Berriak Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa

Celaák ohartarazi du Hezkuntzaren Kalitatea Hobetzeko Lege Organikoa «kostuak merkatzea» helburu duen «konponbide erregresiboa» dela

2012-12-05

Hezkuntzaren Kalitatea Hobetzeko Legearen proposamena baztertzeko eskatu du Eusko Jaurlaritzak, eta indar politiko eta hezkuntzako zein gizarteko eragile guztiei Euskadiko hezkuntza sistema defendatzeko deia egin die. Jaurlaritzaren iritziz, Euskadiko sistema «modernizatze-prozesuan dago eta ondo funtzionatzen du». Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburu Isabel Celaák eztabaida Eusko Legebiltzarrera eramango duela azaldu du, adostasun bila. Baina adierazi du ezin dela errekurtso judizialik ezarri, legearen zirriborroa arau bihurtu arte.

Lege horrek gizartean izango lituzkeen ondorioen inguruan ohartarazi du sailburuak. Izan ere, ikasleak banatzen ditu eta «oso gaztetatik» bereizten ditu. Gainera, Europako jarraibideetatik urrun dagoela salatu du. Legeak parekotasuna «ahaztu» duela eta hizkuntzen koofizialtasuna hausten duela ere nabarmendu du Celaák. Azken alderdi horri buruz, sailburuak azken legegintzaldian gaztelaniak eta euskarak trataera bera izan dutela azaldu du.

Isabel Celaáren arabera, Hezkuntza Ministerioaren prozesua «eskizofreniak eragindako jarduera hutsa» da. Bere hitzetan, legearen zirriborroa etengabe aldatzen ari dira, «jarrera askoz ere muturragokoetara» eramateko, «Alderdi Popularra baino eskuinekoagoak diren sektoreei gustua emate aldera». Celaáren ustez, José Ignacio Wert «aldakorra da, eta ez du edozer proposameni eusteko beste irizpide». Horrenbestez, adierazi du Rajoyren gobernuak daukala low cost hezkuntza ekarriko digun zirriborroaren ardura.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan