Berriak Kultura
Eu

Iñaki Uribek, HABEko zuzendari nagusiak, hiru hitzarmen sinatu ditu Murtziako, Valentzia eta Quart de Poblet-eko (Valentzia) Euskal Etxeetako ordezkariekin

2012.eko azaroak 29

Iñaki Uribek, HABEko zuzendari nagusiak, hiru hitzarmen sinatu ditu Murtziako, Valentzia eta Quart de Poblet-eko (Valentzia) Euskal Etxeetako ordezkariekin, Valentzian eta Murtzian euskara ikasi nahi duten ikasleei beharrezko baliabideak eskura jartzeko helburuarekin sinatu dira hitzarmenok.

Iñaki Uribek eta Kinku Zinkunegik, programaren teknikari arduradunak, Murtzia eta Valentziako Euskal Etxeak bisitatu dituzte Euskara Munduan programaren jarraipena egiteko eta azaroaren 27an Murtziako Euskal Etxean, 28an Quart de Poblet-eko Euskaltzaleok-en eta 29an Valentziako Centro Vasco Navarron izan dituzte jarraipen bilerak.

Murtzian, Iñaki Uribe eta Unai Sánchez-ek, bertako Euskal Etxeko lehendakariak, sinatu dute hitzarmena.

Quart de Poblet-en German Eiguren, Euskaltzaleok-eko lehendakariarekin sinatu du hitzarmena azaroaren 28an eta 29an Juan Jose Dorronsoro, Valentziako Centro Vasco Navarro-ko lehendakari berriarekin.

Sinatu berri dituzten hitzarmenen helburua da ikasturte honetarako aipatu Euskal Etxeen egitasmoak burutzeko oinarriak finkatzea. Irakasle-taldearen heziketa dela-eta, HABEk eta tokian tokiko Euskal Etxeek trebakuntza-plana adostuko dute, eta berau bideratzearen ardura HABEk hartuko du bere gain. Era berean, HABEren ardura izango da irakasle-taldea eguneroko lan-jarduna bideratzeko beharrezkoa duen oinarrizko materialez hornitzea. Auto-ikaskuntzari dagokionez, HABEk, Euskal Etxeen beharrak aztertu ondoren, zerbitzu hori behar bezala eskaini ahal izateko baliabideak eskainiko dizkie zentroei. Jasotako diru-laguntzaren truke, Murtzia, Valentzia eta Quart de Poblet-eko Euskal Etxeek euskara-eskolak eskainiko dituzte, bai aurrez aurre bai auto-ikaskuntza bidez ere.

 

Pozik agertu zen Murtziako ordezkari den Unai Sánchez, HABEk emandako laguntzaren bidez posible izango baita beste ikasturte batez Euskal Etxean euskara irakastea eta 360 eskola ordu ematea aurreikusten da. Quart de Poblet-eko Euskaltzaleok-eko ordezkaria den German Eiguren eta Valentziako Centro Vasco Navarro-ko J. Jose Dorronsororekin itxi zituen hitzarmenak Uribe jaunak. Eiguren eta Dorronsorok ere hitz onak besterik ez zituzten izan HABErentzat, jasoko duten diru-kopurua laguntza handia baita eurentzat eta 324 eta 210 eskola ordu ematea aurreikusten dute, hurrenez hurren.


Euskara Munduan
Euskararen irakaskuntza eta ikaskuntza nazioartean bultzatzeko helburuarekin Hizkuntza Politikarako Sailburuordetza eta HABE elkarrekin aurrera eramaten ari diren Euskara Munduan programaren barnean txertatzen dira hitzarmenok. Programa honen helburu nagusia da atzerriko euskara eragileei, bereziki Euskal Etxeen inguruan antolatuta daudenei, euskararen irakaskuntza eta ikaskuntza prozesuetara bideratuta dauden jardueretan laguntzea. Horretarako, irakasleak trebatzeko programak haien eskura jartzen ditu HABEk. Ikasmaterial berezituak sortzen ditu, bai eskoletarako, baina baita online ikasteko ere. Eta jarduera diruz laguntzen du.
HABEko zuzendariak azaldu zuenez, guztira 230.000 euro bideratuko ditu HABEk nazioartean emango diren euskara-eskolak diruz laguntzeko. Uriberen esanetan, gainera, ez da ahaztu behar azken urteotan mundu zabalean handitu egin dela euskararenganako jakin-mina. Horren ildora, gero eta gehiago dira euskara eta euskal gaiak lantzeko interesa erakutsi duten unibertsitateak eta ikastegiak: "Momentu honetan bertan 23 herrialdetako 75 Euskal Etxetan 2.000 helduk eta 1.000 haurrek baino gehiagok ikasten duten euskara. Horrez gain, munduko hainbat unibertsitatetan ere ikas daiteke euskara Etxepareren Lektorego programari esker.".

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)