Berriak Enplegu eta Gizarte Gaiak
Eu

Boluntariotzaren XV. Biltzarrean ondorioztatu dute guztiontzako onura norbanakoarentzako onuraren gainetik dagoela

2012.eko azaroak 30

Atzo amaitu zen Barakaldoko BECen eginiko Boluntariotzaren Estatuko XV. Biltzarra. Bertan ondorioztatutakoaren arabera, nortasun kolektiboa printzipio demokratikoetan eta printzipioon balioetan sustraitutako boluntariotza sendo baten bidez lortuko da. «Boluntariotza horrek honako premisa du abiapuntu: guztiontzako onura norbanakoarentzako onuraren gainetik dago, eta gizaki guztioi dagokigu hura zaintzea eta defendatzea». Hala adierazi zuen Imanol Zuberok, biltzarreko kontalariak, hiru egun hauen osteko ondorioak azaltzeko garaian. Topaketa, hitzaldi, elkarrizketa, ponentzia eta interakzio ugari izan da egunotan esandako biltzarrean, parte hartu duten erakunde, kolektibo eta gainerakoen artean.


Hori horrela izanik, hauexek izan dira kolektibo heterogeneo honetarako Zuberok azaldutako ondorio nagusiak:

- Bat egiteko eta aliantzak sortzeko beharra, eta jardunean talde gisa eratzea eta elkar ezagutzea, talde izateak ematen duen indarraz jabetuta.

- Boluntarioek kausa batekin bat egitea bilatzen dute.

- Guztion onura lortu nahi duen eta elkarren arteko harremanak dituen gizartea bultzatzeko beharra, baita komunitatea eraikitzekoa ere, horretarako politikez eta ikuspegi egokiaz baliatuta, eta komunitateko kide garen pertsona gisa jardunda.

«Herritar aktiboen markoan taxututako boluntariotza proposatzen dugu, partaidetza sustatzen duen komunitatearen dimentsioa garatzea; kontzientziak lotzen, elkartzen eta, ondorioz, mugiarazten dituen boluntariotza, borondateak eta biderkatzeko baldintzak sorrarazten dituena; guztia ere, giza gaitasunak modu solidarioan hedatuta, itxaropena eta baikortasuna transmitituta», azaldu zuen Zuberok.
Atzoko jardunaldiko hitzaldiek eta mahai-inguruek, besteak beste, gai hauek jorratu zituzten: borondatezko jarduna eta komunitate-ehundura, eta zahartze aktiboa eta borondatezko jarduna.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan