Berriak Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoa
Eu

Euskadiko 765 enpresak, iaz baino 90 gehiagok, eskatu dute Eusko Jaurlaritzaren laguntza 2012an beren eskaerak nazioartera zabaltzeko

2012.eko abenduak 04

Nazioartekotze Batzordea gaur bildu da Gasteizen, eta Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo sailburu Bernabé Unda izan du mahaiburu. 

Gaur goizean Gasteizen egindako Euskadiko Nazioartekotze Batzordearen osoko bilkuran argi geratu da euskal enpresek gure mugetatik landa lehiatzeko duten interes etengabea. Izan ere, aurten, 765 enpresak eskatu dute Eusko Jaurlaritzak lagun diezaiela beren eskaerak nazioartera zabaltzen. 

Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak euskal enpresek beren eskaerak nazioartera zabaltzeko duten interesa azpimarratu du, Prointer programan parte hartzeko eskaera kopuruak gora egin baitu; 2011n 675 eskaera izan ziren, eta aurten, berriz, 765. Prointer programaren helburua egoitza Euskal Autonomia Erkidegoan duten enpresen nazioarteko lehiakortasuna hobetzea da. Horretarako, nazioarteko jarduera abiarazi eta finkatzeko laguntza ematen du berrikuspen eta hausnarketa estrategikoen bidez, hala nola nazioartekotze planak abian jarriz.

Era berean, aurten, 530 euskal gaztek beren trebakuntza praktikoa nazioartean osatzea lortu da Global Training programaren eta nazioartekotze-beken bidez. 

Nazioartekotze Batzordea 

Nazioartekotze Batzordea 2010eko abenduan eratu zen, eta Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo sailburu Bernabé Unda du mahaiburu. Bertako kide dira hamabost bat erakunde; besteak beste, Eusko Jaurlaritzako hainbat arlotako ordezkaritzak (Kanpo Ekintza, Ingurumena, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza eta Industriaren Sustapen eta Eraldaketarako Baltzua (SPRI), Arabako, Bilboko eta Gipuzkoako Merkataritza Ganberak, hiru aldundiak, Confebask, Kooperatiben Konfederazioa, Esportaziorako Kreditu Aseguruen Espainiako Konpainia (CESCE), Kanpo-merkataritzaren Espainiako Institutua (ICEX), Energia, Etxetresna Elektriko, Makina-erreminta, IKT eta Automozio Klusterrak, Itsas Foroa, BEC, LAB, UGT eta CCOO.

Batzordearen eginkizunak honako hauek dira:

  • Nazioartekotzea sustatzeko esparruan diharduten administrazioen eta erakundeen topagune izatea.
  • Kide diren erakundeek nazioartekotzearen esparruan abiarazitako ekintzak koordinatzea.
  • Haien artean gauza daitezkeen lankidetzarako jarraibideak zehaztea.
  • Aurkezten diren jarduteko ekimenak proposatzea eta eztabaidatzea.
  • Kide diren erakundeen ekintzak balioestea.
  • Sustapen ekonomikorako planak osatzeko eta abian jartzeko aholku ematea, nazioartekotzea sustatzeari dagokionez. 

Jardueren txostena

Foro horretan bertan, Eusko Jaurlaritzak 2012an nazioartekotze arloan gauzatutako ekintzen memoria aurkeztu du. Txosten horren arabera, herrialde bati edo esparru bati buruzko hemeretzi sentsibilizazio-jardunaldi egin dira, eta SPRI Taldea, euskal enpresa egiturari laguntzeko xedea duen Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailaren sozietate publikoen multzoa, arduratu da horietaz.

Halaber, Inbertsiogileen Foroaren bigarren edizioa egin da. Bertan, Euskadin kokatutako atzerriko kapitalaren parte-hartzea duten enpresetara hurbiltzeko prozesuari (Aftercare) jarraipena eman zaio. Foroan hamaika enpresatako zuzendari nagusiek parte hartu zuten.

Aurten, nazioartekotzerako euskal komunitatea sortu da, Basquedint 2.0 sare soziala, esparru horrekin zerikusia duten eragile guztiak harremanetan jartzen dituena.

Era berean, gauzatutako beste ekintzen artean, INTERGUNE 2012 Nazioartekotze Foroa eta euskal enpresen eta SPRIren nazioarteko sarearen arteko topaketak aipa daitezke.

Horrela, 2012ko urriaren 31ra arte, 445 proiektu aurkeztu dizkiote SPRIri euskal enpresek. Esaterako, 2011ko urriaren 31ra arte gauzatutako proiektuak 356 izan ziren. Ondorioz, iaz baino % 25 gehiago aurkeztu dira.

Proiektu horiez gain, urriaren 31ra arte SPRIk 1.474 kontsulta artatu edo kasuan kasuko zerbitzu eskaini ditu nazioartekotzearen esparruan. 

Ezartzeko laguntzak

Gure enpresek beste merkatu batzuetan duten presentzia areagotzeko eta presentzia hori atzerriko lehiakideen antzeko baldintzetan izateko beharra dela-eta, euskal enpresei lehentasunezko finantzazio-mekanismoak eskaintzea komeni da, enpresa horiek atzerriko merkatuetan ekoizpen-ezarpenak egin ditzaten.

Horren harira, Kanpo Ezarpenetarako Gauzatu programaren helburua euskal enpresen nazioarteko lehiakortasuna hobetzea da, eta haien EB-15etik kanpoko ekoizpen-ezarpenei laguntzea. Orain arte, hamasei eskaera izapidetu dira programa horren bidez. Aurkeztutako proiektuak Errusian (2 ezarpen), Mexikon (3), Errumanian (2), Txinan (2), Kroazian, Polonian, Txilen, Uruguain, Brasilen, Ameriketako Estatu Batuetan eta Angolan, ezarpen bana azken horietan, kokatuko dira.

Aurkeztutako proiektuetatik zortzi ekoizpenerako ezarpen onartu eta onetsi dira EB-15etik kanpora. Horietarako 10 milioi euroko inbertsioa egin da kanpoan eta 2,5 milioiko balioa duten aurrerakin itzulgarriak bideratu dira. 

Azkenik, Invest in the Basque Country ekimenaren harira egindako ekintzei dagokienez, 2012ko urtarriletik urrirako tartean, 35 proiektu kudeatu dira. Horietako 33 kudeatze-prozesuan daude, eta dagoeneko MobileFun mugikorren osagarriak ekoizten dituen enpresa ingelesaren proiektua zehaztu da; hiru langileko ordezkaritza-bulegoa irekiko du Bilbon. Honako sektore hauetako proiektuak dira: Biobotikagintza (2), IKT (10), Energia (6), Automozioa (4), Ingeniaritza (1), Kimikoa (2), Hezkuntza-Ostalaritza (1), Ingurumena (1), Aeronautikoa (2), Industria-produktuak (2), Altzarigintza (1) eta Nekazaritzako Elikagaiak (3). Honakoa da horien jatorria: Eslovenia (1), Mexiko (1), Ukraina (1), Erresuma Batua (4), Norvegia (2), AEB (5), Alemania (4), Israel (1), Txina (2), India (2), Australia (1), Irlanda (1), Kanada (1), Japonia (1), Polonia (1), Frantzia (1), Italia (1) eta zehaztu gabeko (5).

 

Vitoria/Gasteiz, 2012ko abenduaren 4a

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)
  • Bernabé Unda
    Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoko sailburua (IX legealdia)