Berriak
Eu

Datorren larunbatean lehendakariak goraipamen handi hau emango die lehenengo lehendakariaren familiakoei

2010.eko martxoak 02

Jaurlaritzaren Kontseiluak gaurko bileran erabaki du Gernikako Arbolaren Gurutzea ematea Jose Antonio de Aguirre lehenengo lehendakariari. Jaurlaritzak ematen dituen goraipamenen arteko handiena da eta lehenengo Eusko Jaurlaritzaren ordezkari eman zaio Jose Antonio de Aguirreri Euskadiren onerako egindako ekarpenarengatik eta lanarengatik.(www.lehendakariagirre.eu)

Patxi Lopez lehendakariak proposatuta erabaki da goraipamen hori ematea eta horren bitartez lehenengo Eusko Jaurlaritzak Jose Antonio de Aguirre buru zuela 1936eko urritik 1960ko martxora bitartean Euskadiren alde egin zuen lana eskertu nahi izan da.

Patxi López lehendakaria izango da domina eta titulua Jose Antonio de Aguirreren seme-alaba eta familiakoei emango diena, datorren larunbatean, martxoak 6, Lehendakaritzako atarian izango den ekitaldian.

Ekitaldian Eusko Jaurlaritza hori osatu zuten sailburuen familia artekoak ere izango dira eta sailburu horiek Jaurlaritzako kide izan direla akreditatzen duen diploma bana jasoko dituzte.

Gernikako Arbolaren Gurutzea Eusko Jaurlaritzak ematen duen goraipamenik handiena da, eta 1983ko maiatzean Dekretuz sortu zen, euskaldunak edo euskal jatorria duten pertsonak eta pertsona horiek Euskadiren alde egindako lanak saritzeko asmoz, Euskadiren identitatearen alde eta izaera berrezartzeko eta orokorrean giza alorrean, ekonomia eta kultura alorrean egindako lan berezi eta sona handikoarengatik.

Saria sortu zenetik, honako hauek izan dira sari hori jaso dutenak: Miguel Hernándezek, Caracas Distrito Federaleko Gobernadoreak (1983an); Jesús María de Leizaolak, lehendakari ohiak(1986an); Manuel Lekuonak (hil ondoren), Euskaltzaindiako presidenteak (1987an); José Miguel de Barandiaranek, Eusko Ikaskuntzako presidenteak (1987an); Rafael Calderak, Venezuelako presidente ohiak (1995ean); eta Ramón Rubialek, Euskadiko Kontseilu Orokorreko lehendakari ohiak (1998an).

Tratu txarrak pairatu dituzten emakumeentzako laguntzak

Beste alde batetik, Gobernu Kontseiluak Rodolfo Ares Barne Sailburuaren agindu bat onartu du; beraren bitartez, genero-indarkeria pairatu duten emakumeek eskura ditzaketen laguntzak ezartzen dira, erasotzailearengandik independizatzen eta gizartean integratzen laguntzea xedetzat hartuta. Jaurlaritzaren eledun Idoia Mendiak azaldu duenez, laguntza horiek langabezia-sorospenagatik 6 hilabetez kobratzen den zenbatekoaren adinakoak dira, eta Genero-indarkeriaren kontrako Babes Integraleko Neurrien Legearen baitan sartzen dira.

Eusko Jaurlaritzaren eledun Idoia Mendiak Jaurlaritzak hartutako erabakien berri eman du asteko Gobernu Kontseiluaren ostean egin ohi den prentsaurrekoan. Kontseiluaren bileran, besteak beste, Gernikako Arbolaren gurutzea Jose Antonio Agirreri ematea erabaki da.

 

Genero indarkeriaren biktima diren emakumeei diru-laguntzak emateko Herrizaingo Sailburuaren Agindua onartu du gaur Eusko Jaurlaritzak. Laguntza programa hau Genero Indarkeriaren Kontrako Babes Osoko Neurrien Legearen baitan jasota dago eta bere helburua da diru-sarrerarik ez dituzten biktimei gutxieneko baliabide batzuk ematea, erasotzaileengandik independizatzeko eta euren gizarteratzea errazteko.

Biktima hauek laguntzeko erabiltzen diren tresnen artean, Genero Indarkeriaren Kontrako Babes Osoko Neurrien Legeak aurreikusten dituen gizarte laguntzak daude. Laguntza horien helburua da bizitzeko beharrezko baliabide ekonomikorik ez dituzten biktimeei gutxieneko diru-sarrerak ematea, lanpostu bat lortzen duten bitartean erasotzailerengandik independizatu ahal izateko. Hala, laguntzak biktimaren ezaugarriak direla-eta (adina, oinarrizko prestakuntzaren edo prestakuntza espezializatuaren falta eta baldintza sozialak) lana lortzeko edo lan-munduan sartzeko enplegu-programetan parte hartzeko zailtasun handiak dituzten kasuei zuzenduta daude bereziki.

Biktimaren gizarteratzea lortzea da, beraz, gaur onartutako Aginduan jasotako laguntzen xede zuzena.

Diru-laguntzak udaletako oinarrizko gizarte zerbitzuen bidez, Genero Indarkeriaren Biktimei Laguntzeko Zuzendaritzan edo Zuzenean zerbitzuan eskatu ahal izango dira.

Aholkularitza-kontseilua

Bihar, asteazkena, Patxi López Lehendakariaren gai ekonomikoei buruzko aholkularitza-kontseilua bilduko da aurreneko aldiz -kontseiluak 25 partaide ditu-. Jaurlaritzaren eledun Idoia Mendiak azaldu duenez, kontseilu horrek filosofia jakin batez sortu da, alegia, "Lehendakariarentzako aholkularitza-organo egonkorra izatea, gai ekonomikoen alorrean". Kontseilua hiru hiletik behin bilduko da, bilera arruntetan. "Azterketa hau funtsezkoa izango da garapen ekonomiko eta iraunkorrarentzat, eta baita Euskadiko gizarte-aurrerabidearentzat ere", nabarmendu du Mendiak. Horrez gain, esan du datorren larunbateko ekitaldira "ospe eta eragimen handiko pertsonak etorriko direla, bai profesionalak eta bai enpresaren eta irakaskuntzaren eremukoak".

Mendiak azpimarratu duenez, "pertsona horiek beren ezagutza, esperientzia eta irizpidea eskainiko dituzte euskal ekonomiaren bilakaera ebaluatzeko, esplikatzeko eta gainbegiratzeko, epe ertain eta laburrera; horrekin batera, egokitzat jotzen dituzten jardute-neurriak eta erreformak ere proposatuko dituzte".

 

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Beste gonbidatu batzuk
  • Idoia Mendia, bozeramailea