAZIAREN FUNTZIONAMENDUA

Sistema demokratikoarekiko atxikimendua agerian jartzen da, demokraziarekin dagoen poztasun maila dezente txikitu den arren. Bizitza eta iritzi eta adierazpen askatasunerako eskubideen betetze mailarekin poztasuna handitu egin da; aldiz, txikitu egin da hezkuntzarako eskubidearen, eta neurri apalagoan, lanerako eskubidearen –lehen ere txikia zena- eta osasunerako eskubidearen betetze mailarekiko poztasuna. Bankuak botere gehien duten erakundeak direnaren hautematearen handitzearekin batera, txikitu egin da, norberaren ongizaterako zerikusia duten gaien gaineko erabakietan, gehien eragiten dutenak euskal erakundeak direneko hautematea, eta dezente handitu da gehien eragiten dutenak Gobernu Zentrala eta Europako Batasuna direnekoa.

4. KONSTITUZIOA, ESTATUTUA ETA ESTATUAREN ANTOLAKETA

Herenak Estatutua eta Konstituzioa babestuko luke, beste herenak ez lituzke babestuko eta gainerakoek ez dute argitzen zein izango litzatekeen euren jarrera.

EMAITZAK

1. POLITIKAREKIKO INTERESA ETA JARRAIPENA

Biztanleek politikarekin duten harremanean konfiantzarik eza eta haserrea nagusitzen dira. 2010eko azterketarekin alderatuta, bi sentimendu horiek indarra hartu dute.
Politikarekiko nagusitzen den sentimendua konfiantzarik eza da oraindik ere, elkarrizketatutako hamar pertsonatatik seik hala adierazi dute (%59, 2010ean baino 6 puntu gehiagok). Ondoren haserrea nagusitzen da (%33), 2010ean baino 12 puntu handiagoa da sentimendu hau adierazi dutenen ehunekoa (orduan %21 zen), eta bigarren lekuan kokatu da.

Konfiantza eza eta haserre horren baitan, hamarretik zazpik politikarekiko interes gutxi edo batere interesik ez dutela adierazi dute. Haatik, mesfidantza hori politika orokorrera baino politikan jarduten direnei, politikariei eta alderdi politikoei, zuzendua dagoela dirudi: %79 dira boterean bat edo beste egon, beti euren interes pertsonalak bilatzen dituztenaren adierazpenarekin ados agertu direnak, eta %72k uste dute benetan guztiak berdinak direla. Politikariekiko eta alderdi politikoekiko iritzi txar hori handitu egin da azken zortzi urteetan: adibidez, alderdiei buruz proposatutako sei adierazleetan iritziak okerrera jo du, 5 eta 16 puntu artean, 2004tik 2012ra.

Politikak sortzen duen mesfidantza eta haserrearen gainetik, politikaz hitz egiten dutenen eta berri politikoak hedabide ezberdinetan jarraitzen dituztenen portzentajea handitu egin da.

Erdiak diote familiarekin eta lagunekin politikaz hitz egiten dutela (%51 bi kasuetan), eta gutxi batzuk gutxiago dira lankideekin eta ikaskideekin politikaz askotan edo noizean behin hitz egiten dutela diotenak (%41). Aipatutako hiru esparruetan handitu egin da azken urteetan politikaz askotan edo noizean behin hitz egiten dutela diotenen portzentajea, Espainia osoan baino gutxiago bada ere. Aldaketa hau, demokrazia garaian sozializatutako belaunaldi berrietan agertzen da nabarmenago.

2010eko azterketarekin alderatuta, handitu egin da, baita ere, egunero hedabide ezberdinetan berri politikoak jarraitzen dituztenen portzentajea: 2010eko %69tik, egungo %74ra. Datu hori hedabide bakoitzerako zehaztuta: %67k egunero jarraitzen dute informazio politikoa hedabide ikusienean, telebistan; %38k prentsa idatzian; %32k irratian eta %21ek interneten. 2010eko ikerketarekin alderatuta, batez ere, berriak egunero telebistan (%59tik %67ra) eta interneten (%13tik %21era) ikusten dituztela adierazi duten pertsonen portzentajea handitu da.

2. PARTE HARTZE POLITIKOA

Parte hartze aktibo handiagoa ekimen sozial eta politikoetan. Erdia ados agertu da herritarren artean parte-hartze politiko eta soziala bultzatzearekin, eta kopuru bera parte hartzeko prest agertu da.

