Berriak Kultura
Eu

Irakurketa sustatzeko Euskal Planak abian jarri ditu bederatzi proiektu, irakurleen praktiketan eta jokabideetan sakontzekoak

2012.eko azaroak 30

Zenbait ekimen -irakurketa kanpainak enpresetan, liburutegi zerbitzuak osasun zentroetan, txartel bakarra edo irakurketa eta hizketaldi klubei laguntzeko zerbitzu bat, besteak beste-, abian jarri dira dagoeneko

Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuak, Blanca Urgellek, gaur goizean azaldu egin du Euskadiko Irakurketa Planaren esparruan zein proiektu jarri diren abian apirilean Plan hori Legebiltzarrean aurkeztu zenetik. Ondoko ekimenak abian jarri dira dagoeneko: XXI. menderako liburutegi zerbitzuei buruzko azterketa, Irakurketa Publikoko Mapa eguneratzeko erreminta elektronikoa, enpresetarako irakurketa kanpainak, aholkularitzako web orria, liburutegi zerbitzuak osasun zentroetan, udal funtsak digitalizatzea, txartel bakarra edo irakurketa eta literatura hizketaldietako klubei laguntzeko zerbitzua.

Plana 23 proiekturen arabera egituratu da; proiektu horiek praktikaren alorretik lau helburu nagusiri erantzun nahi diete:  euskal herritarren irakurketa eta idazketa gaitasuna hobetzea; irakurketa indizeak hobetzea; irakurketara heltzeko aukerak hobetzea, eta irakurketa gizartearen hezkuntza eta kultura lehentasunen artean kokatzea.  Urgellek onartu egin du "denboraren eta aurrekontuaren muga dela-eta, erabaki dutela lehentasun ematea zenbait ekimeni, Jaurlaritzak funtzio bultzatzailea edo eta koordinatzailea izan dezakeen horiei alegia". "Abiapuntua ona denez eta batzuek egindako lanari esker (Liburutegien sarea edo irakurketa sustatzeko lan egiten duen Galtzagorri Elkartea, besteak beste) emaitza onak lortu dira",  gaineratu du.

Halaber, sailburuak gogoratu egin du "abian jarritako proiektu guztiak irakurketaren ingurukoak direla, betiere irakurketa, informazio gizartean aritzeko funtsezko erreminta gisa eta adimena lantzeko, adimen hori berrikuntza bihurtzeko eta berrikuntza hori aberastasuna eta aurrerapena lortzeko tresna moduan ulertuta.  Irakurketa, XXI. mendeko Euskadin lana eta aberastasuna sortzeko bitartekorik onena dugu".

Premisa horietatik abiatuta, Blanca Urgellek ondokoa azaldu egin du: "plan hau berritzaile den heinean, proiektu pilotu berritzaileekin egin dugu lan, beti kontuan izanik irakurlea dela funtsezko nukleoa. Irakurlearen praktiken eta jokabideen azterketan sakondu behar dugu, horren arabera haien beharrei benetan erantzuteko irizpideak izango baititugu eta eraginkorra izan nahi duen plana egingo baitugu".

 

Abian jarritako proiektuak

  • XXI. mendeko liburutegi zerbitzuei buruzko azterketa, 30 aditu eta 2.000 inkesta (liburutegietako erabiltzaileei eta erabiltzaile ez direnei egindakoak) oinarria izan dira sare publikoak gain hartu beharko dituen zerbitzuen proposamena egiteko.
  • Irakurketa Publikoko Mapa eguneratzeko eta hobetzeko erreminta elektronikoa burutzea.
  • Irakurketa kanpainak enpresetan. Euskal enpresetan irakurketa sustatzeko esparrua definitzea, parte-hartzen dituzten gaitasun motak zehaztea (bereziki aktibo diren zenbaitzuen zerrenda egin da) eta proiektu pilotu bat abian jartzea (oraindik garatu gabe dago).
  • Aholkularitzako web gune bart sortzea; gune horretan ondokoak aurki daitezke: dokumentazioa, proiektuak eta garapena; irakurketarekin lotura duten berriak; irakurketa, praktika onen eta ereduen gidak; atxikitzeak, intereseko loturak, harremana edo jardueren agenda (Kulturklik-ekin lotuta).
  • Liburutegi zerbitzuak osasun zentroetan.
  • Argitalpenak: Irakurketa gidak.
  • Udal liburutegi publikoetako funtsak digitalizatzea, euskal liburutegi digital Liburuklik-ekin koordinatuta.
  • Txartel bakarra EAEko liburutegi publikoetarako.
  • Irakurketa eta literatura hizketaldi dialogikoen klubei laguntzeko zerbitzu bat sortzea.

 

Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak irakurketa sustatzeko Plana burutu zuen ondoko helburuarekin: irakurketa gizarteko hezkuntza eta kultur lehentasunetako bat eta garapenaren motorra bihurtzea. Germán Sánchez Ruipérez Fundazioaren aholkularitza izan du Sailak dokumentua egiteko; dokumentu horretan, irakurketa XXI. mendean Euskadin lana eta aberastasuna sortzeko bitartekorik onena dela adierazteaz gain, adimenari probetxu ateratzeko ezinbestekotzat jo dute, eta adimena lehengaia dugu informazioaren gizartean.

Edozein hizkuntzarako balio du, aldaketa handien garaian sortu da, liburua digitalean sartu izanak sortutako aldaketen garaian alegia. Gainera, irakurketa aisia-jarduera soilik dela dioen ideia alde batera utzi nahi du, ikasteko tresna ere baita.  Laburbilduz, hizkuntza anitzen eta modu anitzen plan multimedia da, eta oso funtzio garrantzitsu emango dio euskal herritar bakoitzari irakurtzeko ekintzaren edukia definitzeko orduan.

Madrilen ostean, Euskal Autonomia Erkidegoak irakurketa indize handienak ditu, eta Europar Batasuneko batez bestekotik gora dago.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)