Berriak Kultura
Eu

Euskara Tituluen eta Ziurtagirien Erregistro Bateratua (ETZEB)

2012.eko abenduak 03

Tituluen Erregistro Bateratu ofizial berria abian jarri du Eusko Jaurlaritzak

Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren ekimenez euskara-ziurtagirien erregistro ofizial berria sortu da. Horrenbestez, herritar orok zer titulu duen jakin nahi izanez gero, norberaren datuak kontsultatzeko, erregistro bateratu horretara jo dezake (www.euskadi.net)

Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren helburu nagusietako bat herritarren zerbitzura lan egitea izan da eta horretan jarraitzen du gaur egun ere. Ildo horretatik, beste zerbitzu bat jarri du gaurtik aurrera herritarren eskura: tituluen erregistro bateratua, hain zuzen.

Joan den ostiralean, azaroak 30, argitaratu zen Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian 222/2012 DEKRETUA, urriaren 16koa, Euskara Tituluen eta Ziurtagirien Erregistro Bateratua (ETZEB) sortu eta arautzekoa.

Erregistro hori euskara-ziurtagirien erregistro ofizial berria da, EAEn euskararen ezagutza egiaztatzeko tituluak eta ziurtagiriak ematen dituzten erakundeek, bakoitzak bere eginkizunen alorrean, kudeatzen dituzten erregistro horiek guztiak bakar batean jaso eta kontsultatu ahal izateko. 

Aplikazio informatiko bat sortu da erregistro bateratuko informazioa kudeatu ahal izateko. Horrela, gune birtual propioa eraiki da Hizkuntzen Europako Erreferentzia Markoaren arabera baliokidetu diren euskara-ziurtagirien gaineko informazioa batzeko. 

Erregistroa kudeatzeko aplikaziora Internet bidez sartu ahalko dira gaurtik aurrera interesa duten herritar eta erakundeak ere. Bestalde, Herri Administrazioetan Hizkuntza Normalizatzeko zuzendaritzak intranet bidez erabiliko du aplikazioa erregistroaren kudeaketa egiteko.

Erregistro bateratua zerbitzu publiko gisa eratu da, hau da, interesdunen eskura egongo da Internet bidez (www.euskadi.net).

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan