Berriak Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioak
Eu

Eusko Jaurlaritzak Renfek Gipuzkoan duen aldirietako linea hobetzeko azterlana aginduko du denbora gutxi barru, Donostialdeko Metroaren 2.linea bilakatu ahal izateko

2010.eko martxoak 02

 Ernesto Gascok, Eusko Jaurlaritzako Garraio Sailburuordeak, adierazi du gaur Donostian, denbora gutxi barru Eusko Jaurlaritzak, Legazpia-Donostia ibilbidea egiten duen Renferen aldirietako linea hobetzeko azterlana aginduko duela, etorkizunean Donostialdeko metroaren 2. linea bilakatu ahal izateko.                                                              

Gascok azaldu du gaur egun linea horrek duen egoerak geltokiei, trenbide bikoizketei eta, hala bada, lur azpian sartu beharreko zatiei dagokien azterlan zehatza eskatzen duela, Donostialdean egongo den metroaren adar bilakatzeko. Azterlan horren azken emaitza Renferekin batera aztertuko da. Renfek jaso du jada ekimen horren inguruko informazioa Garraio Saileko arduradunen aldetik.

Iragarki hori, Donostiako Miramar Jauregian burutu diren "Donostialdeko Metroa Martxan" Jardunaldien amaiera ekitaldian egin du Sailburuak. Jardunaldietan, eraikuntza enpresetako, ingeniaritzetako, tren materiala egiten duten enpresetako, aholkularitzetako eta irakaskuntza eta erakunde alorretako ehun profesional baino gehiagok eta Italiatik, Alemaniatik edo Estatu Batuetatik etorritako hizlariek hartu dute parte.                                                                                                                                                                                                                                                                                                                        

Gascok adierazi du, baita ere, Garraio Sailak Donostialdeko Trenbide Sektoreko Lurralde Plana burutuko duela. Plan horrek lege estaldura emango dio Donostialdean egingo den metroari, eta 2010eko irailean onetsiko da.

Beste alde batetik, denbora gutxi barru Euskal-Nafar Arkitektoen Elkargo Ofizialarekin hitzarmena sinatuko dutela esan du, elkarren artean, Donostialdeko sarbideak definituko dituzten proiektuen nazio eta nazioarte mailako aukeraketa irekia egin ahal izateko.                                                                                                                                                                           

"Kalitate estetikoa eman behar zaie proiektuei, proiektu horietan identifikaturik eta proiektuez harro egon gaitezen", esan du Gascok. Adibide gisa, Norman Foster arkitekto britainiar ospetsuak Bilboko Metrorako diseinatu dituen "fosteritoak" aipatu ditu.                                                                                                        

Eusko Jaurlaritzako Garraio Sailburuordearen iritziz, kontua "Donostiak hiri gisa duen berezitasunarekin bat etorriko den prozesua irekitzea da". Horrela, Gascok azaldu du metroaren eraikuntzak aukera emango duela Carlos I. Etorbidetik Gipuzkoako hiriburura dauden sarbideak kentzeko; eta, horrez gain, Amara eta Anoeta artean trenbidea lur azpian sartzearen ondorioz, Errondo inguruan milaka metro karratu berreskuratuko direla hiritarrentzat.                                                                                                                   

"Baina, horrez gain, Errenteria erdigunea ere berreskuratuko dugu, kotxetegiak bertatik kendu eta geltoki berria eraikiko dugulako, eta baita Pasai Antxo erdialdea ere, gaur egun bertan dagoen geltokia ordezkatuko duen geltoki berria eraikiz; edo Donostiako Easo plaza, edo Loiola auzoa...; eta Irun eraldatu egingo dugu, geltoki intermodalari esker. Gainera, metroak Hondarribira eta aireportura eta Ibaetako unibertsitate gunera heltzeko aukera ere emango digu", azpimarratu du Gascok. Sailburuaren iritziz, proiektuaren ardatz nagusietakoa Loiolako trukagunea (Renfe-EuskoTren) izango da. Gipuzkoarako diseinatu den tren egitura berriak lurralde historiko  horretako biztanleen %80ari emango dio zerbitzua.

Gascok Bilboko metroa eta Bizkaiko Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak sinatu duten erakundeen arteko akordioa aipatu ditu jarraitu beharreko eredu gisa, izan ere, akordio horri esker metroaren 2 linea eraiki dira eta 3. lineako lanak hasi dira: etorkizunean 4. eta 5. lineak ere egin ahal izango dira. "Donostialdeko metroa jada martxan dagoen eta geratuko ez den prozesua da", adierazi du.

"Donostialdeko Metroa Martxan" Jardunaldien bigarren eta azken saioko lehen hizlaria Pedro Puig Pey izan da ETT ingeniaritza enpresako Kontseilari Eskuordetua. Enpresa hori, beste gai askoren artean, metroak Donostian izango duen sarrera zehaztuko duen informazio azterlanaren idazketaz arduratuko da.

Puig Peyren iritziz, Donostialdeko metroak zenbait ezaugarri bete behar ditu: "5-10 minutuz behingo maiztasunak izan beharko ditu bidariari gehieneko orduetan; sarbide azkarra eskaini beharko du Donostia erdialdera; erabat erabilerraza izan beharko da eta, batez ere, oso intermodaltasun egokia eskaini beharko du tren konpainiekin edo hiri barruko eta hiri arteko autobus sarearekin".

Esan du, baita ere, trazatua harkaitzean hondeatu beharko dela, zimendatzeetan eraginik izan ez dezan eta, halaber, bidaiari gehieneko guneetatik ez urruntzeko. Puig Peyk aurreratu du uda honetarako eskaini ahal izango dituztela une honetan idazten ari diren bideragarritasun azterlanaren emaitzak.

Marc Herkenrath-ek, Dusseldorf-eko (Alemania) garraio sistema eraikitzen eta kudeatzen duen aholkularitzako teknikariak esan du metro arina "biztanle dentsitate maila altuko guneetan lur azpiko zatiak eta biztanle gutxieneko tokietan tranbia egitura erakusten duen konbinazioa, oso emaitza onak ematen ari den soluzioa dela".

Bere iritziz, biztanle asko eta kale estuak dituzten guneetan soluziorik onena metroa da, eta hori dela eta, beraiek, oraindik ere Dusseldorf erdialdetik doan tranbiaren trazatuaren zati bat lur azpira sartzea erabaki dute, "zirkulazioaren kaosak eta tranbiari lehentasuna emateko orduan izan dugun ezintasunak horretara behartu gaituzte".

Azkenik, Baltimoreko (EEBB) metroko Michael S. Daviesek garraio horren burutzapen prozesuaren berri eman du, eta adierazi du lan horren arrakastaren parte handia, metroaren erabiltzaile izango direnentzat erabat doakoak diren eta 8.000 plaza dituzten aparkalekuak eraikitzea eta martxan jartzea izan dela. Izan ere, Baltimore erdialdean aparkatzea, hilean 110 dolar inguru kostatzen da. "Baltimore, New York eta Los Angeles ondoren, Estatu Batuetako hirugarren gunerik txarrena da mugikortasunari dagokionez; hori dela eta, aukerarik hoberena autoa aparkatzea eta metroa hartzea da", azaldu du.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Beste gonbidatu batzuk
  • Ernesto Gasco