Galdera sortan jasotako parte hartze modu ezberdinen artean, lau dira erantzun gehienak jaso dituztenak, krisi ekonomikoaren ondorioen aurrean sortutako erreakzio kolektiboekin bat eginez: baimendutako edo ez baimendutako manifestazio batetan parte hartzea (%31k egin du azken urtebetean), greba batetan parte hartzea (%31), eskaera aldarrikatzaile bat sinatzea (%26) eta zenbait produktu erostea arrazoi politiko, etiko edo ingurumenekoak direla eta (%21). Horiek nabarmendu dira, aipatuenak izan direlako, baina baita 2008 eta 2010 urteaz geroztik goranzko joera izan dutelako ere. Hots, azken urtean grebaren batean parte hartu dutenen portzentajea %31koa izan da, 2010ean %20koa eta 2008an %11koa izan zen bitartean. Aztertutako gainerako hiru kategorietan bilakaerak antzekoak izan dira.

Talde eta elkarteetako kide izateari eta parte hartzeari dagokionez (mota oso ezberdinetakoak), hiru herenetako banaketa agertzen da: pasiboak (%33 ez dira inoiz kide izan), aktiboak (%36 kide aktiboak dira) eta desmobilizatuak (%23 inoiz kide izan dira baina orain ez, eta %7 kide dira baina ez dute parte hartzen).

Parte-hartzea antolatzeko proposatutako modu ezberdinen artean, politikariek herritarrek kontu publikoetan parte hartzeko bideak sustatu egin behar dituztela, zuzenean herritarrek eurek erabakiak har ditzatenaren ideiak jaso du babes handiena (%41). Horiei, politikariek herritarren iritzia zein den ezagutzea ona dela esan dutenak (%14) gehituta, biztanleen erdiak baino gehiago ados agertu dira (%55) erakundeetatik herritarrentzako parte-hartze eremuak bultzatzearekin. Aldiz, %22k adierazi dute ez zaizkiela interesatzen politika eta gizarte-gaiak eta %13k politika politikarien kontua dela eta haien lana dela kontu publikoak eraginkortasunez kudeatzea.

Erdibituta agertzen dira ere gai publikoei euren denbora librea eskaintzeko prest agertu direnak (%22 prest leudeke eta %23 soilik ahalegin handirik suposatuko ez balie) eta inolako prestutasunik agertu ez dutenak (%50).

Dena dela, elkarrizketatutako pertsonek erakundeei gehien eskatzen dietena da gardentasuna euren kudeaketaren informazioan (%60), eta gutxiagok, parte hartzea ahalbidetuko duten lege eta araudiak onartzea (%18) eta gizarte erakundeak eta gobernuz kanpoko erakundeak diruz laguntzea (%12).

3. DEMOKRAZIAREN FUNTZIONAMENDUA

Sistema demokratikoarekiko atxikimendua agerian jartzen da, demokraziarekin dagoen poztasun maila dezente txikitu den arren.
Biztanleen hiru laurdenek nahiago dute demokrazia beste edozein gobernu mota baino (%75), aldiz, hamarretik batek baino ez du adierazi berari berdin zaiola (%11) eta soilik %5ek onartuko lukete gobernu autoritario bat baldintza jakin batzuetan.

Soilik lautik bat (%26) agertu da oso edo nahikoa pozik demokraziaren funtzionamenduarekin, %69 ez oso pozik edo batere pozik ez dagoen bitartean. Azken bi urteetan gure demokraziaren funtzionamenduarekin pozik dagoen jendearen ehunekoa 20 puntu txikitu da: 2010ean %44 agertu zen oso edo nahikoa pozik eta egun %26 baino ez dira. 2002tik honako kopururik txikiena da hori (informazioa jasotzen hasi ginen urtetik).

Europako gainerako lurraldeekin alderatuta, poztasun mailarik txikiena duten Europako Batasuneko Estatuen artean kokatzen da EAE. Soilik Estatu hauetako biztanleek erakusten dute poztasun maila txikiagoa: Hungariakoek (%25 oso edo nahikoa pozik), Portugalgoek (%22), Errumaniakoek (%20), Bulgariakoek (%20), Lituaniakoek (%18) eta Greziakoek (%15). Eta Europako Batasuneko batezbestekoa (%51) EAEko batezbestekoa baino 25 puntu handiagoa da.

Bizitza eta iritzi eta adierazpen askatasunerako eskubideen betetze mailarekin poztasuna handitu egin da; aldiz, txikitu egin dira hezkuntzarako eskubidearen, eta neurri apalagoan, lanerako eskubidearen -lehen ere txikia zena-eta osasunerako eskubidearen betetze mailarekiko poztasuna.

