Berriak Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoa
Eu

Portugaletek turismo-informazioa emateko lehenengo ‘totem’ teknologikoa izango du gaurtik aurrera

2012.eko azaroak 30

Turismo-informazioa emateko teknologia-puntu berria aurkeztu dute gaur goizean. Informazio-puntua Portugaleteko turismo-bulegoan dago, eta Mikel Torres herriko alkateak eta Isabel Muela Eusko Jaurlaritzako turismo-zuzendariak aurkeztu dute. Hauxe da Turismo Bulegoen Euskal Sarean (Itourbask) instalatzen den lehen totema, Bilboko aireportuko turismo-bulegoan irekitako lan-ildoari jarraiki.

Bilboko aireportuko turismo-informaziorako teknologia-puntua 2011ko abenduaren 30ean abiarazi zuten eta, ordutik aurtengo azarora arte, 142.000 orrialde baino gehiago bisitatu dituzte bertan; orrialde horiek aireportuan kontsultatu ditzakete erabiltzaileek, edota esteka bereganatu eta PCetan zein gailu mugikorretan ikusi (esteka QR kode bidez eskura baitaiteke aireportuko bulegoan bertan). Bestalde, informazio-puntua bisitatzen dutenek modu dinamikoan jarduten dute; hau da, orrialde batetik bestera aldatzen dira, ez dute bakarra ikusten. Izan ere, errebote-tasa % 8 da, eta horrek adierazten du bertara sartzen direnek kalitate handiko bisitak egiten dituztela.

Portugaleten jarri duten totema tankera horretako ezaugarriak dituen lehenengoa da Euskadin. Totemaren xedeetako bat turistak lurraldearekin harremanetan jartzea izango da, irudiaren alorreko teknologia berriak erabilita. Instalazioak, hain zuzen, Euskal Autonomia Erkidegoari eta bertako eskaintza guztiari buruzko informazioa ematen du.

Eusko Jaurlaritzak, azken lau urteetan, lan-prozesuetan sistema berritzaileagoa ezarri nahi izan du bulegoen sarean, teknologia berriak ezarrita. Prozedura berri horiek eraginkortasun handiagoa ematen dute, baita baliabideak zaluago eskuratzeko aukera ere. Portugaleteko turismo-bulegoa Itourbasken bulego-sarean sartu da aurtengo urtarrilean eta, ordutik, 23.119 bisita izan ditu; orain, lanabes berri honekin, Portugaleteko turismo-bulegoa izango da baliabide teknologikoek bisitariei arreta emateko nola funtzionatzen duten probatuko duen lehenengoa.

'Totemari' buruzko informazioa

Totemak pantaila bi ditu. Bata handia da, okertu egiten da eta modu dinamikoan eraldatuz doazen paisaien irudi ikusgarriak erakusten ditu (lehenengo, mahasti zabal batzuk; gero, margotutako arbolak dituen basoa; apur bat geroago, olatuak lehertu egiten dira surflari batek hartzen dituen bitartean). Bestea, behealdekoa, ukimen-pantaila da, bost hizkuntzatan konfiguratuta dago eta Euskadiko turismo-orrialdeetan nabigatzeko aukera ematen du, bisitariari hainbat plan egiteko alternatiba berriak eskainiz.

Faro erakargarri bat

Irudiak igorritako argiz osatuta daude, ez proiektatutako argiz. Hala, instalazioa aise ikusten da giroko argia edozein dela ere: egunik eguzkitsuenean ere, ikusi egin behar da. Instalazioak, hain potentea izanik, informazio-totema argi egiten duen faro bihurtzen du.

Totema lehenengo aldiz ikusterakoan bisitariak txundituta uztea da gakoa; informazioa gero etorriko da. Asmoa zera da: totemaren parean jartzen denari, gerturatzeko keinu argi eta, aldi berean, leuna egitea eta, horretarako, edertasun eta kalitate handiko irudiak eskaintzea pertsona horri.

Pantaila igota egoteko arrazoiak bi dira: batetik, ikusleei zirrara handiagoa sorraraztea, eta, bestetik, erabiltzaile batzuek behealdeko kontsultarako ukimen-pantaila erabili ahal izatea beste batzuek goialdeko pantailako informazio-edukiak ikusten dituzten bitartean, elkarri traba egin gabe.

Asmoa, finean, bizipen positibo bat izateko aukera transmititzea da: bisitariari, une horretatik aurrera aurki dezakeen guztiaren berri ematea.

Pantaila handia da, azken belaunaldiko bereizmen handikoa, eta bideoak zein argazkiak ikus daitezke bertan berariazko aplikazio bat erabilita. Pantailak, bestalde, turismoaren alorreko gertaeren karteldegi digitala egitea ahalbidetzen du. Era berean, Euskadiko turismoari buruzko telebista-katea emateko aukera ere badu, hala konfiguratuz gero.

Jarraitutasuna grafismoaren bidez

Eusko Jaurlaritzako Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak lagatako ikus-entzunezko edukiez elikatzen da instalazioa. Eduki horien egitura saileko marketin-planean lehentasuna duten produktuen estrategian oinarritzen da, eta produktu horiexetan jartzen du arreta:

City Breaks

Bilerak

Touringa

Gastronomia eta ardoak

Landa-turismoa

Natura- eta abentura-turismoa

Kultur turismoa eta gertaerak

Produkzio horiek guztiek nolabaiteko batasuna dute, gero postprodukzioan nabarmendu dutena. Horretarako, edukiok integratzen joateko inguru grafikoa diseinatu dute.

Audioa bigarren planoan agertzeko elementu bezala dago aurreikusita, bulegoaren ohiko funtzionamendua eragotz ez dezan. Hala, eduki bakoitzarekin lotutako informazio zehatza gainjarritako grafismoan nabarmenduta agertuko da beti.

Mugimendua

Totemak ikusleei deigarri gertatuko zaizkien trikimailu bisualak sortzeko aukera ematen du, bereziki sekuentzia batetik bestera igarotzean.

Logoak eta markak

Kanpora proiektatzeko den eduki korporatibo guztia pantailaren bidez emango dute, ez da euskarri fisikorik behar izango. Logoak eta markak edukien kudeatzailean integratuta daude, eta kudeatzaileak pantailara zuzentzen ditu. Hartara, bermatuko dugu ez dela beharrezkoa biniloak, errotulazioak edota banderolak aldatzea edukiok eguneratzeko, eta, ondorioz, informazio-puntua dinamikoago eta eraginkorrago egingo dugu.

Interaktiboak

Egiturak, formatu handiko bideo-pantailaren azpian, beste terminal bati eusten dio. Terminal horrek eduki jakin batzuetara sartzeko aukera emango dio bisitariari, ukimen-pantaila baten bidez. Instalazioan bildutako informazioa Portugaleteko turismo-bulegoa dagoen tokira egokituta diseinatu dute. Terminala, bestalde, noiznahi egongo da erabilgarri, bulegoko ordutegian betiere. Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak ezarritako marketin-planaren edukietan oinarritutako zenbait bizipen proposatuko dizkie bisitariei pantailak.

Hain zuzen, honako hauetarako sarbidea emango du: Euskadiko Turismoko Atari ofiziala, TvEuskadi, EuskadiGozaEzazu webgunearen landing pagea eta Bizkaia Zubiaren informazio ataria.

Gasteiz, 2012ko azaroak 30

 

 

 

 

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)
Beste gonbidatu batzuk
  • Mikel Torres