Giza eskubideen betetze mailarekiko poztasunari dagokionez, hamarretik zazpi baino gehiago pozik agertu dira osasunerako eskubidearen betetze mailarekin (%77), bizitzeko eskubidearenarekin ideia politikoak direnak direla (%76) eta ingurumen osasuntsu batetarako eskubidearekin (%70). Eta %60tik gora kokatzen da hezkuntzarako eskubidearen (%67), bereizketarik ez izateko eskubidearen (%64) eta iritzi eta adierazpen askatasunaren (%63) gaineko poztasuna. Betetze mailarekiko poztasuna txikiagoa da etxebizitza duinerako eskubideari dagokionez (%45) eta, batez ere, lanerako eskubideari dagokionean (%35).

2010eko datuekiko bilakaerari erreparatuta, gora egin du bizitzeko eskubidearen (%60tik %76ra) eta iritzi eta adierazpenerako eskubidearen (%52tik %63ra) betetze mailekiko poztasunak, ETAren ekintza armatuen behin betiko uztearekin eta alderdi politiko abertzale berrien legeztatzearekin batera. Aldiz, behera egin du hezkuntzarako eskubidearen (%77tik %67ra), eta neurri apalagoan, lanerako eskubidearen (%40tik %35era) eta osasunerako eskubidearen (%80tik %77ra) betetze mailarekikoak, kasu honetan krisi ekonomikoarekin eta gobernua egiten ari den murrizketekin bat eginez.

Bankuak botere gehien duten erakundeak direnaren hautematearen handitzearekin batera, txikitu egin da, norberaren ongizaterako zerikusia duten gaien gaineko erabakietan, gehien eragiten dutenak euskal erakundeak direneko hautematea, eta dezente handitu da gehien eragiten dutenak Gobernu Zentrala eta Europako Batasuna direnekoa.

Bankuak agertzen dira botere gehien duten erakundeak bezala, bai Euskadin (%65ek botere gehien duten hiru erakundeen artean kokatzen dituzte) zein Espainian (%72). Ondoren, nahiko atzetik, botere gehien duten erakundeen artean enpresa handiak (%46 eta %45, hurrenez hurren) eta gobernuak (Euskadin Eusko Jaurlaritzak %46 eta Espainian Gobernu Zentralak %41) agertzen dira. Sailkapen hau areagotu egin da azken ikerketan, non 2010eko neurketarekin alderatuta bankuen boterearen gaineko hautematea handitu egin den eta enpresa handiena eta gobernuena txikitu.

Erakunde politikoez ari garela eta hauek elkarrizketatuen eta euren familien ongizatean duten eraginaz, Eusko Jaurlaritza da oraindik ere indar gehienez agertzen den erakundea (%43k lehen edo bigarren lekuan kokatzen dute), baina gertu geratu zaizkio Gobernu Zentrala (%40) eta Europako Batasuna (%31). Testuinguru honetan, udalen (%23) eta diputazioen (%17) erabakien garrantzia bigarren mailan geratzen dira.

Zentzu honetan, 2010eko neurketarekin alderatuta bilakaera esanguratsua izan da. Euskal erakundeen erabakiek norbere bizitzan duten eraginaren hautematea dezente txikitu da, batez ere, udalen kasuan (%37tik %23ra), baina baita diputazioen kasuan (%26tik %17ra) eta Eusko Jaurlaritzarenean (%53tik %43ra) ere. Aldiz, handitu egin da Gobernu Zentralaren (%32tik %40ra) eta Europako Batasunaren (%10ek aipatzetik %31k aipatua izatera pasa da, 21 puntu gehiago) erabakiek norbere ongizatean duten eraginaren hautematea.

4. KONSTITUZIOA, ESTATUTUA ETA ESTATUAREN ANTOLAKETA

Herenak Estatutua eta Konstituzioa babestuko luke, beste herenak ez lituzke babestuko eta gainerakoek ez dute argitzen zein izango litzatekeen euren jarrera.

Gaur konstituzioaren erreferenduma errepikatuko balitz herenak babestu egingo luke, beste heren batek berriz ez luke babestuko (%18k ezezko botoa emango lukete, %7k zurian eta %8 abstenitu egingo lirateke ados ez daudelako); gainerakoetatik %11k ez lukete botorik emango beste arrazoi batzuengatik, eta %23k ez dakite zer egingo luketen edo ez diote galdera honi erantzun nahi izan.

Estatutuaren gaineko babesa ere konstituzioak jasotakoaren antzeko moduan banatzen da. Herenak baino apur bat gehiagok baiezko botoa emango lioke (%37), beste herenak ez luke babestuko (%11k ezezko botoa emango lukete, %7k zurian eta %13k ez lukete botorik emango); azken herenak ez daki zer egingo luken edo ez du erantzun nahi izan (%32).

 

 

Iruzkin bat
  • @Mikelg037
    2012.eko abenduak 07

    Comentario de Twitter:
    RT @Irekia_News: La cultura democrática en Euskadi. http://t.co/sqIIntYC

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)